Pandemiak eragotzitako ekintzei omenaldia egin die Ilunpetan taldeak

Karmele Uribesalgo 2020ko ira. 26a, 10:00
Danborradarik izango ez dela irudikatu nahi izan dute Ilunpetan Argazki Taldeko kideek.

Ilunpetan Argazki Taldearen 'Begi bistan' erakusketa ikusgai izango da astelehenetik aurrera. Egin izan ezin diren ekintzak bildu dituzte argazkietan.

San Migel jaietako ekitaldi ia guztiak bertan behera geldituko diren arren, Ilunpetan Argazki Taldeak aurten ere egingo du bere ohiko Begi bistan erakusketa. Dozena bat argazki egongo dira ikusgai, Foruen plazako arkupeetan, hilaren 28tik urriaren 6ra arte.

Izan ere, pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu diren ekintzak islatu nahi izan dituzte argazkietan. Asier Egaña Ilunpetan Argazki Taldeko kideak azaldu duenez, COVID-19a hartu dute ardatz, baina pandemiaren "beste aurpegi bat" erakutsi nahi izan dute. Katia Madina ere Ilunpetaneko kidea da, eta gaineratu du irudietan ikusten dela zer-nolako aldaketak eragin dituen jendearen egunerokotasunean koronabirusaren pandemiak. Iaz hasi ziren gaia zehazten, ordura arte libreagoa baitzen erakusketaren norabidea. Horrela, "kohesio" bat eman nahi izan zioten Begi bistan-i. "Erabaki genuen hobe zela argazki guztiek norabide bera izatea, eta uste dugu horrela ikuslearen begietatik ere zentzu handiagoa duela", azaldu du Madinak.

Erakusketako argazkiak ateratzea esperientzia "interesgarria" iruditu zaio Egañari, gaia ere "berezia" baita: "Polita izan da irudikatzea, adibidez, danborrada ez dela egingo". Izan ere, azaldu duenez, bertan behera gelditu diren ekintzen "birsorkuntza" bat egiten ahalegindu dira. Argazkilariek aitortu dute urte hasieran beste gai bat zutela buruan; hirugarren adinekoekin lotutako irudiak ateratzeko asmoa zuten. Hala ere, COVID-19aren iritsierarekin plan hori aldatu egin behar izan zuten. "Komentatzen hasi ginen ekintza asko bertan behera gelditzen ari zirela, eta konturatu ginen hori adierazi genezakeela argazkien bitartez", azaldu du Madinak.

Bertsoez lagunduta

Txinparta bertso eskolako kideek ere hartuko dute parte erakusketan, eta ikusgai egongo den argazki bakoitzak bertso bana izango du. Hiruzpalau urte daramatzate elkarlan horrekin. Gauzak horrela, argazkiek izenburua izan beharrean, bertso bat dute lagun. "Asko janzten du irudia, eta ikuspuntu borobilagoa ematen dio", adierazi du Egañak.

Oñatiarrentzat zita kuttuna da argazki erakusketarena, eta Ilunpetanekoek onartu dute herritarrek ekarpen ugari egin ohi dituztela. Egañak kontatu du herritarrek "kuriositatea" izaten dutela, eta urtero galdetzen dietela ea erakusketarik egiteko asmorik duten. "Pozgarria da jendeak gure argazkiak ilusioz ikusten dituela jakitea", adierazi du Madinak.

Argazkilari taldekoak gustura daude emaitzarekin, baina Egañak nabarmendu du aberasgarriena izan dela jendearen egoera ezagutzeko aukera izan dutela. Ilunpetaneko kideek eskerrak eman nahi dizkiete eurekin elkarlanean aritu direnei. "Jende askorengana joan behar izan dugu laguntza eske, eta esku zabalik hartu gaituzte", adierazi du Madinak. Behin erakusketa amaituta, Ilunpetaneko kideek adostu dute argazkiak irudietako protagonistei oparitzea. Bai Egañak baita Madinak ere uste dute oroitzapen bat izateko modua dela argazki horiek esku artean edukitzea.

Ekintzak urtean zehar

Mende hasieran sortu zen Ilunpetan Argazki Taldea. Gaur egun, zortzi kidek osatzen dute. Argazkilaritza-zaleak biltzeko aukera ematen duen talde bat da, Egañak azaldu duenez: "Lagun talde txiki bat gara, eta aukera ematen digu elkartu eta gure jakin-minak partekatzeko".

Urtean zehar hainbat erakusketa antolatzen dituzte, eta, adibidez, bi urtean behin Argi festibala antolatzen dute, argazkilaritza garaikidea zabaltzeko helburuarekin. Besteak beste, hitzaldiak eta erakusketak eskaintzen dituzte jaialdi horren baitan. Begi bistan urteroko zita da, taldeak antolatzen duen ekimenik esanguratsuenetakoa. Aurten ere ez du hutsik egingo plazan izaten den erakusketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak