Ohiko elementuekin datoz Ingurumen Jardunaldiak

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko ots. 2a, 09:33

Basoari buruz ere hitz egingo dute Ingurumen Jardunaldietan.

Hitzaldiak, filmak, zuhaitz azoka zein landaketak, irteera eta astelehenean kultura etxean zabalduko duten erakusketa antolatu ditu aurten ere Oñatiko Natur Eskolak, urteroko Ingurumen Jardunaldien barruan. Gaur, martitzena, da lehen hitzaldia: COVID-19ak ingurumenean izandako eraginaz hitz egingo du Joxerra Aihartzak.

Aurten ere antolatu du Ingurumen Jardunaldiak ekimena Oñatiko Natur Eskolak, eta egungo egoera kontuan izanda osatu dute egitaraua, ohiko osagai guztiak dituen arren. Lehen bi hitzaldiak, gainera, birusari buruzkoak izango dira.

Birusa, lehen bi saioetako gaia

Gaur eta bihar, otsailaren 2an eta 3an, izango dira lehen bi hitzaldiak, eta COVID-19a izango da saio horien oinarrian dagoen gaia, hizlari bakoitzak testuinguru ezberdinaren bueltan jardungo duen arren. Gaur, esaterako, gaitz horrek ingurumenean izan duen eraginaz hitz egingo du Joserra Aihartza biologoak, eta eguaztenean, birusaren gainean modu dibulgatiboan azalpenak ematen dituen Ana Galarraga zientzialari ezaguna etorriko da. Gainerako hitzaldiak bestelako gaien ingurukoak izango dira: Euskal Herriko basoak eta eukaliptoak izango dira batean berbagai eta Euskal Herriaren historia geologikoaz hitz egingo dute bestean, dokumental bat ikusi ondoren.

Bertan behera uzteko arriskua

Horiek guztiak kultura etxean egingo dituzte, baina normalean baino lehenago izango dira: 18:00etan. Hala ere, etxeratze agindua ordu horretara aurreratzen badute ekitaldiak bertan behera geldituko direla jakinarazi dute Natur Eskolako kideek. Eginez gero, berriz, hitzaldiak Udalak Youtube webgunean duen kanalera igoko dituztela adierazi dute; saioaren ostean igoko dituzte hitzaldiak sarera, ez dira zuzenean eskainiko. Bestalde, aretoetako edukierak lehen baino txikiagoak dira, egoeragatik, eta hitzaldietara joan gura duenak azkar samar joan beharko du, tokirik gabe gelditu ez dadin.

Bisitarik ez erakusketan

Antolatzen dituzten ekitaldien artean erakusketa izan ohi da ikusgarrienetako bat. Hala ere, aurtengoa apalagoa izango da, ez ditu horrenbeste baliabide bisual izango, ez aurreko urteetako beste, behintzat. Panel informatiboak egongo dira erakusketa horretan, eta argazki handi bat. Landareak albaitaritzan eta osasunean zertarako eta nola erabili izan diren ikusi ahal izango da, besteak beste. Ikasleekin egin ohi duten bisita gidaturik ere ez dute egingo aurten, egoeragatik.

Natur Eskolakoek ohiko laguntzaileekin osatu dute aurtengo egitaraua ere. Hala nola zineklubean ingurumenari oso lotutako filmak edo dokumentalak eskainiko dituzte otsaileko lehen bi eguenetan. Bestalde, Aloñako Lagunak taldeko kideekin zuhaitz landatzea egingo dute Aloñako magalean, Unaimendin hitzordua jarrita.

Zuhaitz landatzeak eta azoka martxoan izango dira. Baita irteera ere, Arantzazu errekaren arroa ezagutzera. Horretarako, izena eman behar da aurrez: natureskola@yahoo.es da helbidea.

Antolatutako ekintzan agendan daude jasota.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak