Aurten ez da danborradarik izango Oñatiko San Migel jaietan; ez umeena, ezta nagusiena ere. Koronabirusaren pandemiaren eraginez, antolatzaileek erabaki dute ekitaldi hori bertan behera uztea, baina inflexiopuntua izan daitekeela aitortu dute. Izan ere, azken urteetan beherakada nabarmena izan du danborradak parte hartzaileei dagokienez, eta antolaketarako ere zailtasunak izan dituzte. Geldiunearen ostean, indartuta itzultzea espero dute.
"Erabakirik onena"
25 urtez atera da Jabi Agirre danbor-jole, eta txikitako oroitzapenak ere baditu ekitaldi horren inguruan. "Penaz" bizi du danborrada bertan behera utzi beharra. Izan ere, oso egun polita iruditzen zaio irailaren 28koa: "Jende pila bat ateratzen da kalera, eta izugarria da danborrada barrutik bizitzea; herri osoa zeharkatu eta herritar pila bat ikustea". Iritzi berekoa da Lorea Suarez. Haurren danborradan ateratakoa da, eta helduenean ere hartu izan du parte. Orain, umeena antolatzeaz arduratzen da. "Berezia" da Suarezentzat urteroko ekitaldi hori. Azaldu duenez, gogorra da ekitaldia bertan behera utzi beharra. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleak atera ohi dira danborrada horretan, eta Suarezek gaineratu du umeek ere ulertu dituztela danborradarik ez egiteko arrazoiak. "Egoera nola dagoen ikusita, erabakirik onena dela uste dut", nabarmendu du Suarezek.
Uztailean bi danborradetako antolatzaileek bilera egin zuten, aurtengo ekitaldiarekin zer egin adosteko. Agirrek azaldu du nahiko argi zegoela helduena ezin izango zela egin: "Jende pila bat batzen da, eta arriskugune izan zitekeen". Haurren danborradarekin zalantza gehiago izan ziren, eta aztertu zuten ea zenbait moldaketarekin egin zitekeen. Besteak beste, talde txikiagoetan egitea pentsatu zuten, alde batetik bestera mugitu gabe edo danborradarako propio izaten dituzten arropak jantzi barik. Hamabost pertsona inguru aritzen dira, gaurgaurkoz, umeen danborradako antolaketa lanetan; batzuk gurasoak, beste batzuk boluntarioak. Euren artean landu zuten gaia, Udalarekin hitz egin zuten, eta, bozkatu ostean, bertan behera uztea erabaki zuten. "Ni irtetearen aldekoa nintzen, baina ordu pila bat dira, ume asko daude, eta arriskutsua izan daiteke", aitortu du Suarezek.
Beherakada parte hartzean
Azken urteetan jaitsi egin da helduen danborradan parte hartzen duen jende kopurua. Duela lau urte, esaterako, 400 lagun inguru atera ziren danborradan, eta iaz erdia izan ziren; 200 bat oñatiarrek hartu zuten parte. Jendea ekitaldira animatzeko zailtasun ugari izan zituzten joan den urtean, baina, hainbat deialdiren ostean, aurreko urteetan baino parte hartzaile gehiago izatea lortu zuten.
Haurren danborrada, galtzear
Haurren danborrada, berriz, galtzear egon da, baina iaz herritar taldetxo bat batu, eta ekitaldi hori antolatzera animatu ziren. Tartean da Suarez ere, eta dio pena dela gisa horretako jai "garrantzitsu" bat bertan behera uztea jenderik ez dagoelako. Iaz 150 gaztek hartu zuten parte, baina Suarezek ez uste danborradaren indar faltaren arrazoia parte hartzaile falta denik; lan handia dakar antolaketaz arduratzeak, eta baliteke familia guztiak ez egotea konpromiso hori hartzeko moduan.
Helduen danborradaren antolaketan ere gorabeherak izan dira azken urteetan. Batzorde batek izan zuen zita prestatzeko ardura, eta 2012an beste talde bat eratu zen lan horietan jarduteko. Gauzak horrela, bi batzorde horiek aritu ziren danborrada antolatzen. 2014an, berriz, hasieratik zeudenek lan hori utzi zuten, eta beste batzorde bat osatzeko dei egin zen. "Errelebo beharra zegoen", adierazi du Agirrek. Deialdi horren ostean, talde berri bat osatu zen, eta horrek dihardu orain danborrada antolatzeko lanetan. Hala ere, Agirrek nabarmendu du lagun gutxi daudela talde horretan, eta indartu beharrean dagoela.
Danborrada indartzeko unea
Aurten ez da danborradarik izango, eta hurrengoaren esperoan egongo direla azaldu dute antolatzaileek. "Geldiune hau abiapuntua izan daiteke helduen danborradako batzordea osatzeko eta indartzeko", adierazi du Agirrek. Urte hau baliagarria izatea espero du, eta hurrengo sanmigelak gogo gehiagorekin ospatuko dituztela gaineratu du. Haurren danborradan bide bat ireki dela uste du, herritar talde batek hartu baitu jada konpromisoa. Horrez gain, azaldu du musika eskola ere badagoela laguntzeko prest.
Suarezek ere uste du aurtengo geldiuneak indartu egin dezakeela danborrada: "Beste urtetxo bat daukagu gauzak hobeto prestatzeko eta indarrak hartzeko". Donostiako tailer batekin batera jantzi berri batzuk ari ziren prestatzen aurtengo danborradarako, baina ezingo dituzte estreinatu. "Hor egongo dira umeen zain, eta hurrengoan eskertuko da berrikuntzak izatea", adierazi du. Antolaketa lanetara batzera animatu nahi du jendea Suarezek. "Ez gara oso talde handia, eta ondo etorriko litzaiguke laguntza", azpimarratu du.
Mende erditik gora
Gaur egun ezagutzen den San Migel bezperako danborrada 1966an egin zen lehenbiziko aldiz. Urte bat lehenago sortu zen Club Mixto de la Juventud arduratu zen antolaketaz, gerora Oñatz taldea izan dena. Hasiera haietan izan zen Jose Luis Madinagoitia, eta azaldu du aurretik ere egin zela danborrada bat, 1960an, baina bere horretan gelditu zela. Madinagoitiak adierazi duenez, hasierako urteetan "nahiko klasikoa" zen danborrada, inguruko herrietan egiten zirenak eredu hartuta sortutakoa. Horrez gain, lehen urte haietan abesti propiorik ere ez zuten, eta Donostiakoak erabili ohi zituzten.
Haurren danborrada 1982an egin zen lehen aldiz, eta emakumeen konpainia hurrengo urtean sartu zen helduenera. "Ez genuen inolako zalantzarik izan", azpimarratu du Madinagoitiak.
Gerora, hainbat aldaketa izan ditu danborradak, eta unean uneko egoera eta beharretara moldatu da. Aurten ezin izango da ekitaldi hori egin, eta hurrengoaren zain gelditu beharko dute bai antolatzaileek, baita herritarrek ere.