Oñatin egindako rocka liburu batean jaso du Iñigo Biain Berraondok

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 21a, 16:00

Alanbre-hotsa eta jazbana izeneko liburua aurkeztu du gaur eguerdian Iñigo Biain Berraondok. Kultur etxeko zinean eserleku guztiak bete dira; liburuaren protagonistetako asko gerturatu dira ekitaldira. 

Azken bi hamarkadetan bakarrik, 100 rock taldetik gora jaio dira Oñatin; hori, bertsio taldeak kontatu gabe. Iñigo Biain kazetari, idazle eta musikariak 80ko hamarkadatik herrian sortu diren taldeak, kontzertuak, kartelak eta bestelakoak bildu ditu liburuan, eta asko badira ere, penaz kontatu du kanpoan utzi behar izan dituela datu eta pasarte asko.

Oñati bezalako herri batentzat ezin ukatu bitxia ez denik dozenaka eta dozenaka rock talde jaiotzea. Loraldi erraldoi horren inguruan galdetuta, Biainek umorez erantzun du: "Oñatiarrok beti izan dugu zoro samarrak edo arraro samarrak izateko fama; Aloñako urengatik izan daiteke agian, baina kontuak kontu, liburu bat egiteko adina eman digu horrek". Txantxak alde batera, bere ustez, udalak Errekaldeko herri eskolako sotoak uztea izan da arrazoietako bat. 35 urtez herriko taldeek non entseatu zeukaten, eta "umedadea eta anplifikadoreetan sortzen zen lizuna" kontuan hartu gabe, gako garrantzitsua izan zen horrenbeste talde sortzeko. Bestetik azaldu du Oñatikoa izan zela lehenengo Gaztetxea, eta horrek ere eragina izan zuela.

Liburuaren eta prozesuaren nondik norakoak kontatu ditu Biainek aurkezpenean, eta bitartean, zineman, argazki ugari proiektatu dira bata bestearen atzetik: kontzertuetako argazkiak, eskuz egindako kartel zaharrak, musikarien arteko ospakizunak… Aretora bertaratu diren askok nostalgiaz eta hunkituta begiratzen zuten pantaila, haien burua edo ondokoarena noiz ikusiko. Aurkezpena amaitu ostean ere, liburuak eskuetan hartu eta segituan jo dute guztiek orri artean aurpegi ezagunak eta oroitzapenak bilatzera.

"Jazban eta guzti?"

Liburuari izen berezia eman dio Biainek. Aita eta aitxitxari entzundako bi kontzeptu dira alanbre-hotsa eta jazbana. Batek gitarrari egiten dio erreferentzia eta bigarrenak bateriari.

Aurkezpenean kontatu du etxeko balkoitik Errekaldeko sotoan entseatzen zuten taldeak entzuten zirela, eta aitak "han urteten xauk alanbre-hotsa!" esaten zuela, gitarra elektrikoen distortsio soinuarengatik. Denbora gehiegi igaro gabe, gainerakoen entseguak entzutetik, musika taldea sortzera igaro zen idazlea, eta asmoen berri eman zuen etxean. Aitxitxa Antoniok galdera bat egin zion orduan: "Baina konjuntua, jazban eta guzti?". Bateriari buruz ari zen aitxitxa, eta Biainek berak azaldu duenez, hitzaren jatorria jazz band-en dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak