Umeen danborrada etzi, ezohiko eran bada ere

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko ira. 24a, 18:00
Martitzen arratsaldean Eltzian egindako entseguan.

Zubikoa kiroldegiko kantxa berdean izango da umeen danborrada domekan, 18:00etan. Ez da zaldirik edo karrozarik egongo eta musika bandako kideak izango  dituzte ondoan. Sei pieza joko dituzte eta ordubete inguruko emanaldia izango da.

Kopuru, formatu eta espazio aldaketekin, baina umeen danborrada egingo da aurten. Domekan izango da, irailaren 26an, 18:00etan, Zubikoa kiroldegian. Hango kantxa berdean egingo dute, egungo neurri eta arau guztiak jarraituta.

Zaldirik eta karrozarik ez

Geldirik joko dute danborra umeek kiroldegian, herriko kaleetan zehar jo ordez. Eta horixe izango da, agian, izango duen aldaketa handiena. Baina nahiz eta formatua beste bat izan, danborrada antolatzeko prest agertu zen 2019koa antolatu zuen herritarren talde bera, eta horrela adierazi zuten jai batzordean. Umeak ere animatu direla ikusita, pozik daude hartutako erabakiarekin.

Formatu aldetik, pandemia aurreko danborradetan baino ume gutxiagok hartuko dute parte: 63k –150 inguru izan ohi dira–. Eta konpartsetako kideak izango dira denak. Hau da, ez da ez zaldirik, ez karrozarik ezta elkarte gastronomikoetako banderarik egongo. Danbor jotzaileen ondoan musika bandako kideak egongo dira. Aldaketa horien kontrara, arropa berriak jantziko dituzte kantinerek eta zuzendari batzuek; txano batzuk ere berriak izango dira.

Ordubeteko iraupena

Danborrada 18:00etan hasiko da, baina parte hartuko duten umeak 17:00etarako joango dira kiroldegira. Antolatzaileak goizean joango dira kantxa berdera, umeak sartu orduko dena prest egon dadin gauza bakoitza bere tokian jartzea. Ikusleak –lau gonbidapen eman dizkiote ume bakoitzari– 17:30ean sartuko dira eta harmailetatik ikusiko dute. Ordubete inguru iraungo du eta sei pieza joko dituzte umeek. Asmoa da ibilbidetxo bat eginaz sartzea kantxa ber-dera eta modu berean irtetea amaitu eta gero.Irailaren hasieran hasi ziren entseguan. Eltzian egin dituzte, bi txandatan banatuta eta taldeka. Han ere egoera pandemikoak eskatzen dituen neurriak hartuta aritu dira, eta gauza bera egingo dute domekako ikus-kizunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak