COVID-19ak bete-betean eragin du gure artzainen lanean. Aurten ez da 61.a beharko zukeen Nazioarteko Artzain txakur Txapelketa jokatuko, Oñatin. Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketen Antolatzaileen Elkartea da EHATE. Bertako kide da Jose Mari Bengoa oñatiarra, eta, berak txapelketarekin aurrera egin gura zuela aitortu dion arren GOIENAri, ezinezkoa izan dela azaldu du: "Hainbat batzar egin genituen eta lurraldeka ez egiteko erabakia hartu genuen. Txapelketa horietan Gipuzkoako, Arabako, Bizkaia, Nafarroako eta Iparraldeko txapeldunak erabakitzen dira eta horiek Oñatiko Nazioartekoan dira ordezkari. Lurraldeko txapelketarik ezean, Oñatikoa ere ezin da egin. Gainera, protokoloaren baitan zerbait gertatuko balitz, ardura hori norbanakoaren gain hartu beharko litzateke. Hortaz, aseguru kontuengatik aurten aurrera ez egitea erabaki dugu, eta arriskurik ez hartzea". Aire librean eta espazio zabaletan egin ohi dira txapelketak, eta berez egitea bazegoela dio. Hala ere, arriskurik hartu gura izan ez dutela nabarmendu du.
Euskal artzain txakurren geroa
EHATEk, txapelketen antolatzaileen elkarteak, aurten txapelketarik egingo ez den arren lanean jarraitzen duela azpimarratu du, ohar bidez. Facebookeko orrian artzainen testigantzekin osatutako bideoa ere kaleratu dute, haien lana azaleratu eta bermatu guran: "Aurten EHATEko artzain eta antolatzaileok lehiaketarik ez antolatzea erabaki dugu, osasun egoera dela eta. Hala ere, lanean jarraitzen dugu artzaintzaren geroa eta euskal artzain txakurren geroa bermatzeko. Lagundu nahi diguzu? Edo laguntzarik nahi duzu zure euskal artzain txakurra trebatzeko edo beste zerbaiterako? Idatz egiguzu: ehatezuzendaritza@gmail.com", jakinarazi du elkarteak.
Era berean, Bengoa artzainak azaldu du geldi ez direla egon, eta, osasun neurri guztiak bermatuz, ikastaroak antolatu dituztela pandemia garaian. "Beste ikastaroren bat ere antolatu guran gabiltza orain, artzainen lana erakusten jarraitzeko".
Aurrez ere bertan behera
Aurtengoa, ordea, ez da nazioarteko txapelketa bertan behera geratzen den lehen aldia izan. Aurrez auzi politikoengatik txapelketarik ez zela antolatu azaldu du Bengoak: "1961etik 1967ra bi-tartean, ez zen txapelketarik antolatu. Orduan, Txantxiku Txoko elkarteak zuen nazioarteko txapelketa antolatzeko ardura, eta, gai politikoak tartean, ez antolatzea erabaki zen urte haietan".
Ikus-min handia
Artzain txakurren txapelketak urrezko aroa bizi izan zuen bereziki 70eko eta 80ko hamarka-detan. Hasieran, Soraluze inguruko belardietan egiten zen; ondoren, Asentzioko zelaietara aldatu zuten. Bertan, bost mila lagun pasatxo elkartzen ziren txapelketa ikusteko. Sasoiko ospetsuak ere ez zuten hutsik egiten; tartean, Felix Rodriguez de la Fuente naturazalea eta Cesar Perez de Tudela alpinista entzutetsua gonbidatu gisa etortzen ziren, eta artzaintzaren munduari eruen babesa erakusten zioten. "Orduko Reyes Korkostegi alkateak lan handia egin zuen, eta berak ekarri zuen txapelketa eredua Kataluniatik. Fraga Iribarne ere ekarri zuen Urbiara, teleferikoa jartzeko asmoz, pentsa! Reyes Korkostegik oihartzun handia eman zion txapelketari. Ospetsuak ekartzen zituen, artzaintzari bultzada eta errekonozimendua eman guran. 70eko hamarkadan, Felix Rodriguez de la Fuente hainbat txapelketa ikustera ere etorri zen".
Kataluniatik Oñatira
Katalunian Agustin Franco izeneko abeltzain batek sustatuta, abeltzainek eta artzainek apustuak egiten zituzten txakurrik onena nork zuen erakutsiz, 1948an hasita. Kataluniako gizartean eta baita bertako prentsan ere oihartzun handia izaten zuen. "Oñatiko mendizale talde batek Kataluniara egindako irteera batean prentsan ikusi, eta Reyes Korkostegiri ekarri zioten albistea. "Izan ere, Reyesek ordurako bazeukan halako zerbait egiteko nahia ere buruan bueltaka. Agus-tin Franco albaitaria ekarri zuen Oñatira, eta halaxe jarri zuen martxan artzain txakurren lehiaketa".
Datorren urtean, bai
Aurten posible izango ez den arren, EHATEko kideek antolaketa lanetan buru-belarri dihardute datorren urtean Oñatin nazioarteko 61. txapelketa jokatu dadin. "Egoerak lagunduko gaituelakoan gaude eta datorren urtean txapelketa guztiak egingo direlako esperantza badaukat. Gure jarduera guzti-guztia eremu zabalean eta aire librean egiten da, gainera, eta hori aldeko dugu. Egin egingo dela esango nuke", dio Bengoak.