Ikastetxeetara heldu da orain Oñatiko Ingo Xonau! egitasmoa eta hitanoa lantzen hasiko dira herriko ikastetxeetan. Hitanoa gazteen artean erabiltzea da Ingo Xonau! egitasmoaren erronka berria, eta, hori bultzatzeko, programa bat landu dute herriko hiru ikastetxeendako. Urte hasieran banatu dute materiala DBH-4ko eta batxilergoko bigarren maila arteko ikasleen artean, eta hitanoaren erabilera lantzen hasiko dira orain eskola orduetan. Hainbat herritarren testigantzekin egindako dokumentala ere erakutsiko diete ikasleei, hitanoaren erabilera nolakoa izan den eta galeraren zergatiak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko.
Egitasmoko arduradun Idoia Etxeberriaren eskutik jaso dute proposamena ikastetxeetan: Hitanoa praktikatzea, eta batez ere emakumeen artekoa, da helburua. 30 bat egoera edo ahozko ariketa planteatu dituzte erabileran trebatzeko. Gazteak elkarren artean hitz egiten jartzeko egoerak edo jolasak, dira, adibidez, proposamenetako batzuk. Eta saiatu dira ariketa gehienetan neskak sartzen; mutilen artekoa hedatuagoa dago, eta nesken artekoa, noka, bultzatu gura da.
Hitanoaren lanketa hau urtarrilean hasi eta ikasturte osoan egingo dute. Euskara ikasgaia dutenetan egingo dituzte ahozko praktika horiek, astean behin, hamabost minutuz. Ikasleak prest daude ikasteko eta erabiltzeko. Hiru urteko plangintza da.