Oñati errekako ekosistemari buruzko erakusketa jarri dute, Ibai-lagun astearen barruan

Maialen Santos 2020ko urr. 9a, 12:20

Natur Eskolako kideak, erakusketako panel baten alboan.

Flora eta faunari buruzko informazioa jasotzen da horretan; asteburuko ekintzak bertan behera geratu dira.

Ibai-lagun astearen baitan, Oñati errekaren inguruko erakusketa jarri dute Natur Eskolakoek. Hamar panel informatibo jarri dituzte Oñati errekako hainbat puntutan, eta horietan azaltzen dira errekak ekosistema gisara dituen funtzioak, Aimar Uribesalgo Natur Eskolako kideak azaldu duenez. "Triana inguruan, Ultzegin, jarri dugu lehen panela, eta azkena, aldiz, Otadui zuhaiztiaren inguruan dago", zehaztu du. "Errekan izaki bizidunak daude, zuhaiztiak daude –haltza, gehienbat–, eta horren inguruko informazioa ageri da; baita errekan bizi diren espezie inbaditzaileen ingurukoa ere", argitu du.

Errekaren egoerari buruz galdetuta, azaldu du azken urteetan "hobera" egin duela: "Duela 100 urte inguru, arropa garbitzeko, aisialdirako... erabiltzen ziren errekak. Industria iritsi zenean ere bizkarra eman genien, eta, duela gutxira arte, guztiz kutsatuta egon dira". Hori horrela, "bizidun gutxi" ikus zitekeen erreketan, baina, azken urteetan uraren kalitatea hobetuz joan den heinean, bertako faunak ere "hobera" egin du.

Ekintzak, bertan behera

Martitzen arratsaldean, Duero ibaiari buruzko dokumentala eskaini zuten Natur Eskolakoek, ibai horretan dauden espezieen inguruko bideoa, hain justu. Asteburura begira ekintza gehiago zituzten antolatuta. Zapatuan, Arantzazutik Gesaltzara erreka ondotik oinez joateko asmoa zuten, eta domekan, aldiz, erreka garbiketa egiteko asmoa. Eguraldiaren eraginez, baina, bertan behera geratu dira ekintzak, eta aurrerago zehaztuko dute noiz egingo dituzten

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak