Nola sortu zen ideia?
Bizkaian eta Araban indar handia dute gozogileek, baina Gipuzkoan ez horrenbestekoa, eta Gozoak elkartea sortu zen, indartzeko. EAEko hirurak elkartu ziren gero, Jaurlaritzak eskatuta, neurri batean, Euskal Gozogileak izenekoan, eta hortxe sortu da ideia. Iruditu zitzaigun Piccasoren 'Guernica' aproposa zela, duen historiagatik.
Nola egin duzue?
Tamaina txikiko bat egitea zen asmoa, baina bagenekien ez zuela handiak adinako oihartzunik izango eta baietz esan genion tamaina errealean egiteko erronkari. 1,80x1,10 metro duten hamalau piezatan zatitu genuen koadroa, paretan plano bat jarri eta hari jarraituz elkartu genituen gero.
Hiru txokolateak erabili dituzue?
Bai. Tonalitate ezberdinak ditu koadroak, eta zuria, esnezkoa eta beltza erabili ditugu.
Zer izan da zailena?
Hasieran, Jose Luis Zumetaren alabarekin jarri ginen kontaktuan, neurri handiko margoak egiten zituen-eta hark. Baina tamaina originaleko piezak lortu genituen gero, eta haiek moztea izan da zailena. Txokolatez busti genituen oholak eta haien gainean jarri piezak; begiak, zaldiak, haginak, aurpegiak... pintzelekin markatu genituen lehenengo, eta txokolatearekin forma eman gero. Figura lauak dira, eta, alde horretatik, erraza izan da. Bi aste behar izan ditugu egiteko.
Ze harreman duzu Oñatirekin?
Handia. Zegamakoak ziren gure aurrekoak; birraitona Urbiako artzain bat zen eta Oñatirekin lotura ordutik dator. Hil zenean, txokolate denda bat erosi zuen birramonak aitonarendako, Tolosan. Joxe Miguel Barandiaranekin zegoen seminarioan aitona, eta hura utzi eta Oñatira joan zen txokolatea egiten ikastera; Garaicoechean ikasi zuen. Anton Azpiazurekin, Egaña familiarekin eta Loyola, Guereca edo Zahor etxeetako familiekin, adibidez, harreman ona izan dugu. Eta oraindik baditut lagunak, bai.