Uste baino modu gaziagoan ospatu behar izan du Oñatzek bere mende erdia. Pandemiagatik, bertan behera utzi behar izan baitzituzten iazko hilabete guztietarako prestatuta zituzten ekitaldiak. Gero, pixkanaka-pixkanaka egoerak utzi duen heinean, egin dituzte hainbat ekintza, baina orain, hasieran uste baino amaiera "borobilagoa" emateko aukera izango dute. 50. urteurreneko ospakizunei bukaera emango diete bihar, zapatua, 19:30ean Zubikoan egingo duten ikuskizunarekin. "Horrelako ekitaldiak gutxitan egiten ditugu; agian, bost urtean behin Oñatin, eta ez askoz gehiago. Azkenean, 500 ikus-entzule izango ditugu, Labi batzordeak joan den astean malgutu zituen neurriengatik, eta, 50. urteurrenen ospakizunak bukatzeko, ikusita iaz gertatutakoa eta zein izan den bilakaera, uste dut garai ona dela bukatzeko", adierazi du taldeko kapitain Mikel Biainek. Taldekideak gogotsu eta urduritasun puntu batekin daudela aitortu du.
Dantzak protagonista
Oñatzeko 59 dantzarik hartuko dute parte, maiatz erdialdean hasi ziren entseguekin talde txikietan, eta prest daude guztia jendaurrean erakusteko. Dantza hauek eskainiko dituzte: agurra, Bizkaiko dantzari dantza, batelak eta kaixarranka, dantzara plazara, fandango eta arin-arina, erraldoien dantzak, Gipuzkoako dantzak, suletinoak, gorulari eta, azkenik, Lizarrako larrain dantza. "45. urteurrena ospatu genuenean, fandango bat eta arin-arin bat izan genituen azken dantza bezala, eta oraingo emanaldirako erabaki dugu Lizarrako larrain dantza egitea, azken hori denok batera dantzatzeko", azaldu du kapitainak.
Hainbat kolaboratzailerekin
Dena den, Oñatzeko dantzariak ez dira bakarrik egongo taula gainean. Urte hauetan guztietan euren bidelagun izan diren hainbat kultur talde ere eurekin izango dira-eta ikuskizunean; hauek, zehazki: Oñatiko Udal Banda, Ganbara Abesbatza, Lizargarate Trikitizale Elkartea, Txinparta Bertso Eskola, Aita Madina Txistulari Taldea eta Arrasateko Dultzaineroak. Biainek esan du hasieratik izan dituztela gogoan: "Ahal zen heinean bai nahi genuen eurekin gogoratu; azkenean, 50 urte hauetan guztietan gurekin presente egon diren taldeak dira eta eurekin ere gogoratu nahi genuen urteurrenari bukaera emango dion ikuskizunean".
Txinpartakoek, esaterako, aurkezle edo gidari lanak egingo dituzte ekitaldian; txistulariek, Udal Bandakoek eta Lizargarate Trikitizale Elkartekoek hainbat kantu joko dituzte; Arrasateko gaiteroek, berriz, erraldoiak protagonista izango diren momentua girotuko dute, bukaerako larrain dantzaz gain; eta Ganbara Abesbatzakoek, agurrean, dantzara plazara abestian eta Gipuzkoako dantzetan hartuko dute parte. "Gipuzkoako zikloaren barruan, esaterako, bi dantza egingo ditugu: arku dantza eta upelategi. Orain dela bost bat urte Durangon egin genuen ekitaldi baten, hango txistulari eta bandaz gain, Ganbarakoek ere hartu zuten parte. Polita eta desberdina iruditu zitzaigun, eta berreskuratzea pentsatu dugu", esan du Biainek.
Esker hitzak herritarrendako
"Jendearen babesak presioa eragin digu, baina presio pozgarria, jendea gu ikusteko prest dagoelako. Egiten dugun lanari balioa ematera etorriko dira, ea gero ikuskizuna euren gustukoa den", adierazi du kapitainak. Eta gaineratu du lanean jarraituko dutela: "Jaien ostean, 350 ume ingururi dantzak irakasten jarraituko dugu, eta guk, gure entseguekin".
Goiena telebistan zuzenean
Salgai jarritako sarrerak agortuta daude, baina bihar leihatilan egongo dira bakarren batzuk salgai. Goiena telebistak zuzenean eskainiko du saioa, baita Goiena.eus-ek ere. Errepikapenak telebistan: bihar 23:30ean eta etzi 13:30ean eta 21:30ean.