Donostian egindako bileran, egitasmoa aho batez onartu dute eta Arantzazuren etorkizuna bermatzeko oinarriak zehaztu dituzte. Markel Olano diputatu nagusiak azaldu duenez, Arantzazuk "itsasargi eta bidegile funtzioa" jokatzen du euskal gizartean eta horrekin batera, frantziskotarren "eskuzabaltasuna eta ikuspegia" goraipatu ditu, "izaera herritarra eta herriaren zerbitzura lan egiteko konpromisoa" erakusteagatik.
Frantziskotarrak ere inplikatu dira egitasmo honetan, abiapuntua Arantzazuren etorkizunari buruz azaldutako kezka izan baita. Euskal Herrian oro har, santutegiak eta haren inguruak indar sinbolikoa du herritar askorentzat eta diktaduraren une gogorretan euskararen gordailu eta hizkuntza estandarraren abiapuntu ere izan da, besteak beste.
Udazkenetik aurrera
Gaurko bileran, beraz, Arantzazuren berpizkundea gauzatzeko ahalegin bat egingo dutela adostu dute. Horretarako, datorren udazkenean, berrikuntza sozialerako laborategia abian jarriko da Gandiaga Topagunean. Elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa aztergai eta langai gisa hartuta, Arantzazu, "gizarte gizatiarrago, justuago, kohesionatuago eta lehiakorrago" baten aldeko "erreferentzia gune" bilakatuko da.
Laborategian euskal gizarteak izan ditzakeen arazoak eta beharrak izango dira abiapuntua eta erantzun berritzaileak abiatuko dira. Horretarako, partaidetza prozesuak garatuko dira, baina baita ikastaroak, kongresuak, jardunaldiak eta hitzaldiak antolatu ere.