HAPOaren bueltan eztabaidatu dute osoko bilkuran

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko mai. 28a, 16:04

Puntu asko izan ziren Oñatiko maiatzeko osoko bilkuran. Tartean datorren urteko jai eguna erabakitzea, Palestinari eta Kolonbiari buruzko mozioak, eta 2020 ekintza planaren berri ematea. Baina azken puntuan, galde erreguetan, izan ziren galdera-erantzun gehienak, oposizioan dagoen EAJ alderdiak HAPOarekiko dituen desadostasunak azaldu zituenean.

Jeltzaleendako prozedimendua ez da zuzena izan. Esaterako, jende aurrean HAPOAren inguruko informazio panel handiak eta horiek egin dituztenenen azalpenak bota dituzte faltan, eta egin beharrekotzat ikusten dute hori. Orain arteko ekintzetan jende gutxik parte hartu duela ere uste dute, eta birplanteatu egin beharko dela jende gehiago erakartzeko proiektura, garrantzitsua baita. Hala, prozesua atzeratzea gura dute jeltzaleek.

Udal Gobernuak, baina, prozedimendua ondo egin dela adierazi du: hasierako diagnostikoa herritarrekin landu, talde-lanak ekarpen horiek jaso eta proposamenak egin, horien berri eman Udal komunikabidetan eta webgunean eta aurrerakin dokumentuaren aurkezpena egin parte-hartzearen "deboluzioa" eginez. Osoko bilkuraren amaieran Izaro Elorza alkateak argitu zuen moduan, oraindik ez dago ezer erabakita, osoko bilkuran hartuko dira erabaki horiek, baina azaldu zuen jasotako ekarpen guztiak erantzungo dituztela, EAJk egindakoak barne.

Onartutako beste gai batzuen inguruan, datorren urtean ere San Migel eguna, irailak 29, Oñatin jai izatea onartu zuten. Bestalde, Palestina eta Kolonbiari elkartasuna adierazteko mozio bana aurkeztu zituen EH Bilduk. Kolonbiakoarekin bat egin zuen EAJk eta aho batez onartu, bestearen bozketan, baina abstenitu egin ziren. Mozio horren "osagarria" zen testua irakurri zuten jeltzaleek baina EH Bilduko zinegotziek kontrako botoa eman zuten, argudiatuz Palestina eta Israel parekotzat hartzen zituztelako testu horretan.

2020ko ekintza planaren berri ere eman zuen kontu-hartzaileak atzo egindako maiatzeko osoko bilkuran. Hobetu beharreko hiru puntu ikusten ditu berak: kontratuen jarraipena hobetzea, dirulaguntzak emateko bide berria -ministerio baten menpe dagoen subentzioen datu basea- erabiltzea ez zela egin gogora ekartzea eta gogora araztea Udala derrigortuta dagoela epealdi jakin batean hainbat dokumentu Aldundiako Ogasun sailera bidaltzea. Orain, alkateak egingo du ekintza plan hori eta azkenik kontu-hartzaileak esango du egoki ikusten duela.

Osoko bilkuraren amaieran, alkateak hartu zuen hitza Oñatiko EH Bilduren izenean Azpeitiko alkateari babesa adierazteko, "momentu honetan jasaten ari den presio eta eraso denengatik, bakarrik bere lana egiteagatik, zintzoa izateagatik eta herritarren alde egiteagatik".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak