Migel Arregi ere lehian dela jokatuko da Artzain Txakurren Txapelketa

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko ira. 24a, 15:00

Antolakuntzak erabaki du parte-hartzaileetako bat herrikoa izatea domekan –10:30–, eta Azpilleta-ri eman dio aukera; gos d'atura arraza katalaneko txakur bat ere izango da nobedade, aurten Frantziako ordezkaririk izango ez duen txapelketan.

Iaz egiterik eduki ez ostean, bueltan da aurten Nazioarteko Artzain Txakurren Txapelketa; 61. aldia izango du, eta Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako txakurrik onenak ariko dira lehian. Egoera aztertuta, euskal herrialdeetako txapelketak martxan jartzea erabaki zuten orain zenbait hilabete, eta, ohi bezala, horien eta horietako txakur hoberenek jokatu ohi duten Euskal Herriko txapelketaren –aurreko asteburuan izan zen, Bizkaiko Garain– segida izango da Oñatikoa.

Pandemiaren eraginez zenbait aldaketa izango dira aurtengo txapelketan, urteetan antolakuntzan diharduen eta gaur egun Euskal Herriko Artzain Txakurren txapelketen antolatzaileen Elkartearen (EHATE) presidentea ere baden Joxe Mari Bengoaren esanetan; adibidez, txapelketaren gunera sarrera libre izango da –ez da ordaindu beharko–. Baina egin egiteko arazorik ez zuten ikusi: "Eremu zabalean denez, jendearentzako arazorik ez dagoenez...". Ohiko neurriak errespetatzea eta arduraz jokatzea, horixe eskatzen du antolakuntzak.

Hamahiru parte-hartzaile

Biarnoko Aramitzeko ordezkaririk ez da izango aurten txapelketan, eta gehiago izango dira Gorbeiako euskal artzain txa-kurrak, Hegoaldeko herrialdeetako lau txapeldunekin batera –Jabier Zubiaurreren Mendi, Gipuzkoakoa; Karlos Ardanzaren
Mendi
, Bizkaikoa; Axier Bolivarren Kobi, Arabakoa; eta Jorge Oteizaren Lagun, Nafarroakoa–, Euskal Herriko txapelketako sailkapeneko bertako arrazako lehen bi txakurrak ere gonbidatu baitituzte aurten, Fidel Alonso arabarraren Bat –Euskal Herrikoan, hirugarren– eta Aitor Tato gipuzkoarraren Nabar –laugarren, Garain–: "Bestela, border collie asko izaten ziren, eta geure arraza bultzatu nahi dugu".

Eta bertako arrazako txakur haiei gehitu behar zaie Migel Arregi Azpilleta oñatiarraren Lagun. Izan ere, aurten ere herriko ordezkari bat izango da lehiakideen artean, baina ez aurreko urteetan bezala Gipuzkoako txapelketa irabazita sailkatuta –2019an ez, baina aurreko lauretan hala lortu zuen txartela Joxe Mari Bengoak berak–, gonbidapen bitartez baizik: "Urteetan esaten ziguten zergatik ez ote genuen, estropadetan moduan, herriko ordezkari bat sartzen. Aramitzeko ordezkariaren hu-tsunea aprobetxatuz, Oñatikoa sartu dugu". Urteetan hor diharduen Azpilletarentzat aitortza edo sari moduko bat ere bada; hala ere, ez dute zehaztu urteroko kontua izango ote den txapelketara herriko artzain bat gonbidatzearena.

Horiekin batera, lehian ariko dira Iparraldeko hiru ordezkari, denak baxenabartarrak –eta denak border collie arrazako txakurrekin–: Gilles Etxegoienen Gaua, Oñatin txapeldun 2019an; Mitxele Atxeritogarairen Izar, Iparraldeko txapelduna; eta Roger Jauretxeren Ximist, Iparraldeko bigarrena eta Euskal Herriko txapelduna.

Parte-hartzaile zerrenda osatuz, azkenik, Herrialde Katalanetako ordezkaritza: Bartzelonako Hilari Novilloren Beyon eta Ma-llorcako Miguel Adroverren Xeco –border collieak– eta Castelloko Juli Bayoten Saüc, Oñatin aspaldi ikusi gabeko gos d'atura arraza katalanekoa: "Artalde handirako txakur ona da, indartsua, lasaiagoa lanean. Baina gurea moduko txapelketetarako behar den bizkortasunik ez du. Hala ere, Bayoti proposatu nion harekin etortzeko, tokian tokiko arrazak bultzatzearren, eta onartu egin zuen".

Azken bost edizioetan Iparraldekoak izan dira nagusi Santalutziako zelaian. Aurten ere kontuan hartu beharrekoak izango dira txapela lautan irabazi duen Gaua eta Ximist, Euskal Herriko txapelduna.

Migel Arregi: "Duela 50 urte ere hantxe nengoen txapelketan parte hartzen"

Mende erdi geroago, herriko txapelketan lehiatuko da.
Nola jaso zenuen berria?

Sorpresa izan zen. Txapelketara etorri ohi den bat aurten ez zela
etorriko eta herriko bat sartu nahi izan zuen Joxe Mari Bengoak. Elkartean proposatu zuen, eta aurrera egin du.
Eta, pozik?

Bai, bai. Gustatzen zaigu, eta halako notiziak ez dira gaizki
etortzen. Aurten, justu, 50 urte direla ere hantxe nengoen parte hartzen. Bi aldiz hartu nuen parte, Gipuzkoako Txapelketa eta Euskal Herrikoa, biak, irabazita. Gero, utzita eduki nituen txapelketak, lan kontuengatik eta. Baina, ardiak eta txakurrak beti izan ditudanez, Bengoak nahi izaten zuen ni berriro parte hartzen hastea, eta bere bitartez halaxe hasi nintzen, eta urte hauetan hortxe ibiltzen gara saltsan.
Eta duela 50 urteko haien ze
oroitzapen dituzu?
Oroitzapen onak. Orduan, agian, 3.000
pertsona egongo ziren begira. Gogoratzen dut, aurretik, txapelketa Soraluze azpian egiten zenean, 5.000 lagun-eta izaten zirela. Orduan ez zegoen autorik; trena eta autobusak, eta ez dakit nondik agertzen zen hainbeste jende. Orain egiten den lekuan ere 3.000 lagun-eta elkartzen ziren urte guztietan. Baina, apurka-apurka, behera joan da. Orduan ez zen hainbeste kirol-eta egoten, eta urtean behingo gauza polit hori oso estimatua zen. Dena dela, aurrekoan, Euskal Herriko Txapelketan ikaragarrizko jende pila egon zen, harrituta geratu nintzen.
Domekan ze asmorekin joango zara?

Ahaleginduko naiz, eta, suerte apur bat izanez gero, ea zerbait
egiten dudan. Txakur ona da Lagun, etxeko lanean oso ona. Txapelketa beste gauza bat da, baina saiatuko gara. Lan ona eginez gero, gustura geratuko naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak