Debagoienera hedatuko da Zarramarra-ren umorea irailetik aurrera

Oihana Elortza 2021ko api. 24a, 10:11

Denboraldiko azken saioa eskaini zuen atzo iluntzean Zarramarra taldeak Santa Anan. Irailean itzuliko dira, eta Oñatiko muga gainditu eta umorea Debagoienara hedatzeko asmoa dute. 

Umorea egin eta herritarrei barre eragitea eta tarte goxo bat pasarazteko asmoz taularatu ziren atzo ere Zarramarra taldeko kideak Santa Ana antzokian. Eta lortu zuten. Ia ordu eta erdi iraun zuen emanaldian, joandakoen barreak eta txaloak etengabe entzun ziren. Edukiera muga bete ez bazen ere, beheko zein goiko eserleku asko beteta zeuden.

"Guk ere barre egiteko eta horrelako tarteak jasotzeko eta egiteko beharra sentitzen genuelako hasi ginen, eta oso pozik gaude. Orain, "aparkatu" egingo dugu formatu hau eta podcast-ekin jarraituko dugu. Baina irailean bueltatuko gara horrelako ekitaldiekin eta gure asmoa da Debagoienera zabaltzea umorea. Oso oñatiarra da orain arte egin duguna, hori izan da abiapuntua, baina zalketako asmoa dugu irailetik aurrera", adierazi du Iker Plazaolak saioaren amaieran.

Mugei buruz hasi, eta umorearen mugak zeintzuk ote ziren galdetzen hasi zuten emanaldia. Eta horren segidan konpainia izan zuen Iker Plazolak eszenatoki gainean, taldekiak batzuk, propio gonbidatutako Arantzazu Ibarrondo herritarra beste minutu batzuetan. Izan ere, liburuaren nazioarteko eguna zen atzo, apirilak 23, eta horren aitzakian gonbidatu zuten Ibarrondo. Batzuetan serio eta beste batzuetan umorez, liburutegiko jarduna nolakoa den azaldu zuen Ibarrondok, eta baita liburu baten gomendioa egin ere: Irene Vallejo-ren El infinito en un junco. "Liburuaren historia da, eta historia horretan liburuak eta gizakiak izan duten harremana nolakoa den kontatzen du".

Ruter Ordorika pertsonaiak aspaldiko gauzak ekarri zituen gogora argazki bidez: plazako kioskoaren toldoa eta azpiko komunak, udaletxe atzean egoten zen pailazoa, 'Holiday' zirkua, autotxokeetako eserlekuak... Toki eta momentu horiek ekarten dizkioten gogoetaz aritu zen. Zabartek, berriz, Azkoagain futbol zelaiko parte den Manolo galiziarra elkarrizketatu zuen eta Amaia Aranzetak bere tarte berria nolakoa izango den azaldu zuen. Dena umorez, argazki eta bideoak lagunduta.

Lehiaketan bestalde, ikusleen artean zegoen herritar batek bost galdera zuzen erantzuteko erronka gainditu behar izan zituen; "ez ditugun" ehun euro zeuden jokoan. 

Goienak osorik grabatu zuen denboraldiko hirugarren eta azken saio hori ere, eta maiatzaren 7an emitituko du telebistan, 23:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak