Azken bi urteetan jaiotako 140 oñatiarri omenaldia

Jone Olabarria 2021ko ira. 25a, 11:07

COVID-19a tarteko iaz ez zuten atsolorra egin, eta, hortaz, 2019ko San Migel jaien ostean jaiotako oñatiar txikiek ez zuten ongietorri ekitaldirik izan. Hala, ordutik eta gaur egunera arte jaiotakoei jarriko diete udal ordezkariek zapia, berezia aurten

2019ko sanmigeletatik gaur egun arte jaiotako haur oñatiarrek ongietorri ekitaldia izango dute domekan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Guztira, 140 in-guru dira azken bi urteetan jaiotako haurrak, eta denek batera jasoko dute zapia, pandemiaren ondorioz iazko omenaldia bertan behera geratu ostean.

Neurri bereziak hartuta

Atsolorra izenez ezaguna den ohiturarekin, alkateak eta zinegotziek egingo diete harrera txikienei, eta ume bakoitzak bi guraso, tutore, familiarteko edo ordezkarirekin igo ahal izango da. COVID-19a dela-eta, talde txikietan egingo dute omenaldi ekitaldia, eta, Iñaki Olalde Kultura zinegotziak azaldu duenez, ohiko neurriak jarraituko dituzte: "Dagoeneko ohiko bilakatu diren gela eta musukoa derrigorrezkoak izango dira, distantziak errespetatu egin behar dira eta talde txikietan gerturatu beharko dute". Normalean baino haur gehiago izateaz gain, berrikuntzekin dator aurtengoa.

Haurrentzako zapi berezia

Jaietako zapia jantzita egin izan zaie azken urteetan oñatiar txikiei ongietorria, baina aurten, ohitura hori mantentzearen aldeko apustua egin duten arren, berrikuntza bat gehitu eta tradizioa umeen beharretara moldatu dutela azaldu du Olaldek: "Aurten, propio diseinatu dugu ekitaldirako, eta bi funtzio izango ditu: atzeko alderantz zapi bat izango da eta aurrerantz jarrita umeendako adur-zapi funtzioa hartzen du".

Aspalditik datorren ohitura

Oñatiko Udalak 2014. urtean berreskuratu zuen antzinako tradizioa, eta "herriak jaioberriei oñatiar berri moduan ongietorria egiteko modua" irudikatzen duela zehaztu du Udalak. Azken urteei erreparatuta, familien aldetik ere, oro har, "oso harrera ona" duen ekitaldia izan ohi da Atsolorra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak