Oñatiko hika poltsikoan eramateko moduko liburuxka atera du Ingo Xonau! egitasmoak. Eskuetan erabiltzeko tamaina egokia du, diseinu argia eta oinarrizko taulekin batera, marrazkiz ilustratutako adibideak ere badatoz. Hika ikasi eta praktikatu gura duen edonorendako aproposa.
Aditz-taulak eta marrazkiak ditu
Aditz taulak zuka eta hika datoz; hitanoa, mutilena zein emakumeena. Emakumeen artean gainbehera etorri dela ikusita sortu zen Ingo Xonau! proiektua Oñatin urtebete pasa. Hainbat herritar elkarrizketatu zituzten hitanoaren, erabileraren, ohituren eta bestelako gaien inguruan, eta pasa den otsailean hikalagunak taldeak sortu ziren, hitanoa ikasi eta praktikan jartzeko tertulia saioak. Urrian jarraipena izan dute hikalagunen saioak.
Orain, poltsikorako tamaina duen liburuxkak atera dituzte; 2.000 ale atera dituzte, eta hikalagunen artean banatu eta hika ikastaroetan eta Udal Euskaltegian eskuratzeko aukera egongo da. Badihardugu euskara elkarteko eta Ingo Xonau! egitasmoko gidari den Idoia Etxeberriak prestatu du, Roberto Altuna euskaltegiko irakasleak lagunduta, eta Mirari Sagarzazu marrazkilariak egin ditu diseinua eta ilustrazioak. 32 orri ditu guztira. Batetik, hitanoari buruzko argibideak eta informazio orokorra datoz eta, bestetik, aditz-taulak: adizki nagusiak eta aditz trinkoak, marrazkiekin lagunduta. Elkarlanean eta mimoz egindako produktua da liburuxka.
Etxe guztietan eta Jabetze Eskolan ere bai
Azaroko Kontzejupetik aldizkarian aditz taulen laburpen bat etorriko da, aldean eramateko: Oñatiko hikaren txuletia. Hitanoko aditz eta adizki nagusiak etorriko dira hor, gehien erabiltzen direnak. Liburuxkaren bertsio laburra izango litzateke. Liburuxkak jasotzen duena online ere jarriko dute.
Horrez gain, aurtengo Jabetze Eskolan nokari buruzko ikastaroa ere antolatu dute. Azaroaren erdi aldean hasiko da. Beatriz Irizar izango da irakaslea eta izen-ematea zabalik dago.