Mugitzeko modu jasangarrien gainean kontzientziatzeko murala egin dute Oñatin

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 19a, 19:14

Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat egin du Oñatiko Udalak ere, eta astean zehar egin duten ideia lehiaketaz gain, gaur beste bi ekintza egin dituzte, Arazi enpresako hezitzaileek dinamizatuta. Goizean Usakora egin dute martxa, bizikletan, eta arratsaldean mural bat margotu dute, kutsatzen duten ibilgailuak eta mugitzeko modu jasangarriak zeintzuk diren bereizteko.

Ideia lehiaketari dagokionez, herrian mugikortasun iraunkorra sustatzeko 20 proposamen inguru jaso ditu, oraingoz, Udalak. "Lehiaketa formatuan egin dugunez, parte-hartzaile guztien artean bizikleta tolesgarri bat zozkatuko dugu eta, bide batez, ideia guzti horiek interesgarriak izango zaizkigu arlo horretan nola jardun erabakitzeko", azaldu du Asier Iraetak, Ingurumen zinegotziak.

Gaur goizean, bestalde, Usakora bizikleta martxa egin dute. "Taldeka banatu gara eta helburua izan da haurrei azaltzea zergatik den hobe oinez, bizikletaz edo patinetez mugitzea. Izan ere, Usako aisialdiko erreferentzia nagusietako bat da herrian eta beti egon izan dira mugikortasunarekin lotutako arazoak, ohitura handia dagoelako autoz bertaratzeko, auzoan arazoak sortuz. Beraz, hori azpimarratzea gura izan dugu", dio Iraetak.

Arratsaldean, berriz, mural tailerra egin dute. Araziko hezitzaile Leire Ruizek azaldu duenez, muralean bi ideia irudikatu gura izan dituzte: "Batetik, gura duguna, hau da, bidegorrien erabilera eta ingurune natural eta jasangarri bat. Beste aldean, berriz, saihestu gurako genukeena", dio, kutsatzen duten ibilgailuei erreferentzia eginez. "Era berean, sormena ere landu dute haurrek, eta ekarpen interesgarriak egin dituzte".

Haurrek, halaber, ondo ulertu dute egin beharrekoa zer izan den. "Alde batean kutsatzen duten garraiobideak jarri ditugu, hegazkinak, autoak eta abar, eta bestean, jasangarriak direnak, bizikleta edota patinetea".

Informazio puntua, plazan

Gaurko egun osoan zehar informazio puntu bat ere jarri dute herriko plazan. "Arazikoek dekalogo bat prestatu digute, mugitzerakoan egoki eta seguru aritzeko gomendioekin, eta horiek herritarrei helarazi gura izan dizkiegu. Nik uste dut, halere, hau aldatzen ari dela, azken urteetan egindako lanaren ondorioz, eta esango nuke eraginkorra dela pixkanaka ideia hauek gizartean txertatzen joatea. Izan ere, geroz eta jende gehiago ikusten da bizikletan mugitzen edota herrian bertan erosketak oinez egiten", azpimarratu du Iraetak. 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak