Lur azpiak eman du albisterik

Oihana Elortza 2021ko ots. 15a, 20:05

Santi Ugarte, Laura Pereda eta Carlos Eraña espeleologoak Iritegiko koban. (Argazkia: AMET)

Joan den urtea, 2020a, ez da antzua izan Aloña Mendiko Espeleologia Taldeko kideendako. Azken 30 urteetan aurkitutako galeria handienak aurkitu dituzte Arantzazu errekaren bueltan eta hainbat kobatako topografia lanak egin dituzte adibidez.

Urte gorabeheratsua izan da pasatakoa Aloña Mendiko Espeleologia Taldearendako ere, baina ez da antzua izan. Sekulako aurkikuntza pozgarriak egin dituzte; esaterako, Arantzazu erreka 1 gunean topatu dituzten galeriak. "Oso handiak dira. 30 urtean ez dugu antzerakotik topatu", dio, pozik, Santi Ugarte espeleologoak.

Galeria berriak

Inguru hori ezagutzen zuten aurretik. Bazekiten pasabide bat egon beharko zela, eta lanean hasi ziren hori topatu guran. "Ordu asko egin genituen lurra kentzen, bi egun izan ginen horretan. Eta azkenean, lortu genuen. Galeria berriak dira, Iturrigorri inguruan daude. Bidea egitea lortu dugu, baina oraindik badugu lana han. Ordutik, ez gara bueltatu, egia esan, eta noiz bueltatuko garen ere oraindik ezin esan", gaineratu du Ugartek. Izan ere, 2020ko gorabeherekin, AMETeko lagun taldea inoiz baino murritzagoa izan da. Taldeko kide gehienak dira oñatiarrak, baina batzuk kanpoan bizi dira, Bilbon, Arbizun eta Iruñean, esaterako, eta haiek ezin izan dira gura duten guztietan etorri, egoeragatik. Bertan, herrian, zeuden kideekin egin dituzte irteera asko: "Baina, neurri batean, zortea ere badugu, herrian bertan koba asko ditugu eta".

Arrikrutzen ere egin dute beste aurkikuntza bat: Elena jarri diote izena horko galeria berriari. Oraingoz, 200 metroko galeria da ikusi dutena, baina badute berriz barrura sartu eta esploratzen jarraitzeko asmoa.

Lan topografiko asko

Topografia aldetik ere urte emankorra izan da pasatakoa. Egia da aurretik ezagutzen zituzten koba askotara egin dituztela irteerak, baina bazuten horretarako arrazoi bat: topografiak egitea. Andartoko, Potorrosineko, Ugastegiko, Urbiako edo Perusaroiko hainbat kobatan izan dira, adibidez, lan hori egiten, bakoitzak bere izendapena duen tokietan. Denetan garrantzitsuena, baina, Iritegikoa izan da: "Lehendik bagenuen lan hori eginda, marrazkiak bagenituen, esaterako, baina orain berriz egin dugu lan hori: neurtu, datuak osatu eta topografiatu. Inguru horren 3D topografia egin dugu, eta galeria berriak aurkitu eta topografiatu. Alde honen ezagutzak informazio asko eman digu koba honetako uraren zirkulazioa ulertzeko. Ikusi dugu bi erreka datozela, eta garbiago ikusten dugu orain".

Larrara bisita

Euskal Espeleologoen Elkargoak gidatuta, Hiru Erregeen Mahaia mendiaren inguruan urtero egiten dute jardunaldi bat han. Herri ezberdinetako espeleologoak joaten dira, eta aurten ere izan dira Aloña Mendikoak. "Oso arrakastatsua izan da aurtengo kanpaina hori. Larra koba oso handia da, duela gutxira arte munduko zulorik sakonena izan da. Lauzpabost egun egin dituzte barruan, lur azpitik mila bat metrora, bi eta hiru gradutan, abuztuan. Sekulako esperientzia izaten da hori. Hezetasun handia egoten da, gainera, baina taldeko askok diote Lizartzako gogorragoa dela, adibidez. Nafarroa eta Aragoi arteko mugan dagoen hori zabala eta handia da, eta hemengoa, berriz, oso estua; gorputzari eskakizun fisiko zein psikiko handiagoa egiten zaio Oñatikoan". Lizartzan, hain zuzen ere, eskalatzen ere izan dira eta gura baino denbora gehiago behar izan zuten ateratzeko, uragatik. Horri dagokionez, Ugartek dio aurten sarri izango dutela uraren arazoa, elur asko egin duelako. Urzulo da urte askotako proiektua. Joan den urtean ere joan ziren, baina han ez dute aurrerapenik egin oraingoan: "Bi gau pasa behar dira barruan, eta gero eta zailagoa da aurrera egitea".

2021ean ere bide beretik jarraitzeko asmoa dute AMETeko kideek, egoerak eskatzen dituen neurriak albo batera utzi gabe: "Janaria eta ura, esaterako, konpartitu egin izan ditugu beti, denona denontzat; orain, bakoitzak berea eramaten du. Ekipoak ere, bakoitzak du berea, eta horrela erabiltzen ditugu."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak