Herriari agurra, azken kontzertuan

Maialen Santos 2021ko ira. 27a, 11:06

Oñatiko Musika Bandako zuzendari moduan azken kontzertua eskainiko du Iñaxio Ibarrondok, Errosaixo Egunean. 42 urteren ostean, Aitor Biainek hartuko du haren lekukoa, eta batuta eskuan lehen kontzertua azaroan izango dela aurreikusten du.

Oñatiko Musika Banda zuzentzen egindako 42 urteko ibilbide luzeari agur esango dio Iñaxio Ibarrondok Errosaixo Egunean, urriaren 3an, Zubikoa kiroldegian eskainiko duten kontzertuan. Egutegian markatutako emanaldia da hori, eta oñatiarrekin izango duen azken zitarako apropos aukeratu ditu joko dituzten piezak, Ibarrondok aitortu duenez: "Pare bat kantu nostalgiko eskainiko ditugu, eta aitak sortutako Oñatiko ereserkia entzuteko aukera ere izango da, besteak beste". Hori gutxi balitz, aurreratu du emanaldiaren amaieran hitz batzuk eskainiko dizkiela oñatiarrei, eta azken urteetan zendu diren bandako kide ohiak ere izango dituzte gogoan.

Gaur-gaurkoz, musikari egunero eskaintzen dio tartea Ibarrondok, eta aurrerantzean ere horri estuki lotuta segituko du, besteak beste, Parrokiako Abesbatzako zuzendari izaten jarraituko duelako, orain arte moduan. Edozelan ere, bandako kargua utzita "beste zaletasun batzuetarako" denbora gehiago izango duela uste du; "tartean, paseatzeko edo irakurtzeko".

Erreleboa, Biainek

Aitor Biainek hartuko du Ibarrondoren erreleboa –besteak beste, Ganbara Abesbatzako zuzendaria da–, eta "erronka handia" izango dela aitortu du. Azken 22 urteetan bandako kide izan da Biain –klarinetea jotzen du–, eta, beraz, aspalditik ezagutzen du aurrerantzean gidatuko duen taldea.

Datozen egunetako kontzertuen ostean ekingo dio lanari; zehazki, ez-jaien osteko entseguetan hasiko baitu ibilbide berria. Zuzendari moduan eskainiko duen lehen kontzertuari buruz galdetuta, adierazi du aurreikuspenen arabera azaroan izango dela, Santa Zezilia egunaren bueltan: "Datorren urteko egutegia, gutxi gorabehera, itxi dugu Udalarekin. Lehen, saiatzen ginen hilean kontzertu bat eskaintzen, eta horrek hala izaten jarrai dezan gura dugu". Horretaz gain, Banda Gaztea ere sortu dute Musika Bandak eta Musika Eskolak elkarlanean, eta hogei bat musikari gazterekin dagoeneko lanean hasita dago zuzendari berria: "Musika Eskola guretzat garrantzitsua da, jendea bertatik iristen delako gugana".

Taldera egokitzea lehentasun

Edozein modutan ere, taldera egokitzea izango du Biainek zeregin nagusi hasieran: "Elkar ezagutzen dugu, baina bandako kideek nire lan egiteko era ere ezagutu beharko dute, eta baita nik euretako bakoitza ere. Hala, elkar ezagutzeko urtea izango da honako hau, eta herriari kontzertuak eskaintzekoa". Are gehiago, aitortu du "proiektua sendotzeko" asmoa dutela, eta baita "publiko zabalago batengana" iristekoa ere. Egingo dituzten urratsetan pandemiaren eboluzioak izango du zeresanik; izan ere, osasun krisiak baldintzatuta ari dira oraindik ere, eta edukierari lotutako zailtasunak dituzte entseatu zein kontzertuak eskaintzeko: "Unean unera egokituz joango gara".

Iñaxio Ibarrondo: "Datorren urteko Corpusetan, 80 urte betetzean, utzi gura nuen"

Abesbatza eta banda zuzentzeko orduan egon daitezkeen desberdintasunei buruz galdetuta, zera esan du: "Esango nuke bandan ari direnek musika ezagutza badutela; denek dutela maila jakin bat, alegia. Ez dira hutsetik hasten. Abesteko orduan, aldiz, denetarik dago; badago jakintza gehiago zein gutxiago duen jendea". Eta gehitu du esperientzia berria izango duela honako hau: "Orkestra eta abesbatza ezberdinetan zuzendari lanetan aritu izan naiz azken urteetan, baina egia da talde instrumental bat gidatuko dudan lehen aldia izango dela".

Txikitatik musikari eskainia

"Alfabetoa baino arinago" ikasi zituen notak Ibarrondok, eta 6 urterekin dagoeneko herriko bandan danborra jotzen zuen. "Sasoi hartan, aita zen bandako zuzendaria, eta aitona ere bandako kide zen", azaldu du. Eta gaineratu: "Jendeak ez zuen sinesten danborra jotzeko gai nintzenik". Gerora, beste hainbat herritako bandan aritu zen; tartean, Bergarakoan eta Arrasatekoan. "Sekula ez nuen pentsatuko bizimodua musikatik egin ahal izango nuenik", dio.

Biainek ere gogoratu ditu musika bandan izandako hastapenak: "Gogoan dut bospasei gazte hasi ginela elkarrekin, eta entseguetara gainontzekoak baino lehenxeago etortzen ginen, Iñaxiorekin ikastera". Hasierako egunetan pixka bat ikaratu zela ere aitortu du: "Uste genuen bagenekiela instrumentua jotzen, baina konturatu ginen guk uste baino gehiago genuela ikasteko. Hala, etxean ere aritzen ginen entseatzen". Horri lotuta, Ibarrondok aitortu du Biain bandan hasi zenerako bazekiela nola jotzen zuen klarinetea: "Haren etxe azpitik pasatzen nintzenean entzuten nuen entseatzen". Gura baino arinago "Datorren urteko corpusetan, 80 urte betetzean, gura nion zuzendari izateari utzi, baina faktore ezberdinak tarteko orain uzteko erabakia hartu nuen", azaldu du Iñaxio Ibarrondok. Pandemia aurretik egin zieten zuzendari kargua hartzeko proposamena Aitor Biaini, eta "hizketan" aritu dira azken hilabeteetan, batuta hartzeko txanda iritsi zaion arte.

Aitor Biain: "Bandaren esentzia mantenduko dut, era berean, ukitu propioa emanaz"

Banda zuzentzeko ikasketak eginak ditu Biainek, nahiz eta, haren hitzetan, "eskolarik handiena bandan bertan Iñaxioren gidaritzapean jardutea izan den". Hori horrela, aurrerantzean, hark utzitakoari "jarraipena ematen" saiatuko da, "esentzia mantenduz eta, era berean, ukitu propioa emanaz". Ibarrondok, berriz, ez du zuzendari berriari emateko "gomendio zehatzik", uste baitu esku onetan uzten duela taldea.

"Taldea nola eraman duen miresten diot Iñaxiori", esan du Biainek. "Esker hitzak besterik ez dut berarentzat, egindako guztia eta izandako dedikazioa izugarria izan da", aitortu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak