Jairik gabe ere, gozatzeko prest

Jone Olabarria 2021ko ira. 24a, 11:27

Kultur egitaraua zehaztuta, lau gune erabiliko dituzte ekitaldietarako: azoka kultura gunea, kiroldegia, plazako pilotalekua eta Irunberri plaza. Oñatiko txosna batzordeak ere San Migel eta Errosarixo egunen bueltarako musika eta emanaldiak antolatu ditu.

San Migel eta Errosaixo jairik ez da egongo aurten, pandemiak eztanda egin zuenetik bigarren urtez jarraian. Argi utzi gura izan du Udalak, eta "azken esfortzua" egitea eskatu die oñatiarrei Iñaki Olalde Kultura zinegotziak: "Helduko dira San Migel eta Errosaixo jaiak elkarrekin ospatzeko egunak, baina, bitartean, azken ahalegina egin beharrean gaude".

Guneetan banatutako ekintzak

Egoerari erreparatuta, eskaintza kulturalera mugatu dute aurtengo egitaraua, eta, aurreko urtean bezala, "COVID-19aren kontrako prebentzio neurri guztiak bermatuz" egingo dela azpimarratu du Udalak. Hain zuzen ere, pilaketak saihesteko asmotan, lau gunetan banatu dituzte kultur ekitaldiak: Azoka Kultura Gunea, kiroldegia, plazako pilotalekua eta Irunberri plaza, hain zuzen.

"Espazio gehiago izango dira kultura eskaintzarako. Jende pilaketak saihestea da helburu nagusia eta egitarauko hitzorduen lekuen dibertsifikazioak horretan lagun dezake. Zenbaitetan handiagoa izango da edukiera; beraz, herritar gehiagok gozatu ahal izango du kultura eskaintzaz, prebentzio neurri guztien bermearekin", zehaztu du Olaldek.

Elkar zaintzeko deia

Iazko esperientzian oinarrituta, kultura eskaintza berreskuratzeko beharra helarazi dute herriko hainbat eragilek, eta, azaldu dutenez, elkarlanean hilabeteak eman dituzte egitaraua prestatzen: "Ekainean hasi ginen prestatzen, hainbat eragilerekin batuz. Iaz ekintzak bertan behera lagatzea erabaki zuten eragile askok aurten berreskuratu egingo dituzte, eta hori nobedadea da".

Uneko egoeraz jakitun, "prebentzio neurriak bermatuz eta uneko araudia errespetatuz" gauzatuko dira jarduerak: "Hilabeteak jardun ditugu horretarako elkarlanean, eta aurtengo egitarauan izango da horren islarik".

Denentzako aukerak

Hala, etxeko txikienetatik hasita, herritar guztientzako eskaintza izango da gaurtik aurrera herrian; besteak beste, kontzertuak, haurren danborrada, gazta lehiaketa, Atsolorra, haurrentzat jolas parkeak haurrentzako ikuskizunak eta Oñatiko Musika Bandaren kontzertuak. "Espazio kontuak direla eta", aurten ere ez da barrakarik izango Oñatin.

Sarrerak hartu beharko dira ekintza gehienetan parte hartzeko, eta dagoeneko eskuragarri daude ohiko puntuetan: Txokolateixan, plazako leihatila digitalean eta udal webgunean.

Txosnagunea, martxan

Atzo bertan hasi ziren txosna muntatzen txosnagunean, Irunberri plazan, eta bihar zabalduko dituzte, egitarau zabalarekin. Urriaren 4ra bitartean, musika emanaldiak, jolasak eta ipuin kontaketak zein bazkariak –janaria norberak eramanda– egingo dituzte.

"Dana familixan geaketan da"

Oñatiko primadia izeneko egitaraua antolatu dute aurten, eta, zuzeneko musika emanaldien artean, irailaren 25ean, esaterako, Tribade eta No Name Tiriti taldeen kontzertua egongo da, 21:30ean.

Erasoen aurrean, "zurrun"

Era berean, inolako erasorik onartuko ez dutela zehaztu dute txosna batzordeko ordezkariek, eta horren aurrean "zurrun" jardungo dutela, "txosnetako protokoloa aktibatu eta antolakuntza feminista baliatuz"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak