16,5 milioiko aurrekontua landu du Oñatiko Udal Gobernuak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko abe. 10a, 08:47

Behar handien dutenendako eta herriko eragileendako laguntzak mantentzearen alde agertu da. Egonkortasun ekonomikoa bermatzen duela dio, eta ez dela zorpetze beharrik egongo. Oposizioarekin adostuko du orain, eta 17ko bilkuran eztabaidatu.

Astean erakutsi du Udal Gobernuak bere proposamena datorren urteko aurrekonturako: 16,5 milioi euro; aurten baino 623.000 euro gutxiago. "Lehentasuna izan dute behar handien dutenen gastua eta herriko eragileei ematen zaien laguntza mantentzeak", Izaro Elorza alkateak azaldu duenez. Gaineratu du 1,2 milioi eurotako inbertsioak gauzatzea ahalbideratuko lukeela aurrekontu honek: "Oso pozik gaude aurrekontu txukunak garatu ahal izan ditugulako herritarren beharrei erantzunez. Behin-behinekoak dira, baina behin betikoa honetatik askorik ez urruntzea espero dugu".

Sarrerak eta gastuak

Sarreren eta gastuen arteko konpentsazioan, Udal Gobernuko kideek azaldu dute datorren urtean sarreretan jaitsiera esanguratsua egongo dela; adibidez, Foru Funtsarena, %7,2 txikiagoa. Gastuetan, berriz, Barne Ant-laketaren eta Lurralde Antolaketaren departamentuak dira gehien jaitsiko direnak, inbertsioengatik. Egiteko asmoa duten proiektuen berri ere eman dute Xabier Igartuak eta Izaro Elorzak. Ongizatean, esaterako, %21eko igoera izango du gizarte larrialdietarako dirulaguntzak: 200.000 euro, guztira. Azkoagaingo irisgarritasun proiekturako eta Lezesarrri auzoko sarrera hobetzeko 165.000 euro gorde dituzte, eta beste 91.000 euro Munazategiko biribilgunerako.

Urrutxu eta musika eskola

Urrutxuko zabortegiaren bigarren fasea idazteko, errepide azpian dagoen lursaila zigilatzekoa, 50.000 euro jaso dituzte, eta beste 130.000 garapen bideko kanpo lankidetza mantentzeko. Musika eskolaren proiektua hasteko 15.000 euro daude, aztertzeko zein behar dituen eta irisgarria eta egokia izango litzatekeen musika eskola irudikatzeko. Ikastetxeen laguntzak mantendu egingo dituzte, 87.000 euro, eta beste 78.000 inbertsioetarako izango dira. Kulturako Geuretik sortua proiektua, LGTBIQ diagnostikoa, etnografia proiektua eta hirigune historikoa eraberritzeko plan bat egin gura dute. Zubikoako, Natur Eskolako eta Araotzeko ostatuko lanek ere jarraipena izango dute.

Igartuak eta Elorzak azaldu dute oposizioari erakutsi diotela euren proposamena eta partiden gaineko zalantzak ere argitu dituztela. Orain, EAJren proposamenak nola txertatu edo zein ekarpen jaso negoziatuko dute jeltzaleekin. Hilaren 15ean Ogasun batzordea dute eta 17an, osoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak