Beratu jaialdiaren antolatzaileen esanetan, parte hartuko duten artistak aukeratzeko orduan originaltasunaren alde egiten saiatzen dira, eta azken hiru egunetan egin duten laugarren jaialdian ere hori argi geratu da. Zuzeneko musikak lagundutako Markak dokumentalarekin eta hari instrumentu eta ahotsetan oinarritutako Habia hirukoaren kontzertuarekin hasi zen laugarrena egubakoitzean. Atzo, Kataluniatik etorritako Anna Andreuren eta Oñatiko bertako Valls & Banden txanda izan zen. Eta gaur, jaialdia borobiltzeko, Aitor Etxebarria eta konpainiak doinu garaikideekin girotu dute Santa Ana aretoa eguerdi partean; arratsaldean, aldiz, Ana Arsuagaren Verde Prato proiektu bitxiaz gozatzeko aukera egon da Antixena gaztetxean.
"Bosgarrenerako indarrarekin"
Beratun parte hartzen dutenak akaso ez dira salmenten edo famaren gailurrean dauden musikariak, baina pizten dute publikoaren interesa eta horren erakusgarri da Oñatiko emanaldi guztietan agortu direla sarrerak. "Oraindik ez dugu balorazio ofizialik egin, baina balantze positiboa egiten dugu. Artisten partetik jaso dugun feedback-a ere oso ona izan da. Oso gustura gaude, bosgarrenerako indarrarekin", azaldu du Mattin Agirrebengoa antolakuntza taldeko kideak.
Pandemia garaian egiten duten bigarren Beratu izan da oraingoa, eta Agirrebengoak nabarmendu du berretsi ahal izan dutela Santa Ana aretoa benetan leku aproposa dela egun eskatzen diren moduko kontzertuak egin ahal izateko.
"Jaialdi oso zaindua"
Aitor Etxebarria bizkaitarrak eta bere taldekideek bi aldiz hartu dute laugarren Beratun. Egubakoitzean 'Markak' dokumentalari zuzenean jarri zioten musika. Gaur aldiz, libreago aritu dira, abesti gutxi baina luzeak joaz: "Gaurko kontzertua gozamena bat izan da, edozer egiteko askatasuna dugulako. Artean, gure kasuan musika garaikidean, arriskatu egin behar dela iruditzen zaigu. Beti gustatzen zaigu zertxobait arriskatzea, agertokian gaudela publikoarekin energia berriak topatzea. Eta uste dut gaur jendea gustura geratu dela, hortaz...".
"Euskal Herrian badira jaialdi txiki eta oso zaindu batzuk eta beratu horietako bat da, zalantza barik", gaineratu du Etxebarriak, eta antolatzaileen partetik artistek jasotzen duten arreta azpimarratu.