Duela 40 urtetik egiten da Herri Eguna zapatuan eta unibertsitate ondoan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko ira. 28a, 11:00

Paulo Agirre, Antonio Elkoroiribe, Jose Luis Astigarraga eta Agustin Beitia, Oñatiko Nekazarien Elkartean

Duela 41 urte sortu zuten Nekazarien Elkartea, eta urte hartan antolatu zuten lehen aldiz baserritarren azoka. Ordutik, soziedade horretako bazkideek dute horren ardura.

Elkartzeko toki baten bila hasi ziren herriko hainbat baserritar duela 40 urte pasatxo. Elkarte gastronomiko bat sortu gura zuten eurek ere, eta horretarako lokal bila hasi ziren herri-gunean. Erdiko eta osteko kaleetan lokal egoki bana topatu zuten, eta egungoaren alde, Atzeko kalean, egin azkenean, merkeagoa ere bazen eta. 1979an inauguratu zuten, duela 41 urte, eta orduan egokitu zitzaien, lehenbiziko aldiz, baserritarren azoka antolatzea.

40 urte ohiko tokian

Aurretik, Udalak antolatzen zuen azoka hori, baina urte hartatik aurrera Nekazarien Elkarteak hartzen du horren ardura, Udalaren laguntzarekin. Nahiko buruhauste eman zien antolaketa horrek elkarteko bazkideei. "Garai hartan, Errosaixo Biharamun egunean egiten zen azoka hori, eta Santa Marinako plazan. Ez genekien nondik hasi edo zelan egin, baina moldatu ginen. Oso eguraldi txarra egin zuen, oso", du gogoan orduan diruzaina zen Jose Luis Astigarraga bazkideak. Hurrengo urtekoa antolatzea errazagoa egin zitzaien. Tokiz eta egunez ere aldatu zuten: zapatuan eta unibertsitatearen inguruan, egun ezagutzen dugun moduan. Aurten, beraz, 40 urte beteko zituen Herri Egun bihurtu denak.

Txapela sokatiran

Paulo Agirre zen soziedadeko presidentea sorrerako urtean. Eta zuzendaritzako kide ziren Astigarragarekin eta Agirrerekin batera Agustin Beitia eta Antonio Elkoroiribe, besteak beste. Azken hori egungo zuzendaritzan ere badago, gainera. "Astiazaran eraikitzailearekin hasi genituen lanak. Udaberria zen. San Migel egunean ezin izan genuen zabaldu, baina handik egun gutxira bai. Hiru hilabetean egin genituen lanak", du gogoan Paulo Agirrek. Pedro Igarzabal zena arduratu zen obraren jarraipena egiteaz. "Oso azkarra zen. Gauzak argi ikusten zituen, ondo, eta neurriak hartzen, planoak egiten eta horrelakoetan oso ona zen. Ordu asko egin genituen biok egin nahi genuena nola egin pentsatzen eta diruaren kalkuluak egiten", aipatu du Jose Luis Astigarragak. "Hemen dauden sabaiko zutabe asko, esaterako, Arrasatetik ekarri genituen. Hango mojen komentu bat bota egin behar zuten eta egur haiek ekartzea okurritu zitzaion Igarzabali. Ekarri, neurtu eta berak esandako neurrira moztu zituzten. Hor daude oraindik zutabeak", gaineratu du Astigarragak. Elkartearen sarreran, tabernako pareta batean dagoen uztarria, bestalde, Oñatiko Belaskoa baserrikoa da. Elkartea inauguratu zuten egunetik dago hantxe jarrita.

Bazkideak lortzeko, gutunak bidali zituzten etxeetara soziedade berriaren barri emateko; 50ek erantzun zuten. Gero, ahoz ahokoarekin beste asko animatu ziren: 150 herritar zeuden Nekazarien Elkartearen sorreran.

"Bazkide izateko baldintza zen baserrian bizitzea edo, nahiz eta kalean bizi, baserriko semea izatea", zehaztu du Agirrek. Diru kontu guztiak eginda, orduko 150.000 pezeta –900 bat euro– ordaintzea tokatu zitzaion bazkide sartu zen baserritar bakoitzari. "Ez zen inongo arazorik egon. Jarritako epe barruan ordaindu zuten guztiek", dio Astigarragak.

Soziedadea zabaldu zuten urtean, bertako bazkideek osatutako taldeak irabazi zuen txapela. Elkartean dute jarrita oraindik, beste garaikur batzuekin batera.

Uda aurretik lanean

Ordutik hona bazkide kopurua mantendu egin da Nekazarien Elkartean, baita gehitu ere; egun, 172 bazkide dira. "Egia esan, alde horretatik, ez dugu inoiz arazorik izan. Baserritarrak gutxitzen doaz, bai, baina ia urtero dago bazkide sartu gura duen norbait. Pozgarria da hori", dio, irribarrez, Agustin Beitiak.

Urtarrileko azken egubakoitzean egin dute beti urteko batzar nagusia eta han hartzen dute bazkide berriak egiteko erabakia, adibidez. Zuzendaritzako kideak ere orduan aldatzen dira. Bi urterako karguak izaten dira eta denbora horretan Herri Eguna antolatzea tokatzen zaie zuzendaritzako kideei. Antonio Elkoroiriberi duela 41 urteko azoka antolatzea tokatu zitzaion eta aurtengoa egitea ere bai, berez, egun ere juntako kide da eta. "Egoera dena da eta aurten ez da Herri Egunik egingo. Berez, uda aurretik, hilabete pare bat lehenago-edo hasten gara dena antolatzen, eta iraila bete-betea izaten da; hor izaten dugu lan gehien. Aurten, ordea, askoz lasaiago ibili gara. Urteek emandako esperientziarekin errazagoa da egun, baina badu bere lana, gauza asko eduki behar izaten dira kontutan eta dena ondo lotu behar izaten da", dio Elkoroiribek.

Haurren Egunaren urteurrena

Eta Herri Eguna bertan behera gelditu den bezala gelditu da aurtengo Haurren Eguna ere. Hilaren 20an zen berez egiteko, baina ez da ospatu. Oñatzeko kideek azaldu dutenez, dantzari gaztetxoz beteta egon beharko lukeen plaza hutsik geratu da aurten. Eta 50.a beharko zuen aurtengoak. Hain zuzen, urtarrilean hasi ziren Oñatz dantza taldearen urteurren borobil hori ospatzen. Hilabete bakoitzerako ekintza bat prestatzea zen asmoa, baina pandemiak bertan behera utzi ditu plan asko. Baita Haurren Eguna ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak