Iñaki Petxarroman: "Aldaketak behar dira; klimaren joera berotzea da"

Karmele Uribesalgo 2020ko abe. 18a, 10:46

Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Astintzen dinamikaren baitan, klima larrialdiari buruzko hitzaldia egin zuen Iñaki Petxarroman kazetariak martitzenean Oñatin.

Klimari dagokionez, zer egoeratan gaude?

Egoera larrian gaude. Nazio Batuen Erakundeak esan du klima larrialdia iragarri beharko litzatekeela mundu osoan. Tenperatura 1,2 gradu igo da industria aurreko arotik, eta, besteak beste, aldatzen ari dira euriaren parametroak. Larrialdi egoeran gaude, eta ez klimaren aldaketaren aldetik bakarrik, baita ekologiari dagokionez ere; sekulako galerak ditugu bioaniztasunean.

Zerk eragin du egungo egoerara iristea?

Faktore asko izan dira, baina nik uste dut gehienbat izan dela indarrean izan dugun sistema ekonomikoa. Izan ere, erregai fosilen erabileran oinarritu du bere hazkundea, eta isurketak areagotu egin dira. Zientziak iragarrita zeukan egoera hau, gutxienez duela 50 urte. Negazionismo klimatikoaren adarra izan dira erregai fosilen industriako kideak, agintari politiko asko, baita hedabide batzuk ere.

Orain arteko erritmoan jarraituta, egoerak ez du hobera egingo.

Ez bada aldaketarik egiten, NBEk egindako txosten batek dio hiru eta lau gradu bitarteko berotze baten aurrean egon gaitezkeela. Nik uste dut doiketa batzuk gertatzen ari direla trantsizio ekologikoa hasita dagoelako, baina ez dakit noraino iritsiko garen. Aurten, %7 jaitsi dira CO2 isurketak, baina begira zer-nolako urtea izan dugun; mugikortasuna asko gutxitu da, eta hori kontuan izanda kopurua txikia da. Izan ere, eskatzen digute urtero portzentaje hori jaisteko hemendik mende erdira karbono neutraltasunean egon ahal izateko. Horretarako, aldaketak egin behar dira sektore guztietan, eta horrek dakarren iraultza teknologiko eta industriala sekulakoa da. Hori egin ezean, gero eta hondamendi gehiago gertatuko dira.

Komentatu duzu egoera doitzen doala, baina bide luzea egongo da egiteko.

Oso bide luzea. Bizpahiru hamarkada pasatu ditugu kasik ezer egin gabe. Doitze batean gaude, baina hori duela hamarkada batzuk hasi izan balitz, askoz ere egoera hobean egongo ginen. Orain, gauzak azkar egin behar ditugu, korrika eta presaka, eta ez dakigu garaiz iritsiko garen. Aldaketak behar dira; izan ere, klimaren joera berotzea da.

Zer aldaketa egin beharko lirateke?

Ekoizpen sistema aldatu behar da, baita kontsumo modua ere; jaitsi egin behar dugu daramagun erritmoa. Horrez gain, natura errespetatzen ahalegindu behar dugu. Oihanik gabe ari gara gelditzen, deforestazioa ikaragarria da, eta atmosferak eta ozeanoak CO2a gordetzeko daukaten gaitasuna kasik agortu dugu. Batzuek diote kapitalismo berdearen bitartez lortu daitekeela isurketak murriztea, Green New Deal itun berde berriaren bidez. Hala ere, niri oso zaila iruditzen zait modu horretara egitea. Uste dut paradigma aldaketa bat behar dugula.

Herritarren kontzientzian eragitea garrantzitsua izango da.

Inportantea da, bai. Jendeak aldaketarako giltzak ditu; ez guztiak, baina batzuk badituzte. Giltza horiek aktibatzea garrantzitsua da beste batzuk aktibatu daitezen. Esango nuke azken urteetan herritarren aldetik kontzientziazio bat gertatzen ari dela. Kontu hau denon ardura da, baina batzuena are gehiago. Horiek mugiarazteko herritarren aktibazioa beharrezkoa da; bestela, gertatuko diren aldaketak antzuagoak izango dira eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak