Kasuen gorakadaren aurrean, prebentzio neurri berriak hartu ditu Oñatiko Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko api. 14a, 13:43

Oñatiko udaletxea.

Hainbat alorretako udal zerbitzuetan hartu dira neurriak: maskarak banatuko dira kultura hitzorduetan zein aisialdi zerbitzuetan edo hitzaldietan, adibidez, bertan behera geratu dira Gaztelekutik antolaturik zeuden zenbait irteera, eten egin da gaztelekuko oihal ikastaroa, lau pertsonako taldetara mugatu da Eskola Kiroleko jarduna, kanpoko ekintzak indartu dira, mugatu egin da igerilekuko dutxen erabilera eta unean uneko jarraipenerako harremana indartu da herriko ikastetxeekin.

Oñatiko Udalak neurri berriak jarri ditu indarrean COVID-19ak kutsaturiko herritar kopuruaren hazkundeagatik eta idatzi baten bidez zabaldu ditu neurri berri horiek.

Oharrak dakarren moduan, hainbat alorretako udal zerbitzuetan hartu dira neurriak. Besteren artean:

  • Maskara kirurgikoak banatuko dira zenbait zerbitzutan: Gaztelekuko aisialdi zerbitzua, kultura hitzorduak -kontzertuak, antzerkiak...-, hitzaldiak...
  • Egoerara egokitu dira Haur eta Gazteria saileko eta eskola kiroletako zerbitzuetako dinamikak -esaterako, bertan behera geratu dira gaztelekutik antolaturik zeuden zenbait irteera eta eten egin da gaztelekuko oihal ikastaroa, lau pertsonako taldetara mugatu da Eskola Kiroleko jarduna, kanpoko ekintzak indartu dira...-.
  • Mugatu egin da igerilekuko dutxen erabilera
  • Unean uneko jarraipenerako harremana indartu da herriko ikastetxeekin...

Aurrera begira bestelako neurririk hartzea ez dela baztertzen ere azaldu dute oharrean: “Mahai gainean ditugu balizko zenbait neurri, egoerak okertzekotan martxan jarriak izan litezkeenak. Unean uneko jarraipena egiten gabiltza, egoeraren irakurketa konstantea egiten, osasun adituekin harremanean... Egoeraren arabera joango gara neurri berriak hartzen edo martxan jarririkoak malgutzen", alkateak zehaztu duenez. Era berean, elkar zaintzen segitzeko eta prebentzio neurriak errespetatzeko-aurrez aurreko harremanak mugatu, maskarak erabili, eskuak garbitu, espazioak aireztatu eta distantziak mantentzeko dei egiten die Oñatiko Udalak herritarrei.

Harremanetan osasun adituekin

Oñatiko Udalak oharrean azaldu duen moduan, kutsatu kopuruen adierazleak aurreko astean hartu zuen gorako bidea, "nabarmenki". Horren aurrean, Izaro Elorza Arregi alkateak baheketa masiborako eskaera egin zien Eusko Jaurlaritzako osasun arduradunei: "Dena den, aukera baztertu zuten haiek, egoerari aurre egiteko behar moduko eraginkorra ez zela iritzita". Aurrekoak ez bezala, oraingoak, jatorri anitzeko kasuak direla argitu du Udalak, alegia, ez dagoela foku identifikaturik eta neurriak alor ezberdinetako zerbitzuetan aplikatzea ekarri duela horrek: haurrak, gazteria, kultura, kirola, hezkuntza... “Balizko neurriak aztertzen jardun dugu azken egunotan. Ez dago foku konkreturik. Irizpide orokor batzuen araberako neurriak hartzera garamatza horrek, alor edo erabiltzaile profil zehatz bateko zerbitzuetara mugatu barik. Bitartean, harremanetan darraigu osasun adituekin, egoeraren unean uneko irakurketa eginez”, argitu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak