Bertan behera gelditutako sanmigeletan zabalik da Azoka Kultura Gunea, Oñatin. Atzo zabaldu zuten gunea, eta kultura zinegotzi Iñaki Olaldek lehen balorazio positiboa egin du. "Momentuz balorazio oso ona egiten dugu. Atzo arratsaldean zabaldu genuen gunea haurrendako ikuskizun batekin. Haurrak gurasoen altzoan egon ziren, eta aulki hutsak ere ikusten ziren, baina erdia baino gehiago beteta zegoen".
Amak taldearen ikuskizuna izan zen gauean. "Bete egin zen. Ertzaintzaren bisita ere izan genuen. Ikuskizuna hasi berria zela etorri ziren. Neurriak betetzen zirela ikusi zuten, eta joan egin ziren".
Gaur eguerdian, Nafarroako jotak
Voces Riberas taldeak egin du emanaldia, gaur eguerdian. Nafarroako jotak ekarri dituzte Oñatira, eta 60 bat entzuleren aurrean egin dute kantuan. Gogoratu, Iker Lauroba & beste urtaroak taldeak egingo duela kontzertua, gaur iluntzean.
"Jarraitzen dugu aurrera egitarauarekin", azaldu du Olaldek; izan ere, urriaren 11ra arteko programa dute prest Oñatiko Azoka Kultura Gunean. "Sanmigel egunean bandaren kontzertua izango dugu, eta iluntzean Puro Relajo taldearen emanaldia. Azken horretarako sarrera guztiak salduta daude".
Sarrerak online zein Txokolateixian eros daitezke. "Aste bakoitzeko ikuskizunak aste horretako astelehenean jarriko ditugu salgai, kenduta Sanmigel egunekoak. Horiek salgai daude dagoeneko".