Zezen-plaza bat ekarri, muntatu eta zezenketa bat egin zuten 1973ko urriko lehen asteburuan Oñatin. Hiru zezen hil zituen Gabriel Nieto 'El Viti'-k.
Ibarrako zezen-plazan
Urte batzuk lehenago, 1965ean, beste zezenketa bat egon zen. "Soldadutza egiten nengoen ni orduan eta ez zidaten baimenik eman etortzeko. Sekulako pena hartu nuen. Natra-Zahor enpresa dagoen inguruan jarri zuten orduan zezen-plaza eta bi toreatzaile aritu ziren: Juan Calleja eta Anjel Liarte. Handik urte batzuetara, 1973an, beste bat antolatu zuten, eta han bai, han hartu nuen parte", du ondo gogoan 'El Viti'-k.
Gasteizko zezen-plazaren ardura zuenak antolatu zuen zezenketa hura, 'Serranillo'-k, "Oñatin torero bat bazegoela jakinda". Ibarran jarri zuten orduan zezen-plaza. "Bi toreatzaile ginen, baina besteak min hartu zuen lana hasi eta gutxira, eta neuk hil nituen hiru zezenak. Toreroek izaten duten traje distiratsu bat jantzi nuen egun hartan", dio irribarrez. 'Serranillo'-k utzi zion trajea. Euren aurretik beste bikote bat aritu zen zezenen aurrean: Chato de Córdoba eta Morenito de Palencia. Gero zen euren txanda; Tinin zen beste toreroa.
Oñatin zaletasun gutxi egon arren, egun hartan zezen-plaza nahiko bete zela gogoan du 'El Viti'-k.
Zezenak, txikiagoak
47 urte dira bigarren zezenketa hura antolatu zutela, eta 'El Viti' oraindik ondo gogoratzen da zezen haiek zuten itxuraz: "Oso txikiak ziren, Salamancakoak baino txikiagoak bai, behintzat. Hiltzeko unea zetorrenean beldurtu egiten nintzen ,ezpata non sartu ez nekielako. Askoz zezen handiagoak toreatzera nengoen ohituta ni. Eta hain bizkar mehea ikusten nien haiei! Kosta egin zitzaidan ausartzea, huts egingo nuela pentsatu baituen. Baina zezenari begira-begira jarri nin-tzen eta asmatu egin nuen".
Umetatik gustatu izan zaizkio zezenak 'El Viti'-ri; ezizena ere hortik datorkio, Salamancako torero famatu bat zen 'El Viti'. "Han edozein kaletan hasten ginen zezenari kapotea erakusten. Hemen, sanferminetan, esaterako, ezin duzu hori egin. Baina han bai, han egiten genuen eta herriz herri ibiltzen nintzen, jairik jai. Oinez joaten nintzen askotan, baita asto gainean ere bai zenbaitetan. Amari ez zitzaion nire zaletasun hau gustatzen eta haserretu egiten zen batzuetan, baina anaia-arrebek ondo ikusten zuten, ondo moldatzen nintzela ikusten zuten eta".
Askok baloiarekin bezala, 'El Viti'-k zezenari aurre egiteko kaparekin, oihalarekin, jolasten zuen. Plazetara ateratzen zen, egunen batean norbaitek bere aita ponteko egingo zuela esango zion esperantzarekin. Gura zuen profesional izan, baina ez zen eguna iritsi.
Nagusitan ere bai
Umetan ez ezik, nagusiagotan ere bere zaletasuna horixe izan da, zezenekin ibiltzea. Baina zezen handiak toreatzea, ez sokamuturretan parte hartzea. Oñatin bizi arren, herrira, Macoterara, joan izan da urtetan Gabriel Nieto udako oporretan, eta bidaia horiek aprobetxatu ditu torero izaten jarraitzeko. "Udan toki askotan izaten dira jaiak, eta herri ezberdinetara joan izan naiz zezenak ikusi eta eurekin aritzera. 60 urte nituela oraindik hartzen nuen kapotea eta pase batzuk egin". Ez du inoiz aparteko adarka-darik jaso. "Kolpeak asko, baina adarkadarik ez. Behin, adar baten puntarekin ukitu ninduen zezen batek izterrean. Orduan ez nion garrantzirik eman, baina, Oñatira bueltatu nintzenean, Arrasatera eraman ninduten eta ingresatu, zauria zabaldu eta barrutik behar bezala garbitzeko".
Argazki kuttunak
78 urte ditu egun 'El Viti'-k eta "lasai" bizi dela dio. Ohiko tabernetara joaten da, ohiko irteerak egiten ditu egunero ka-lera. Oso oroimen ona du eta berriketan egitea ere gustatzen zaio. Gaztetan zezenekin ateratako argazki asko ditu etxean, "kaxa bat bete argazki", eta tarteka atera eta begiratzen dituela aitortu du. Oñatiko zezenketakoak alkandorako poltsikoan sartuta etorri da Boga tabernan egin dugun hitzordura, "kuttunenak aukeratuta". Tabernako koadro batean bilduta daudenak ere ikusi ditugu gero, Oñatin traje distiratsuarekin ateratakoa, batez ere. Egun hartako oso oroitzapen onak ditu.
---------------------------
Gabriel Nieto 'El Viti': Aita pontekoa izan banu, torero profesionala izango nintzen"
19 urte zituela etorri zen Gabriel Nieto 'El Viti' (Macotera, Salamanca, 1942) Oñatira.
Nola heldu zinen Oñatira?
Lanera etorri nintzen. Etorri eta Garay enpresan hasi nintzen lanean eta 60 urterekin hartu nuen erretiroa. Beste hiru anai-arrebek ere han egin dute lan, eta beste batek Cegasan.
Non ikasi zenuen zezenak toreatzen?
Macoteran. Umetatik gustatu izan zaizkit zezenak. Torero izaten jolasten nintzen herriko lagunekin; bat zezena izaten zen eta bestea toreroa. Eta gero, alderantziz. 14 urte nituela hasi nintzen toreatzen, nire kasa ikasita. Inguruko herrietara joaten nintzen gorriz pintatutako zaku batekin, kapotea erosteko dirurik ez nuen eta.
Profesional izan gura zenuen?
Bai, noski. Baina aita pontekoa falta nuen nik.
Oñatin ez zen han beste zezenzalerik egongo.
Ez. Horrek harritu egin ninduen pixka bat. Hemengoei ez zitzaizkien zezenak gustatzen; ez, behintzat, horrenbeste.
Zer egiten zenuen zaletasun hori asetzeko?
Azpeitian izugarrizko zaletasuna dago eta hara sarri joan izan naiz, esaterako. Baita Eibarren antolatu izan dituzten zezenketetara ere.