Lau urterako hitzarmena sinatu dute Oñatiko Udalak eta Musika Bandak

Mireia Bikuña 2021ko urr. 19a, 12:00

Urte bakoitzeko 84.700 euro jasoko ditu musika bandak. Besteak beste, instrumentu eta uniforme berriak erosiko dituzte. Eta, horiek guztiak estreinatuko dira 2021-22 denboraldiaren lehen emanaldian: Munduan zehar delako kontzertuan, azaroaren 21ean.

Izaro Elorza alkatea, Iñaki Olalde kultura zinegotzia, Iñigo Ugarte Oñatiko Musika Bandaren presidentea eta Aitor Biain zuzendaria egon dira sinatze-aurkezpen ekitaldian. Bi erakundeen izenean Elorzak eta Ugartek sinatu dute lau urteko lankidetza hitzarmena. "Guretzat ohore bat da Musika Bandarekin eskutik joatea. Asko gustatu zaigu urterako egin duten proposamena. Orain arte, elkarrekin egin dugun bidetik jarraitzea da asmoa", esan du Iñaki Olaldek. Hitzarmen horren arabera, urteko 84.700 euro jasoko ditu musika bandak. "Diru horrekin hainbat inbertsio egingo ditugu. Besteak beste, perkusio instrumentu berriak erosiko ditugu. Hala nola, klarinete baxua eta kornu ingelesa. Bestalde, uniformeak ere berrituko ditugu. Beltzak izango dira aurrerantzean", azaldu du Iñigo Ugartek.

Sei kontzertuko denboraldia

Gutiziak izenak ipini diote Oñatiko Musika Bandak egingo dituen kontzertuen denboraldiari: Munduan zehar, azaroaren 21ean; Klasiko handiak, urtarrilaren 6an; Zinemaldia, otsailean; Peru eta Otsoa, martxoan; Viva la opera, maiatzean; eta Tributo a, ekainean. "Profil ezberdineko ikus-entzuleak erakartzeko emanaldiak izango dira. Horixe baita, esku artean dugun helburuetako bat: publiko berria erakartzea. Beste erronka bat izango da gure musika espazio berrietara zabaltzea. Lehen urratsa izango da Santa Anatik Zubikoako pilotalekura aldatzea. Frontoian egingo ditugu beti, 13:00etan", kontatu du Aitor Biainek. 

Eta, espazio berriak topatzeko bide horretan, denboraldi bakoitzeko, beraien musika baserri auzoetara eramateko asmoa dute. Urtero bi kontzertu, eta auzoak aldatuz.

Azkenik, aurtengo Gabonetako kontzertuak Hator, Hator 2021 izena edukiko duela esan dute. Orain arte moduan, herriko hainbat taldek parte hartuko dute, baina, formatua aldatuko dutela ere gaineratu dute.

Oñatiko Banda Gaztea (OBG)

Oñatiko Musika Bandak eta Jose de Azpiazu Musika Eskolak elkarrekin egingo dute lan Oñatiko Banda Gazteak bide oparoa izan dezan. Bandako kideak musika eskolako ikasleak izango dira, eta astean behin entseatuko dute banda nagusiaren lokalean, Aitor Biainek gidatuta. "Egitasmo honen helburu nagusia,  etorkizuneko musikari izango diren gazteak bandaren errutinan sartzea izango da, formazio musikala jasota. Eta, hortik, salto egingo dute Oñatiko Musika Bandara".

OBG-ak bi kontzertu eskainiko ditu urtean (martxoan eta ekainean), eta Gabonetako emanaldian parte hartuko du.

Azkenik, Oñatiko Musika Bandak eta Oñatiko Banda Gazteak izango dute irudi korporatibo berria aurkeztu dute.

Esker ona

Sinatze eta aurkezpen ekitaldia bukatzeko, mahaian egon diren ordezkari guztiek, gogora ekarri dute Iñaxio Ibarrondok egindako lana. "Eskerrik beroenak, Iñaxiori. 42 urtetan zuzendari moduan erein duten horri jarraipena emango diogu, elkarlanean", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak