Kiroldegiko tasan nabarituko da igoera handiena

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko urr. 22a, 17:46

Datorren urteko udal zergak onartu zituen atzo udalbatzak; %2,5eko igoera izango dute orokorrean, kiroldegikoa handiagoa izango bada ere. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zituzten. EAJ-ren proposamena izoztea izan zen eta aurka bozkatu zuen bozketan.

Hurrengo urteko udal zergen ordenantzak onartzeko ez ohiko osoko bilkura egin zuten atzo zinegotziek. Puntu bakarra zuten gai zerrendan, eta luze aritu ziren. EH Bilduren proposamena izan zen igoera orokorra %2,5 izatea, salbuespenak salbuespen, "Oñati martxan dabilen herria izatea gura" dutelako. EAJrena berriz, izoztea, "herritarrei arnasa emateko momentua" dela iritzita. Udal Gobernuarendako, zergak izozteko proposamena "ez dela serioa" esan zuen EH Bilduko zinegotzi Xabier Igartuak.

Kiroldegikoaren kasuan, jadanik 4.000 bazkidetik gora daudela esan zuen Igartuak, eta gaineratu tasak "egokitu" eta denendako "eskuragarri" jartzea izan dela asmoa, lanak bukatuta. Ondoko beste herri batzuetakoa baino merkeagoa izango dela ere gaineratu zuen: Arrasatekoa %17 garestiago, Bergarakoa %32 eta Aretxabaletakoa %80. Seme-alaben adina 21 urtetik 22ra igo dute (25era igotzea zen jeltzaleen proposamena).

Bi bonu mota egongo dira, norbanakoa eta familiarra:

 

Egingo diren saioetako eta uda kanpainako ikastaroetako prezioak ere egokitu egin dituztela gaineratu zuen, "kirol teknikariak egoki ikusita".

Kiroldegiko tasak izango duen igoerarekin agertu da, bereziki, kezkatuta, EAJ. "%20ko igoera izango du, eta handia iruditzen zaigu", adierazi zuen bozeramaileak, Ainhoa Galdosek.

Hobariak

Hobariak ere egongo dira. Kiroldegiko kasuan, gainera, lehenengo aldiz, errentaren araberakoak izango dira.

Tokiko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan; landa garapenean (segregazio eta larreratze tasak), gazterian (egongo den ludotekan kurtso erdiko kuota eta udalekuetako zaintza tasa) eta energia berriztagarrietan egongo dira hobariak, kasuan kasu. Azken horretan, gainera, jeltzaleen proposamena kontutan hartuta jarri dituztela aipatu zuen Igartuak, geotermia, biomasan eta aerotermian, hain zuzen ere.

Ordenantza fiskaletan hainbat hobari sartu eta doikuntza egitea proposatu dute jeltzaleek ere hiru helburu nagusi gogoan: Covid 19ak erasandako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen arloa sustatzea; landa-eremuaren ekarpena eta lana babestu eta saritzea; eta jasangarritasuna bultzatuz klima-aldaketa saihestea.

Eztabaida

Alderdi bakoitzak bere proposamenaren alde eta bestearen aurka bozkatu zuen eta hortaz, EH Bildurena onartu zen, gehiengoz. Aurretik, baina, eztabaida sortu zen bi alderdien artean. EH Bilduk adierazi zuen "kezkatu" egiten duela EAJ-k "hainbat proposamen landu gabe egin izana, esaterako egindako proposamen batzuk, kontu hartzailearen oharpenaren ondoren baztertu beharrean" izan direlako "Foru arauak ez dituelako onartzen". Gezurretan ari direla ere aipatu zuten, "Udalak duen diru soberakina ez delako bost miloikoa prentsara bidalitako oharrean diozuen moduan, hirukoa baizik". Iazko likidazioarekin Udal Gobernuak zer egingo duen ez duela esan ere aipatzen dutela gaineratu zion EH Bilduk EAJ-ri, eta hori gezurra dela esan, "muska eskolaren eta Emakumeen Txokoaren berri eman" dutelako.

Jeltzaleek, baina, proiektu horien berri gero jakin zutela adierazi zuten, eta "ez modu egokian". "Askotan eskatu dugu likidazioarekin zer egin asmo duzuen. Aurrekontuetan abstenitu egin ginen likidazioarekin zer egin gurekin batera adostuko zenutela esan zenutelako. Eta ez da horrela izan. Martitzeneko ogasun batzordean jakin genuen bi proiektu horien berri, amaieran. Musika eskolarena, gainera, aurretik guk ere aipatutako proiektua zen eta ikusi genuen aurrekontuetan diru partida bat jaso zela horri ekiteko. Hauek ez dira formak", adierazi zuen Ainhoa Galdosek. Diru kontuari buruz, berriz, zalantzekin entzun zituzten Udal Gobernukoen azalpenak. Kontu hartzaileari ere eskatu zizkioten azalpenak eta hark adierazi zuen hiru milioikoa dela udalaren gerakina.

Bakoitza bere tokian

Zinegotzi bakoitza bere ohiko tokian eseri zen atzoko ez ohiko osoko bilkuran, pandemiatik lehen aldiz. 2020ko otsailean ere horrela eseri ziren baina 2020ko martxotik segurtasun neurriek ezarri duten distantziak mantenduta jarraitu eta egin dituzte osoko bilkurak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak