Probatu ez, baina ikusi daiteke txokolatezko 'Gernika' Oñatin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko uzt. 16a, 14:50

Euskal Herriko 40 bat gozogilek elkarrekin egindako txokolatezko koadro hori originalaren tamaina berekoa da: 7,8 metro luzeran eta 3,5 metro altueran. Santa Ana aretoan jarri dute, freskotan, eta abuztuaren 8ra arte ikusi ahal izango da.

Pablo Picasso margolariaren Gernika koadroaren txokolatezko erreplika egin dute Euskal Herriko hainbat gozogilek elkarlanean, eta, Gernikan eta Bilbon egon ostean, Oñatira heldu da aste honetan.

Gaurtik, egubakoitza, aurrera egongo da ikusgai Santa Ana aretoan, abuztuaren 8ra arte. Oñatira ekartzeko arrazoiak bazeudela uste zuen Udalak, herriak txokolatearekin duen lotura estuagatik, baina baita herri moduan memoria historikoa jaso eta transmititzeko duen arduragatik, Izaro Elorza alkatearen esanetan: "Picassoren koadro hau ikono bihurtu da eta memoria historikoarekin lotura egin gura dugu, eta baita Oñatik txokolatearekin duen historiarekin ere, hasi Sancti Spiritus unibertsitatetik eta XX. mendean izan ziren txokolate fabriketaraino".

Tamaina eta tenperatura

Ekartzea zen bat, baina nora eta non kolokatu erabaki beste bat. Izan ere baldintza oso zehatzak eskatzen dituen koadroa da: margo originalaren tamaina berekoa da, 7,8 metro luzeran eta 3,5 metro altueran. Horrek esan gura du koadroaren eta ikuslearen artea distantzia bat egotea komeni dela, ezin delako gertu-gertutik ikusi obra osotasunean. Horrez gain, txokolatezkoa da, eta, beraz, tenperatura egokia duen toki batean jarri behar da; 18-20 gradu bitartean egon behar du txokolateak, urtu ez dadin. "Txokolatea bizia da, beroarekin desegin egiten da, baina, berriz hoztu arren, ez du hasierako itxura berreskuratzen. Hori da duen arazoa", dio Anton Azpiazuk, Txokolateixako bultzatzaileak.

Sancti Spiritus unibertsitatera ekartzea ze lehen aukera, hara iritsi baitzen lehen aldiz kakaoa Oñatira, XVII. mendean. Baina hango kaperan ez zegoen leku nahikorik. Azkenean, Santa Anan jartzea erabaki dute, eta hantxe egongo da abuztuaren 8ra arte. Xabier Igartua Oñatiko Udalako Sozioekonomia zinegotziak azaldu duenez, kanpotik datozen turistei eskainiko zaie bisitatzea, baina herritarrak joateko modukoa ere badela uste du: "Uste dugu interesgarria dela ikuspegi turistikotik, Oñatiren marka bultzatzeko aukera ona dela, baina oñatiarrendako ere polita dela iruditzen zait".

11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik Santa Ana txokolatezko Guernica ikusteko. Ez da aurrez erreserbarik egin beharko, eta joan ahala sartuko da jendea. Barruan ibilbide bat prestatu dute koadroa ondo ikusteko moduan, eta hari buruzko azalpenak emango dituen pertsona bat ere egongo da. Edukiera mugatua da, eta, bisitak luzeak ez direnez izango, antzoki atariko espazioan bideoak jarriko dituzte koadroaren prozesua nolakoa izan den ikusteko, aretora sartzeko zain dauden bitartean.

Ia hiru ordu muntatzen

Txokolatezko koadro hori zatika dago eginda, baina piezak ere handiak dira, eta, tamainagatik eta materialagatik, zaila da batetik bestera garraiatzea eta muntatzea. Gipuzkoako gozogileen Gozoa elkartea ULMArekin jarri zen harremanetan arazo hori konpontzeko, eta enpresak egin du koadroa garraiatzeko egitura eta kolokatzeko euskarria. "Txokolatea egin eta hori nola erakutsi zen euren kezka, arazoa. ULMAren soluzioa izan da inklinatuta dagoen plataforma bat egitea, koadroa ondo ikusteko moduan, eta, era berean, erraz muntatu, kendu eta garraiatzen dena. Hasieran egin genuena aldatu egin behar izan genuen gero, tamainagatik, baina egin dugu ondo doakiona, egokia dena", ULMAko presidente Lander Diaz de Gereñuren esanetan.

Eguazten eguerdian eraman zituzten Santa Anara, kamioi batean, plataforma hori muntatzeko behar zituzten pieza guztiak, eta udal brigadako langileekin laguntzarekin muntatu zuten. Txokolatezko pieza handiek ere han pasa zuten gaua, kaxa berezi batzuetan sartuta. Eguenean 15:00etan joan ziren proiektuan parte hartu duten hainbat kide, eta piezak euskarriaren gainean jarri zituzten; ia hiru orduko lana. Oñatitik Gasteizera Abuztuaren 8ra arte egongo da Oñatin txokolatezko koadro hori. Irailean Gasteizera eramango dute, handik Parisera eta gero Madrilera, azaroan han egingo den ChocoMad azokara.

ULMAko lehen makina izan zen

1950eko bigarren zatian, herriko txokolate fabriketako makinak konpontzeko tailer bat zabaldu zuten Oñatiko sei gaztek Mendiko kalean: Talleres Ignacio Maiztegi. Txokolategileek indar handia zuen orduan Oñatin eta Zahor-eko orduko gerente Iñaki Egañak txokolatea paperarekin batzeko makina bat sortzea, egitea, proposatu zien. AEBetako aldamio batzuen berri ere jaso zuten, eta bi proiektuetan sartu ziren gazte haiek. Egañaren bitartez, Julio Saiz eta Jose Vidal etorri ziren Oñatira Bartzelonatik.

Txokolatea paperean batzeko ULMAk egindako lehen makina. (Argazkia: Kutxa Fototeka)

Arrasaten hasitako kooperatiba mugimendua Oñatira heldu zen garai hartan eta Saiz izan zen ULMAko lehen gerentea eta Vidal, txokolatea batzeko makinen diseinatzailea. Zahor-ek utzitako Sapal makina oinarri hartuta, M-A izenekoa egin zuen ULMAk 1962tik aurrera. Kooperatiba 1961ean eratu zuten, hamabost bazkiderekin. JJEIP akronimoekin aldamioen negozioa izendatu zuen, eta ULMA, txokolate-makinetarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak