Mugimendua igarri arren, normaltasuna helmuga

Maialen Santos 2021ko eka. 4a, 10:58

Landa eremuan dagoen Oñatiko Arregi nekazaritza turismoa.

COETUR landa-turismoaren gaineko kongresua hartu du asteon Arantzazuk, eta sektoreak gizartean duen inpaktua izan dute berbagai, besteak beste. Pandemiak utzitako kalte ekonomikoak "izugarrizkoak" direla azaldu dute parte-hartzaileek.

Landa-turismoaren Europa mailako COETUR kongresuaren VII. edizioa hartu du eguazten eta eguen honetan Debagoienak. Zehazki, Arantzazun egin dute Landa-turismoaren erronkak eta aukerak 2021ean izenburua daraman biltzarra, eta sektoreko profesionalak bildu dira bertan, landa-turismoaren balioaz, ahalmenaz eta gabeziez hausnarketa egiteko. Horretaz gain, turismoak ekonomian, gizartean eta ingurumenean eragiten duen inpaktua ere izan dute berbagai.

Kalte ekonomiko handiak

COETUR kongresuan parte hartzen izan da Nekatur EAEko Nekazaritza Turismoen Elkarteko gerente Idoia Ezkurdia, eta azaldu du osasun-krisiak "izugarrizko" eragina izan duela turismoaren sektorean: "2020an landa ostatuetan %80ko jaitsiera izan dute fakturazioan, eta aurtengo lehen hiruhilekoan aktibitaterik gabe egon gara mugikortasun mugen eraginez. Horrenbestez, galerak 8 milioitik gorakoak dira; erabatekoak gure sektorearentzat".

Mankomunitateko Turismo Saileko Ana Heriz teknikarik azaldu du egoera bera izan dela eskualdean ere: "Turismo arloan urte gogorra eta zaila izaten ari da, oraindik ez baita amaitu".

Normaltasunetik "urruti"

Ezkurdiak GOIENAri azaldu dio oraindik ere normaltasuna berreskuratzetik "urruti" daudela, nahiz eta mugimendua sumatzen hasita dauden: "Euskaldunak, estatukoak zein atzerritarrak etor daitezke gurera dagoeneko, eta hasi gara erreserbak jasotzen datozen asteei begira". Zehaztu du uztailerako %33ko okupazioa dutela orain arte, eta abuzturako, bestetik, %43koa. 2019ko datuekin alderatuta, baxuagoak dira aurtengo datuak, hala eta guztiz ere. Ildo horretatik, Herizek adierazi du kontsumo ohiturak aldatzen ari direla, eta herritarrak bertakoa eta gertukoa gehiago baloratzen hasita daudela. "Mugikortasun mugek asko mugatu dute hori, eta tokikoa baloratzeko sortutako ohiturak mantentzea espero dugu".

Garapen jasangarriari bultzada

"Esperientzia turistikoak sortzea dugu erronka, horretarako garapen jasangarria bultzatuz. Eta merkatuaren eboluzioari egokitzea ere gura dugu", esan du Mankomunitateko ordezkariak. Nekatur-eko gerenteak, bestalde, adierazi du COVID-19a gainditzea izango dutela erronkarik handiena, "eta nekazaritza turismoetako arduradunen belaunaldi aldaketan lanean ere ari gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak