Oñatiko EAJk "elkarlanaren beharra" agertu du COVID-19ari aurre egiteko

Maialen Regueiro 2020ko uzt. 21a, 13:35

Oñatiko EAJk prentsaurreko bidez egin du legealdi honen lehen urtearen balorazioa eta "parean ditugun erronkei aurre egiteko, elkarlanak izan behar du nagusi" azpimarratu du Ainhoa Galdos, bozeramaile jeltzaleak, "EH Bilduren udal-gobernuak gure ekarpenekiko azaldu duen jarrera ez da izan egokiena" argudiatuz. 

Bi garai

EAJ-k legealdiaren lehen urte honetan, bi garai nabarmendu ditu, COVID-19aren aurrekoa eta ondoregoa eta Ainhoa Galdos, bozeramaile jeltzaleak adierazi du, "gauza batzuk aldatu badira ere, hainbat jarrerek berdin jarraitzen dute". 

Izan ere, Galdosek esan du, bere taldeak "jarrera eraikitzailearekin" jarraitzen duela eta EAJ udal-taldearen helburua, "egungo eta etorkizuneko oñatiarren bizi-kalitate egokia bermatzea" dela. 

Pandemiak eragindako ondorioak izango dira EAJ-ren esanetan, "legealdi honetako erronka nagusia", nahiz eta "herri bezala aurretik genituen erronkak ahaztu ezin ditugun". 

HAPO-aren lanketa

Klima-aldaketari aurre egiteko lehen sektoreak duen garrantzia eta gizarte berdinzale baten beharra dira EAJ-ren agendetan dauden bi gai garrantzitsuenetakoak. Horrekin batera, Galdosek HAPO-aren lanketa ere azpimarratu du, "Oñatiren etorkizuna definitzeko" oinarrizkoa izango baita. 

Udal-gobernuaren jarrera

Horrez gain, EAJ-k udal-gobernuaren jarrera baloratu du, "nahi bezain positiboa izan ez" dela esanez: "Gure ekarpenak maiz ez dira aintzat hartu eta gutxietsi ere egin dituzte eta azken hau, ez da zilegia". Horrekin batera, Galdosek aipatu du, EAJk ez duela udal-gobernuarekiko "elkarlanerako borondate handirik ikusi". 

COVID-19a

EAJ-k aipatu du, pandemiaren aurretik plan finantzario baten beharra aurkeztu zutela eta COVID-19aren krisiaren eraginez, eta datozen hiru urteetara begira, "are beharrezkoagoa" delakoan daudela, "udalak duen egoera ekonomikoa ondo kudeatzeko". 

Pandemiaren harira, EAJ-k azaldu du, martxoko osoko bilkuran 2019ko aurrekontuaren gerakinaren inguruan hartutako erabakiarekiko desadostasuna agertu zuela, baina krisiari aurre egiteko mahai bat sortzea eta elkarlanerako bideari heltzea proposatu zuela. Kulturaren alorra lantzeko ere mahaia sortzeko eskaera egin zuen alderdi jeltzaleak, nahiz eta EH Bilduk ez zuen berau "onartu" eta beraz, jeltzaleek ez duten lanketa horretan parte hartzeko aukerarik izan. Hala ere, EAJ-k positiboki baloratu du krisiari aurre egiteko egindako lanketa. 

Etorkizuna

EAJ-k ardura azaldu du, etorkizunarekiko: "Giro politikoa asko nahastu da, baina lasaituko delakoan gaude. Izan ere, konfrontazioa nagusitu da eta EH Bilduren jarrera asko gogortu dela uste dugu". Datozen hiru urteetara begira, Galdosek adierazi du, "EAJ udal-taldea oñatiarraren alde lan egiteko eta konfrontazioak ekiditeko dagoela". 

Jose Mari Agirreri elkartasuna

Prentsaurrekoa amaitzeko, EAJ-k elkartasuna adierazi nahi izan dio Jose Mari Agirreri, komunikabideetan bere iritzia emateagatik jasan behar izan duen egoera dela-eta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak