Dantzatu barik bada ere, musikaz gozatzeko aukera egongo da sanmigeletan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ira. 25a, 12:00

La Basu, Oskarbi taldea eta Esti eta Mikel Markez.

Estiloari eta generoari dagokionez eskaintza orekatua osatu dute bai udalak eta baita txosna batzordeak ere. Nabarmendu behar da iazko hutsunearen ondoren aurten indarberrituta datorrela Dibertsioak ekimena: zortzi talde igoko dira agertokira.

Kultura eskaintza zabala prestatu dute San Migel eta Errosaixo jaietarako Oñatin. Eskaintza horren barruan leku berezia izango dute zuzeneko musika emanaldiek. Azoka Kultura Gunean eta Irunberri plazan izango dira musika kontzertu gehienak; Oñatiko Udal Bandak pilotalekuan egingo du emanaldia (Ikus informazioa 32 eta 33. orrietan).

Osasun egoerara egokitutako eskaintza izango da; hori horrela, Azoka Kultura Guneko emanaldietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira, eta txosnagunean ez da sarrerarik beharko, baina edukiera mugatua izango du tokiak. Emanaldi guztiak eserita entzun beharrekoak izango dira.

Eskaintza orekatua

Udaleko Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek dio eskaintza orekatua osatzen saiatu direla: orekatua bai estilo aldetik eta baita genero aldetik ere. "Gainera, hizkuntzari ere begiratzen diogu eta lehentasuna euskal taldeek izaten dute. Hala ere, osatu dugun eskaintzan gazteleraz edo ingelesez ere abesten dute".

La Basu bakarlariak hasi zuen atzo zuzeneko musika eskaintza. Etxebarriko rap abeslaria aitzindaria da Euskal Herriko raparen historian: 90eko hamarkadan hasi zen raparen munduan eta ordutik hainbat proiektutan parte hartu du. Emakume bati emakume talde batek hartuko dio lekukoa, baina bestelako doinuekin: Neomak taldeak trikitia eroango du Azoka Kultura Gunera. Trikitia, txintxarririk gabeko panderoak, perkusio instrumentu bitxiak eta ahots ederra dituzte taldeko zazpi kideek.

San Migel egunaren bezperan, Esti eta Mikel Markez aita alaben txanda izango da. 2020an argitaratutako Azal berritzen laneko abestiak eskainiko dituzte. Diskoaren aurkezpen biran, Arkaitz Miner eta Julen Alonso musikarien laguntza izango dute; hala, laukotea osatuko dute.

San Migel egunean, aurkezpenik behar ez duen El Drogas iruindarra izango da zuzenekoa eskaintzen. San Migel Bixamon egunean, aldiz, azken urte luzeetako ohitura jarraituz, Nafarroako jotak entzungo dira: Acordes Navarros taldeak emanaldia egingo du, 13:00etan. Iluntzean, aldiz, euskal musikaren ikur diren eta adin batetik aurrerakoek ondo ezagutzen duten Oskarbi taldearen txanda izango da. "Oñatin jotzeko gogoz" daudela dio Olaldek.

Udalaren eskaintza osatuko dute Travelling Brothers blues taldeak eta erro-meria doinuak egiten dituen Trikizio taldeak.

Txosnagunean, Dibertsioak

Txosnagunean ere askotariko musika estiloak egongo dira. Nabarmendu behar da berriro ere egingo dutela Dibertsioak musika emanaldia, urriaren 4an, 17:00etan. "Dagoeneko zortzi taldek eman dute izena, estilo askotarikoak. Gure asmoa da talde bakoitzak ordu erdi pasatxo jotzea. Eta emanaldia amaituko du Gaitzerdi erromeria taldeak", azaldu du Jon Etxarri antolatzaileak.

El drogas Akustik Fraktion bira Oñatin hasiko da

Barricada talde ezaguneko abeslari izandako Enrique Villarreal Armendariz, El Drogas ezizenarekin ezagunagoa, Oñatin izango da San Migel egunean. Azoka Kultura Gunean egingo du emanaldia, modu akustikoan, 19:30ean eta 22:00etan. El Drogas Akustik Fraktion birako lehenengo emanaldia egingo du Oñatin. Emanaldiaren oinarrian, argitaratu berri dituen 189 escritos con una mano enferma liburua eta El largo sueño de una polilla diskoa daude. Emanaldi akustikoa izango da eta musikariaren alde intimoa ezagutzeko aukera eskainiko du, duda barik. Lan berriko abestiak joko ditu, baina baita betikoak ere. Taula gainean beste sei musikariren laguntza izango du: Txus Maravi, Eugenio Aristu, German San Martin, Selva Baron, Patricia Greham eta Nahia Ojeta.

 

Bartzelonatik, Oñatira

Bartzelonatik rap doinuak ekarriko ditu Tribade taldeak. MCs Bittah-k, Masiva Lulla-k eta DJ BigMark-ek osatzen dute taldea. Bartzelona olinpiarra eta cool-a alde batera utzi eta "benetako Bartzelona" erakutsi nahi dute euren abestietan, langile klasearen Bartzelona. Horrez gain, berdintasunaren aldeko aldarria ere egiten dute. XXI. mendeko bi emakumeren borroka erakusten dute, gizarte erabat maskulinoan murgilduta. Gainera, isilarazitako hainbat borrokaren alde egiten dute euren raparekin: besteak beste, tokiko eta auzoetako borrokak, LGTBI mugimendua eta mugimendu antifaxista. Euren musikan flamenko, soul, afrotrap eta reggaeton doinuak entzun daitezke. Emanaldia gaur, irailaren 25a, izango da, 21:30ean, txosnagunean. No Name Tiriti taldea eta DJ Malandro ere igoko dira taula gainera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak