Pertsona horiek herritar arruntak izan daitezke, edo nagusiek ohiko dituzten guneetan dihardutenak: erretiratuen elkarteetako erabiltzaileak edo langileak; edo okindegi, ile-apaindegi, farmazia eta osasun zentroetan lan egiten dutenak, esate baterako. Auzo alkateekin ere jarriko dira harremanetan. Horiekin akordioak egingo dituzte ekimenaren bultzatzaileek, bertan parte hartu eta antena sozial lana egin dezaten.
Bakardade egoera hori bizi duten pertsonak detektatuta, ekimeneko arduradunekin harremanetan jarri –688 67 96 67 (Ana Vega)–, eta horiek taldetxoa eratuko dute, eta kafe bat hartzera gonbidatuko dituzte, bakardade egoeran dauden pertsona horiek harreman berriak egiteko aukera izan dezaten. Horrez gain, Udaletik jaso ditzaketen gizarte zerbitzuen edo bestelako elkarteek izan ditzaketen ekimenen berri emango diete.
Oñatin, herritarren %25 da 65 urtetik gorakoa, eta zenbait adierazleren arabera era esanguratsuan handitzen ibil daiteke aipatutakoak moduko beharren bat izan dezaketen pertsonen kopurua. Etxez etxeko zerbitzuaren eskariaren gorakadak, adibidez, horren inguruko pistak eman ditzake, Oñatiko Gizarte Zerbitzuetako koordinatzaile Itxaro Leibarren arabera: "Pertsonak etxean mantendu ahal izateko eta laguntza emateko zerbitzua da, eta gorakada handia izan du. Iaz 29.500 zerbitzu ordu eman genituen; 100 herritarrei eman genien zerbitzua, 90 etxetan. Azken bi urteetan gorakada handia izan dugu, 5.000 orduko gorakada. Ikusten dena da pertsona nagusi gero eta gehiago ditugula herri mailan, eta bai igarri duguna da pandemia garaian ere egoera okertu egin dela eta jaso dugun eskaera kopurua handitu egin dela".
Debagoienean, Arrasaten jarri dute martxan berriki Begirada Adia ekimena. Bertan ikusi da, komertzio eta bestelakoetatik irits daitezkeen antena sozialez gain, oso garrantzitsua izan daitekeela herritar arrunten parte-hartzea. Hala adierazi du Bizipoz kooperatibako Eider Etxebarriak: "Herritarren bitartez iritsi zitzaigun zortzi-bat pertsonaren kontaktua, eta komertzioen-eta bitartez beste batzuena. Hamabi pertsona ditugu identifikatuta, eta aurreko astean hasi ginen lehenengo kafe-guneekin; jendea oso pozik dabil, parte-hartzaileak gustura daude".