Herriko hiru kirol ezberdin, erabaki bakarrean bat eginda

Maialen Santos 2021ko mar. 25a, 09:20

Osasun egoera zertxobait hobetu eta ligari berrekiteko unea iritsi arren, jokatzeari uko egitea erabaki dute herriko eskubaloi, saskibaloi eta futbol talde gorenek. Talde horietako entrenatzaileekin izan da GOIENA, erabakia nola hartu duten jasotzeko.

Urteko sasoi honetan, asteburuetan ligako norgehiagokak jokatzen beharko lukete Oñatiko Aloña Mendi klubeko talde nagusiek. Osasun krisiak, baina, kirol txapelketa oro etetera behartu zituen taldeak, eta, hilabete batzuk geroago, egoerak zertxobait hobera egin duenean, liga jokatzeari uko egin diote eskubaloiko, saskibaloiko eta futboleko talde gorenek.

Oñatiko egoera salbuespenezkoa da; izan ere, Gipuzkoan ez dago hiru kirol horietan erabakian bat etorri eta txapelketa ez jokatzearen aldeko hautua egin duen beste klubik.

Ildo horretatik, herriko hiru kirol horietako talde nagusietako entrenatzaileekin izan da GOIENA, egoera nola bizi duten galdetu eta erabakiaren nondik norakoak jasotzeko.

Ioritz Agiriano, eskubaloiko entrenatzailea

Eskubaloiak kategoria gorenean dituen bi ordezkariek, gizonezkoek eta emakumezkoek, erabaki dute aurtengo ligari ez berrekitea: Fagor IndustrialAloña Mendik eta Construcciones Aloña Mendik.

Gizonezkoen taldeko entrenatzaile Ioritz Agirianok adierazi du "erabaki zaila" izan zela, baina, era berean, "hartu beharrekoa". Eta gehitu du denboraldia hasiera "xelebrea" izan zutela, jokalarien artean izandako positibo bat tarteko. Gerora, konfinatuta ere egon ziren taldekide batzuk, eta horrek ere izan du eraginik azken erabaki horretan.

"Bizpahiruk erakutsi zuten jokatzeko gogoa; ez zuten erabakia ulertzen"

Jokalari ia guztiak ados azaldu ziren txapelketa bertan behera uztearekin: "Egia da bizpahiruk erakutsi zutela jokatzeko gogoa; ez zuten erabakia ulertzen. Halere, eurekin berba eginda, ulertu egin zuten egoera".

Horrek ekar ditzakeen ondorioei buruz galdetuta, Agirianok azaldu du Eskubaloi Federazioaren menpe dagoela txapelketa, eta egun ez dutela argi zein diren izan ditzaketen ondorioak. Edozelan ere, "denboraldia galdutzat" eman dute eskubaloiko gizonezkoek.

Aitor Ugarte, saskibaloiko entrenatzailea

Mekalki-Aloña Mendi taldeak aho batez erabaki zuen aurtengo denboraldia ez jokatzea, eta jokalariekin bilera egin zuten horretarako. "Konfinamenduak saihestea izan da arrazoi nagusia, osasun zein lehiaketa aldetik bermerik ez genuelako". aitortu du Aitor Ugartek, taldeko entrenatzaileak. Are gehiago, uste du jokalari bakoitzaren egoera pertsonalak sostengatzen duela erabakia: "Bakoitzak bere bizitza du: lanean, familiari dagokionez… eta osasunean pentsatzeko unea da orain".

"Ez dugu isunik edo maila jaitsierarik izango, kirola izango da galtzaile bakarra"

Euren kasuan, Federazioak taldeei eman zien jokatu ala ez erabakitzeko aukera, hautuaren araberako ondoriorik barik: "Ezezkoa eman duten taldeek ez dute isunik izango, ez eta maila jaitsierarik izango. Beraz, ez du inork galduko; kirola izango da galtzaile bakarra".

"Une honetan ez gara entrenatzen ari, datuei erreparatuta aste txarrak pasa ditugulako Oñatin. Hala eta guztiz ere, aurrerantzean ikusiko dugu entrenamenduak nola egin: baloiarekin erritmoa hartu zein teknika indibidualak lantzeko", zehaztu du Ugartek.

Endika Ruiz, futboleko entrenatzailea

Futbolean, Ohorezko Erregional Mailan ere guztien arteko erabakia izan zen txapelketari uko egitearena. Endika Ruiz entrenatzailearen hitzetan, txapelketa jokatzeko "ilusioa" zuten guztiek, baina errealitateak eraman zituen erabakia hartzera: "Aurten kategoria berreskuratuta, penaz hartu zuten erabakia. Igoeratik gentozen lanean hastean, eta kategoria berrian lehiatzeko gogoa genuen". Hala ere, adierazi du lehen hilabeteak gogorrak izan zirela, entrenatzen ari ziren arren baldintzek eta egunerokotasunek arazoek ez zutelako laguntzen. "Gozamena eta sufrimendua parez pare jarrita, ez dakit zein den irabazlea", aitortu du.

"Gozamena eta sufrimendua parez pare jarrita, ez dakit irabazlea zein den"

Federazioaren aldetik zigorrik jaso ez izateak "lasaitasuna" dakarkio Ruizi, eta dio, besterik barik, boluntarioa den lehiaketa bati uko egin diotela.

Entrenatzeari ez diote guztiz utzi, eta bakoitza bere kontura ari da: bizikletan, korrika, mendian... Edozein modutan, Azkoagainera itzultzeko gogoz daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak