Badator uda, baina ezohiko uda izateko itxura guztia du aurtengoak turismoari begira. Hori da, behintzat, Oñatiko ostatuetan sumatzen dutena. Prest dituzte logelak, oheak eta jangelak, baina normalean baino askoz dei gutxiago ari dira jasotzen. Joan den asteburuan, eguraldi ona lagun, lurraldeko beste herri batzuetako jende asko etorri zen Oñatira asteburu-pasa. Arantzazun autokarabana asko zeu-den zapatuan eta San Martingo gunean ere furgoneta eta autokarabana dezente egon ziren egubakoitzetik domekara bitartean. Eta datozen asteetan, behintzat, joera hori errepikatu egingo dela uste dute herriko ostatu jabeek; asteburu-pasa bai, baina lo-lekua norberak ekarrita. Herri turistikoa izateaz gain, industria herria ere bada Oñati, eta langileekin ere egiten dute lana bertako ostatu jabeek, baina hori ere ez da lehengoa.
348 ohe daude Oñatin
Ostatu hartzeko denetariko au-kerak ditu Oñatik: hotela, landetxea, aterpetxea, autokarabanen gunea, ostatua... Guztira, 348 ohe daude, baina kategoria edo gustu ezberdinetakoak dira. Eta aukera zabal hori egotea aberasgarria da herriarendako, duda barik. Gainera, estilo askotariko ostatu motak izateaz gain, bereizgarri egiten dituzten zerbitzuak edo elementuak ere badituzte. Esaterako, Zumeltzegi dorreak pareten artean gordetzen duen historia, Goiko Bentan dauden Oteiza eta halako artista euskaldunen artelanak, eta Sindikako borden luxua, batzuk aipatzearren. Turistak ondo hartzeko, erosotasuna eskaintzeko, eta eurei zerbitzu emateko guztiek egiten duten etengabeko lana ahaztu barik.
Herri turistikoa da Oñati eta uda askotan beteta egon dira zerbitzu guztiak, ohe guztiak. Aurten, baina, hori ez dela gertatuko uste dute ostatu jabeek, eta zenbateraino hutsik edo beteta egongo diren ez dakite. Hala ere, euren ahalegin guztia jarri dute lo eta jan lekuak bisitariendako behar bezala ego-kitzen, adituek eskatutako segurtasun neurriak hartzen. Esaterako, checking-a modu ordenatuan egingo dute, jende asko ez pilatzeko, eta egun ba tzuetako egonaldia egingo duten bezeroei jangelan beti mahai eta eserleku berdinak erabiltzeko eskatuko diete. "Bezeroek egoera zein den badakite eta hartutako neurriak eta arauak kontuan" hartuko dituztela uste dute ostatuen jabeek.
Turismo Bulegoan deiak Eta herriko ostatuak eta jatetxeak turistak hartzeko prestatzen aritu diren bitartean, Turismo Bulegoa eta Arrikrutz kobak kudeatzen dituen Oinatur kooperatibako langileak ere bisitariak hartzeko aurretiazko lanak egiten ibili dira. Atzo, eguena, ziren, esaterako, Arrikrutzera joatekoak, manpara jarri eta gelak eramateko. Turismo Bulegoak, esaterako, ohiko ordutegia izango du ekainean zapatutik aurrera. Orain artekoak baino txikiagoak izango dira bisita gidatuetako taldeak, baina herriko ondarea erakusteko moduan egongo dira aurrerantzean ere, musuko edo maskarekin izan arren.
Arrikrutz Kobak eta Turismo Bulegoa, zabalik
Deiak ere jaso dituzte astean. Arrikrutzen, esaterako, lauzpabost jaso dituzte egunero, batez beste. Era guztietako deiak izan dira, gainera. Batek, adibidez, Oiartzundik Arrikrutzera autobusean nola joan daitekeen galdetuz deitu du. Beste batek, Donostiatik, familiarekin batera etortzeko erreserba egin du; gaztetxoa zela egon zen Arantzazun baina harrezkero ez, eta familiarekin bueltatzea erabaki du oraingoan, bide batez kobak ikusiaz. Urbiakofondaren berri jakiteko ere deitu du batek baino gehiagok, zabalik ote dagoen galdezka. Arabatik deitutako neska batek, berriz, kobetako bisitaren inguruko informazioa eskatzeko deitu du, "probintzien arteko mugikortasuna baimen-tzen dutenean joateko intentzioa" duelako.
Arrikrutz kobak eta Oñatiko Turismo Bulegoa asteburuan, zapatuan, zabalduko dituzte, herrira datozen turistei zerbitzua emateko. Egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak hartuko dituzte batean zein bestean. Esaterako, taldeak orain artekoak baino txikiagoak izango dira; Arrikrutzen, 15ekoak, gehienez. Bestalde, erreserbak aurrez hartuko dituzte telefono bidez, eta kreditu txartelarekin ordaintzea eskertuko dute. Musukoa edo maskara eramatea derrigorra izango da.Arrikrutzen, hiru bisita gidatu egingo dituzte egunean: 11:00etan, 13:00etan eta 17:00etan. Astebururako dagoeneko badituzte erreserba batzuk eginda, eta informazioa eskatzen edo erreserbaren bat lotzeko lauzpabost dei jasotzen dituzte egunero. Gipuzkoa barrutik jaso dituzte dei gehienak.
Txokolateixia, aldiz, denda moduan zabalik dagoen arren, ez ditu, oraingoz, bisitak hartuko.
Parketxea ere zabalik dago
Aste bukaeran, zapatuan zabalduko dituzte zerbitzu biak, eta, Turismo Bulegoak ohiko ordu-tegia izango badu ere, Arrikrutz "poliki-poliki hasiko da, egunean hiru bisita egiten", Ikerne Altube teknikariak azaldu duenez.
Arantzazuko parketxea, bestalde, astean zabaldu dute, Gipuzkoako beste parketxeekin batera. Eta ekainerako egitaraua zapatuan estreinatuko dute hegazti sarraskijale bila abiatuko dira GPSarekin. Domekan, Arantzazu inguruko paisaiak ikus-teko irteera egingo dute. Ekaineko gainerako asteburuetan ere egingo dituzte irteerak parketxetik abiatuta.