Lehen Hezkuntzakoko ikasleen %72 ari dira eskola kirolean, Oñatin

Mireia Bikuña 2021ko urr. 22a, 15:26

Inoiz baino babes handiagoarekin hasi du ikasturtea Oñatiko eskola kirolak. Pandemiak ez dio kalterik eragin eta osasuntsu dago. Lehen Hezkuntzako 600 ikaslek eman dute izena. Iaz baino, ia 100 gehiago.

Azken zikloko ikasleen gorakada dago horren barruan. Joan den urtean, egoeragatik instalazioen erabilpena mugatua zelako, egitasmotik kanpo gelditu ziren LH-6koak, eta aurten gogoz bueltatu dira asko. Guztira, Lehen Hezkuntzan ikasten ari diren ikasleen %72 ari dira eskola kirolean parte hartzen.

Joan den ikasturtea ez zen ohikoa izan, baina eskola kirolari eusten saiatu ziren, nahiz eta ezin izan zituzten ekintza guztiak egin Eta, hain zuzen ere, ahalegin hori bereziki eskertu zuen Gipuzkoako Aldundiko ordezkari Iñaki Iturriotzek eguazten iluntzeko aurkezpenean: "Oñati oso herri kirolzalea da, eta baieztatu egin da hori. Azken ikasturte zail honetan eredugarria izan da Oñatin egindako lana, egitura bera zein haurrak mugimenduan mantentzeko egindako ahalegina, hemengo esperientzia. Gipuzkoako argazkia dugu guk, eta eskerrak eman gura dizkizuet eragile guztioi ahaleginagatik". Familiendako mezu trinko bat ere eman zuen Iturriotzek: pantailak eskola kirolak eskaintzen duen mugimenduarekin, adiskidetasunarekin eta gozamenarekin trukatzeko.

Hemezortzi kirol eskaintzan

Guraso eta ikasleez gain, beste hainbat eragilek osatzen dute eskola kirola Oñatin, izan ikastetxeak, erakundeak, babesle diren herriko hainbat enpresa zein kirol eragile. Aurten, Antxintxika taldea batu da egitasmora, eta eskola kirol egokitua ere eskaini da 6 eta 21 urte artekoendako. Padela, gimnasia erritmikoa, baso eskola eta barne munduarekin jolasean aritzeko saioak ere jasotzen ditu aurtengo eskaintzak; hemezortzi aukera. Hamahiru begiralek gidatuko dituzte saioak eta kiroldegian ez ezik ikastetxeetan ere egingo dira.

Aurrekontua

Egitasmoak 125.000 euroko aurrekontua du: %20,93 Udalak jartzen du, %21,46 Aldundiak, %14,70 entitate pribatuek eta %42,91, izen emateek. "Ikasleei hezkuntza osoa eskaini gura diegu kirolaren bitartez, bizimodu osasungarriarekin, eta proiektu honetan bidelagun izango da Udala", zioen alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak