Musika-ondare handia utzita joan da Juan Carlos Irizar

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko api. 30a, 09:00

Apirilaren 22an hil zen, 69 urte zituela, Juan Carlos Irizar eskarmentu handiko piano-jolea, konpositorea eta abesbatzen zuzendaria; 30 diskotik gora eta partitura- liburu asko argitaratu zituen, baita hamaika herri eta tokitako ereserkiak sortu ere.

Oñatiko musikariaren heriotzak samina sortu du jaioterrian eta, orokorrean, Euskal Herriko musikarien esparruan. "Juan Carlos beti izango da gogoratua musika munduan. Hutsune handia utzi du, baina hor geratuko da berak utzi digun ondare handia. Disko mordoa ateratzeaz gainera, euskal musikaren alde lan handia egin zuen, toki askotako pieza ezberdinak berreskuratu zituen, eta musika eskoetan eta beste jarduera batzuetan erabiltzeko modura moldatu", dio Aitor Biain abesbatzen zuzendari oñatiarrak. "Pena handia hartu dugu auzoan, Zubillagan, oraindik emozioa bueltaka darabilgu", gaineratu du Irizarren txikitako lagun eta auzoko Arantza Elortzak.

Jaioterritik kanpo ere mina sentitu dute askok. Esaterako, Arrasateko Aita Menniko langileek eta egoiliarrek; izan ere, Irizar astero, behin baino gehiagotan, joaten zen Gesalibarrera. Hala kontatu du Aita Menni ospitaleko pastoral eta elkartasun proiektuen arduradun Egoitz Zabalak: "Oso pozik etortzen zen, baina, gu ere, eta pazienteak, bereziki, oso pozik egoten ziren bere zain. Zuloa utzi du Juan Carlosek, baina maitasunarekin eta musikarekin betetzen joango den zuloa izango dela espero dut".

Musikari emankorra

Txikitan murgildu zen Irizar musikan; solfeoa, akordeoia eta txistua ikasi zituen, eta pianoa eta organoa geroago. Jaioterrian jaso zituen lehen eskolak, Donostiako Kontserbatorioan izan zen ondoren, eta handik Madrilgo, Paueko eta Erromako kontserbatorioetara egin zuen salto orkestra zuzendaritza eta musikaren pedagogia ikastera.

AITOR BIAIN (ABESBATZA ZUZENDARIA): "MUSIKARI BIKAINA ETA EMANKORRA; LUXUA DA IRIZARREK UTZI DIGUN ONDAREA".

Pasioa zuen musikarekiko, sortzeko egarria ere bai, eta hala argitaratu zituen Euskal Herriko eta nazioarteko toki eta pertsona askoren izena duten piezekin osatutako 30 disko. Ereserkiak edo bestelako pieza asko ere idatzi zituen: Donostia Zinemaldiarena, Eskoriatzako ereserkia –hango musika eskolako zuzendaria izan zen–. Bilboko Mari Jaia martxa, Kilometroak, Eskola Txikiak eta Ibilaldia ekimenetarako kantuak eta film eta dokumentaletako soinu bandak ere bai.

Hamaika partitura-liburu ere argitaratu zituen, eta abesbatzendako euskal kanta asko sortu ere bai. "Txikitatik ezagutzen dut bere musika. Gogoan dut abesbatza askok Irizarren Kanon umorez abesten genuela; pertsonalki geroago ezagutu nuen. Musikari bikaina izateaz gainera, ikaragarria da sortu duen material didaktikoa. Gabon doinuak, umeendako kantu asko, herri ezberdinetan jaso dituenak, horien guztien partitura-bildumak asko erabiltzen ditugu eskoletan eta abesbatzetan. Tradizionalak batzeaz gainera, gaur egungo kantuen partiturak idatzi ditu pianorako eta abesbatzendako", dio Biainek.

Juan Carlos Irizar, Aita Menniko emakumeen abesbatza zuzentzen. Argazkia: Aita Menni.

Batutarekin ere trebea

Banda eta abesbatza askotako zuzendaria izan zen; Galdakaoko bandan hartu zuen erretiroa. Orain dela bost urte Santa Ana antzokian elkarrekin egin zuten emanaldi baten ostean, sorpresa polita eman zion Aitor Biaini, bandarekin erabiltzen zuen batuta oparituta. "Asko eskertu nion eta mimo handiz gordetzen dut. Erabili dut eta gehiago erabiltzeko asmoa dut".

EGOITZ ZABALA (AITA MENNI OSPITALEA):" OSO INPLIKATUTA ZEGOEN AITA MENNIN, ABESBATZAN ETA PROIEKTU ASKOTAN".

Ofizialki erretiroa hartu bazuen ere, astelehenero pozik joaten zen Arrasateko Aita Menni emakumeen abesbatzarekin entseatzera. "Hori zen bere jardun ezagunena gurean, baina ekintza gehiago egiten zituen, beste unitate batzuetan, abesbatzara joan ezin zirenekin proiektu politak zituen martxan Juan Carlosek, beti musikaren bitartez", azaldu du Zabalak.

Irizar, Chillida Lekun egin zuen Aita Menniko Liberiako egoitzaren aldeko emanaldian. Argazkia: Aita Menni.

Elkartasunerako tresna

Proiektu solidario askotan ibili zen Irizar, baina bihotza bereziki ukitzen ziona Aita Menniko Liberiako egoitzaren aldekoa zen. "Disko bat egin zigun, eta hamaika kontzertu eskaini. Oso eskertuta gaude hemen eta han".

ARANTZA ELORTZA (AUZOKOA): "TXIKITAN ASKO JOLASTEN GINEN BATERA; ATSEGINA ETA LAGUNKOIA ZEN".

 

Zuztarrak ahaztu barik

Gazte zela joan zen herritik, azkeneko urteetan Aizarnazabalen bizi zen, baina "ez zuen saltzeko" Oñati; are gutxiago, Zubillaga, bere auzoa. "Atarte berean bizi ginen, eta jolas asko egiten genituen elkarrekin, errekan ibiltzen ginen arrantzan, frontoian jolasean edo sukalde batetik bestera saltoka; oso oroitzapen politak ditut. Gerora ere harremana izan dugu, disko bat argitaratu orduko, beti zuen guretako ale bat gordeta. Orain dela gutxi arte, auzoko elkartean egiten zuen auzoko lagunekin bazkaria. Elkarteko ereserkia ere egin zuen orain dela bost urte. Jatorra, atsegina eta lagunkoia zen. Penaz gaude Zubillaga auzoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak