Izaro Elorza: "Udara begira kultura gida bat prestatzen gabiltza"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko mai. 22a, 11:00

Oñatiko alkatea, udaletxeko balkoian, martitzenean.

Aurreikusitakoa baino 1,6 milioi euro gutxiago jasoko du Foru Funtsetik Oñatiko Udalak eta kezkaz jaso du iragarpen hori Izaro Elorza Oñatiko alkateak. Bestetik, udarako, bainutokiei, udalekuei, turismoari edo kultura ekimenei begira, erabakiak hartzen ari direla dio.

Konfinamenduaren arintze prozesuan gaudelarik, nola daude une honetan Udal zerbitzuak?
Arreta Zerbitzua abian da txanda sistema bidez, segurtasun neurriekin. Orain arte funtzionatu du modu telematikoan eta telefonoz. Gizarte zerbitzuetan ere antzera, nahiz eta, bereziki, larrialdi egoera berezi honetan sortutakoei erantzuten ari diren, beste batzuk albora utzita. Artxiboa erabil daiteke txanda hartuta; gaztelekua-eta itxita daude, baina hezitzaileak ari dira zerbitzua internetetik ematen… Zerbitzu gehienei eutsi diegu, modu berezian bada ere, eta modu presentzialarekin orain hasiko gara. Kiroldegiko ohiko zerbitzuak itxita daude, baina, aldian-aldian zabaldu egiten da kiroldegia zapatuetako azokarako. 

Zenbat langile ditu Udalak?
115 bat; horietatik erdia baino gutxiago udaletxean lanean. Modu presentzialean, 12  bat lagun ari dira une honetan udaletxean lanean. Baina kale garbitzaileak, brigada, udaltzainak… ere lanean ari dira kalean.

Udal gobernua eta zinegotziak nola ari dira?
Ni neu egunero etortzen naiz udaletxera, baina gainerako zinegotziak telelanean ari dira. Noizean behin batzarren bat egin dugu modu presentzialean. Udalbatzaren osoko bilkurak modu telematikoan egin ditugu hasieratik, kazetarien presentzia ere ahalbidetuta, martxokoa izan ezik. Logistika arazoengatik ez zen kazetaririk izan zuzeneko saioan, baina Osoko Bilkura grabatu egin zen osorik. Eta, ostean, kazetarien esku utzi. Batzordeak-eta ere modu telematikoan egin ditugu. 

Usako eta inguruak zaintzeko eskatu diozue Ertzaintzari, konfinamendu egoera arintzen hasi denean jende pilaketa nabaritu duzuelako. Kezkatuta zaudete?
Pedagogia lanak egiten gabiltza, informatzen. Ikusi ditugu baten batzuk Usako aldera hurbildu direla azken egunetan eta ohartarazi nahi dugu ura, erreka, kutsatzeko bide izan daitekeela eta kontuz ibili behar dela. Kartelak jarri ditugu, eta noizean behin bertaratzen dira udaltzainak edo ertzainak ohartarazteko. Herritarrak, oro har, ondo ari dira. Azken astean lau bat isun proposamen egin dituzte udaltzainek, baina kanpoko herritik bertara etorri izanagatik-eta. 

Terrazak zabaldu zituztenean?
Tabernariekin lanketa bat egin dugu aldez aurretik: nola zabaldu, ze baldintzatan, non…, halakoak zehazteko. Hasierako egunetan, udaltzainak aritu ziren begiratzen, zuzendu beharrekoen gainean ohartarazten… Dekretu bat argitaratu dugu terrazen erabilera arautzeko eta egoera berrian erraztasunak eman ditugu. Erabilera egokirako argibide kartelak sortzen ere bagabiltza. Tasak, esaterako, itxita zeuden bitartean ez kobratzea erabaki zen eta zabaltzen zirenetik hasira, urrira arte atzeratzea kobrantza. 

"27,6 milioi euroko Udal aurrekontua da aurtengoa bere horretan eusten diogu"

Uda eta bainu denboraldia ate joka dira. Zabalduko dituzue ur parkeak, Usako?
Oraingoz, ez. Usako zabaltzea zaila izango da. Ura kutsatzeko puntu bat izan daitekeelako. Igerileku batek kloroa dauka eta horrek lagun dezake. Errekak ez. Gatzura eta errekako ura ez dira igualak birusaren transmisioari dagokionez. Ikusi beharko dugu. Ur txorroekin aukera handiagoak izango dira. Ikusi behar. Igerilekuak itxita daude. Bainutokiak, hortaz, aurten itxita izango dira seguruen Oñatin. Ur txorroen parkea izan daiteke aukera. Usako puntuan utziko dugu, mantenu lanak-eta eginda. Baina ikusi behar zein den egoera.  Akaso, uda aurrera doan heinean…, aztertuko dugu.

Igerilekua berritzeko lanak nola daude?
Martxa onean. Bi astez geldi egon dira. Urte amaierarako lanak amaitzea zegoen aurreikusita eta uste dut gutxi-gorabehera beteko ditugula epeak. Aurtengo Udal aurrekontuaren handiena da eta aurrera doa, iaztik. 

Aurten aurreikusitako beste inbertsioak aurrera jarraitzen dute?
Hasiera baten, bai. Aurreko urtetik datozenak, Natur eskola, Araotzeko ostatua… Horiek aurrera doaz, normal. Olakuan, irisgarritasuna bermatzeko lan batzuk egingo dira… Dena den, herritarren parte hartzea eskatzen dutenak, aurrekontu parte hartzaileak bezalakoak, ezingo dira aurrera eroan.

Udal aurrekontuan nola eragingo du krisi honek?
17,2 milioi eurokoa da aurtengo aurrekontua, baina gerakinak eta beste kontuan izanda, guztira, 27,6 milioi euroko aurrekontua da eta bere horretan eusten diogu. 

"1,6 milioi euro gutxiago jasoko ditugu Foru Funtsetik eta ikusiko dugu zelako doikuntzak egin, hilabetez hilabete"

Foru Funtsetik %20 gutxiago jasoko dute udalek. Berria ez duzue ondo hartu.
Bi kontu gertatu dira: forma aldetik huts egin du Aldundiak, hedabideetatik jakin dugulako udalok. Gainera, badaude foroak eta horien bidez esan behar dira gauzak. Izan ere, diru hori Udalarena ere bada, ez da soilik Aldundiarena. Bakoitzari bere zatia dagokio. Adostu egin beharko litzateke denen artean gaia nola bideratu.

Nola eragingo dio murrizketak Oñatiko Udalari diru-sarreretan?
1,6 milioi euro gutxiago jasoko ditugu eta ikusiko dugu zelako doikuntzak egin, hilabetez hilabete. Gerakin bat badaukagu, dirua badaukagu, eta horrekin jokatuko dugu. Aurrekontua egiterakoan eta gerakinak berrantolatzerakoan, erreserba poltsa bat uztea erabaki genuen bere garaian. Arduraz jokatuta aurreikusi gabekoetarako. Horri esker gaude gauden moduan. 

Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak-eta handitu egin dira Udalean?
Gizarte zerbitzuetan eskaerak handitu egin dira. Horretaz aparte, Oñatiko Udalak ez ohiko laguntza bat bultzatu du. 30.000 euro zeuden aurreikusita eta beste 20.000 eurotan handitzea erabaki dugu. Bonu sozialetara bideratu dugu. Diru sarrera mugatuak dituztenei edo diru sarrerarik ez dituztenei, elikagaiak eta garbitasunerako produktuak bertako dendetan erosteko laguntzak dira. Baldintza jakin batzuk betetzen dituztenendako. Oñatin, une honetan, 36 bat familia ari dira jasotzen hori. Oraingoz, lehen aste hauetan, dagoeneko, 8.000 euro bideratu dira. Jarraipena izango du. Gizarte zerbitzuen gainean informatzen ahalegindu gara. Egoera honetan inportantzia berezia eskuratu dute. 

Ze zor dauka Oñatiko Udalak?
Zorpetze maila 6,58 da. Iaz mailegua eskatu genuen kiroldegiko lanei eta beste inbertsio handi batzuei aurre egiteko. Hasiera baten, hori edukita eta gerakina eta likidezia edukita, gure saiakera izango da gastua kontrolatzea ahal den neurrian. 2020an ez genuke gehiago zorpetzerik nahi. Orain, beharrezkoa izango balitz, datozen urteetan zorpetzea aukera izan daiteke. 

"Oñatin, 36 bat familia ari dira jasotzen Gizarte Larrialdietarako Laguntzak"

Aurreikusten duzue herriko erakundeei eragingo dien murrizketarik, diru-laguntza jaitsierarik edo halakorik? 
Momentuz, Udal aurrekontua berdin geratzen da eta onartutako diru kopuruak ere bai. Urte amaieran ikusiko zer egin ahal izan duen bakoitzak, ze aurkezten duen, zuriketaren araberakoa izango da. 

Elikagaien Bankuarekin, Caritasekin eta halako gizarte erakundeekin harreman zuzenean diharduzue?
Bai. Elikagaien bankuak bi banaketa berezi egin ditu orain arte; Ausolagunek ere ontziak banatu ditu janariekin… Ekainaren erdi ingururako Europatik etorriko da beste laguntza bat.

Kulturari dagokionez, ekainerako eta uztailerako hitzordu batzuk lotu dituzue dagoeneko?
Hainbat ekitaldi eten egin dugu, atzeratzeko asmoarekin. Hasieratik egon da kultura batzordea aztertzen ze egin eta zela berreskuratu kultura jarduera. 13-14 bat ekitaldi lotu ditugu ekain-uztailerako. Eskultura izena eman diogu ekimenari. Kultura eskura kontzeptutik abiatuta sortutako hitz jokoa da Eskultura. Bertan behera geratu ziren ekitaldiak berriro agendan sartzea da asmoa eta berriak sortu ere bai. Kultura berpizten hasteko. 

"Aztertzen ari gara gaztelekuan kontzertu bat streaming bidez ematea. Bizarro taldearekin eta herriko beste talde batekin.

Herriko kulturgileen lana etxeetara, herritarrei, helarazteko asmorik baduzue, esaterako, streaming bidezko kultur emanaldien bidez?
Denetik daukagu esku artean, baita aukera hori ere. Aretoetan, segurtasun neurriak hartuta, zer eta nola egin daitekeen aztertzen ari gara. Santa Anan, Gaztelekuan, Kultur aretoan…, bagaude ekitaldi batzuk aurreikusita. Baita kalean ere. Esaterako, aztertzen ari gara Gaztelekuan kontzertu bat streaming bidez ematea. Bizarro taldearekin eta herriko beste talde batekin. Ixteke dago. Bizarroren aurkezpen kontzertua izango litzateke.

Corpusak bertan behera geratu dira…
Corpusetako meza Internetetik zuzenean ematea aztertzen ari dira… Kaleko ekitaldiak ezingo dira egin; meza, bai. 

Jai nagusiak irail amaieran-urri hasieran dira. Horiek normal egingo dituzue?
Nahiko genuke. Ordurako egoera hobeto egotea gurako genuke, baina nork daki. Ohiko jaiak egitea zaila izango da. Moldatu egin beharko dira. Azkeneko urteetan plazan egin den kontzertu berezi masiboa seguruen ezingo da egin… Zehaztuta zeuden hainbat jai ekimen nola egin daitezkeen aztertzen gabiltza. Udal aurrekontuetan jai nagusiei gordetako partida hor dago, oraingoz.

Beste herri batzuetan, Arrasaten esaterako, kale batzuk itxi egin dira trafikora oinezkoei lehentasuna emateko. Aurreikusi duzue halako aldaketarik egitea Oñatin?
Ez dugu horren beharrik ikusi. Ez, behintzat, herrigunean; izan ere, oinezkoek protagonismoa badute gaur egun ere berez Oñatin. Akaso erdigunetik aparteko beste toki batzuetan, baina oraingoz ez dugu horren premiarik ikusten. 

Koronabirusak nola eragin du Oñatiko ekonomian?
Inguruko herrien antzera: lantegi batzuk daude ERTE egoeran, erdi itxita… Ikusi beharko da koronabirusak ze ondorio uzten duen herriko langileengan, gazteengan… Eta hartu beharreko neurriak hartu beharko dira ostean. Tokiko merkataritza bazegoen laguntza premian eta orain behar handiagorekin. Zorionez, krisi honek gertuko merkataritzarekiko kontzientzia areagotu egin du. 

"Udaletik 40.000 euro bideratu dira herriko dendetan erosteko eta, ondorioz, 200.000 euroko kontsumoa sustatu dugu herrian"

Herriko denda, taberna, jatetxe eta abarretako kontsumoa sustatzeko neurriak hartu dituzte?
Kuttuna egitasmoa hor dago. 20.000 euro bideratu ziren hasiera baten eta bukatu zirenean, beste 20.000 euro jarri genituen. Udaletik 40.000 euro bideratu dira eta, ondorioz, 200.000 euroko kontsumoa sustatu dugu herrian. Gero, pixkanaka, dendak-eta zabaltzen joan diren heinean, bertan behera geratu da Kuttuna ekimena Oñatin. Urte amaierara bitartean, beste ekimen eta beste bonu batzuk jarriko ditugu martxan. Urte osorako, bonuetarako, 150.000 euro bideratu genituen eta 40.000 erabili ditugu jada. Bonuak, fisikoki, udaletxean, dendetan… salgai jartzeko aukera aztertzen ari gara, ze orain arte Internet bidez egin da bakarrik. 

Neurri Ekonomikoen Mahaia eratu zenuten martxoaren amaieran Udalbatzan ordezkatuta zaudeten alderdi bietako ordezkariok, EAJk proposatuta. Nolako lana egiten du mahai horrek?
Ondo ari gara. Aurrekontuan gorde zen 500.000 euroko partida bat arlo sozio-ekonomikoan eragiteko. Bonu sozialak direla, diru-laguntzak direla… Nahiz eta hainbat alorretan eskumenak ez diren udalenak, beste erakunde batzuenak baizik. Zain gaude ea diru-laguntzak heltzen diren. Bitartean, talde bilerekin dihardugu, beste udal batzuekin kontraste lanetan, proposamen berriak lantzen… Mahaira proposamen zehatzak eroan guran. 

"Ohiko udaleku irekiak ezingo dira egin, baina beste zerbitzu batzuk eskaini nahi ditugu"

Foru aldundiek bertan behera utzi dituzte udalekuak. Oñatiko Udalak hartu du erabakirik zentzu honetan?
Momentuz, prozesuarekin aurrera goaz. Jakitun gara ohiko udaleku irekiak ezingo direla egin, ezta kirol eta arte udalekuak ere. Halere, beste zerbitzu bat eskaintzea nahiko genuke, jakin badakigulako behar handia dagoela, alde batetik, kontziliaziorako, baina, bestetik, haurren beharrei erantzuteko ere, arnasguneak izan ditzaten. Beraz, hori guztia kontutan izanda, begiraleen izen ematea martxan jarri dugu eta bien bitartean aurtengo zerbitzua definitzen ari gara. Aurreikusten dugu taldeak txikiagoak izan beharko direla eta egoeraren arabera moldatu. Segurtasuna bermatu ahal badugu, egingo ditugu, osasun adituen jarraibideekin. Bestetik, berreste prozesu bat jarriko dugu martxan. Alegia, izena eman dutenek eta umea zerbitzura eroan gura ez dutenek edo horretarako beharrik ez dutenek, izen ematea bertan behera uzteko aukera izango dute. Dekretuen zain gaude, proposamen zehatza azalarazi –zer egin dezakegun, zer ez, zer gomendatzen den…–, eta berrespen prozesuari ekiteko. Orduantxe ekingo diogu izen ematea bertan behera utzi dutenei dirua bueltatzeko prozesua.

Turismoak badu bere pisua Oñatin. Aurten aukera handiagoak zabaltzen dira?
Kanpora ezingo gara joan seguruen. Eta bertan mugituko gara. Barruko herriek, Oñatik, badituzte aukerak. Natura edo kultura turismoa indartu ahal daiteke. Kostaldeko herrietan sortzen den jende pilaketa ere saihestu daiteke barruko herrietako turismoarekin… Abuztua berezia izango dela aurreikusi genezake, besteak beste, seguruen, lantoki batzuek lanean jardungo dutelako eta jende gehiago gera daitekeelako herrian. 

"Udako kultura gida bat ari gara prestatzen. Laster aterako dugu"

Zinea aire librean moduko edo ohikoak baino kultura ekimen gehiago egingo dituzue?
Bai. Bertan behera geratu zaigun hainbat ekitaldi udan antolatu gura ditugu eta, ondorioz, uztail-abuztuan izango dira. Aire libreko zine emanaldiena aurrekontu parte hartzaileetan atera zen eta aurrera doa. Udako kultura gida bat ari gara prestatzen. Laster aterako dugu. 

Kutsatu kopuruari begiratuta, Oñati ez da kutsatu gehien dituenetakoa. Herritarrak arduraz jokatzen ari direla ikusten duzu?
Hasieratik hartu ziren neurriak eta herritarrek ondo bete dituzte, bai. 

San Martin egoitzan ez da kasu positiborik hauteman…
Bai, alde horregatik ere pozik. Hasiera-hasieratik hartu ziren erabakiak. Ondo jokatu da. Testak pasa zaizkie egoiliar eta langile guztiei… Lan ederra egin dute eta zortea ere izan dugu. 

Musukoak derrigorrezkoak izango dira kalean ere. Pentsatu duzue herritarren artean maskarak doan banatzea?
Jostunen sarea antolatu zen bere unean, baina bertan behera geratu zen oihalak ez zituelako berme guztiak betetzen. Orain bagabiltza erakunde batzuekin harremanetan eta seguruen abian jarriko dugu ekimenen bat. Berme guztiak bete daitezen lanean gabiltza.

Irudipena duzu Udaletik ondo erantzun zaiola krisi honi?
Lan asko egin da. Dena bat batean etorri zen eta erantzun genion modu ahalik eta onenean. Udala berrantolatu behar izan genuen, barrura zein kanpora begira: langileak  zerbitzuak, informazioa… Arintze fasean gaude orain eta egoera berrira egokitzen ari gara… Etengabea da egokitu beharra, baina gogor gabiltza, unean unekoari ahalik eta egokien erantzuteko konbikzioz, herritarrendako lanean.

"Senarra etxetik ari da lanean eta horrek laguntzen du eta, bestalde, 4 eta 6 urteko alabak, bien artean, ondo moldatu dira, elkarrekin jolasean…

Arlo pertsonalean, nola eroan duzu?
Aritu naiz buru-belarri lanean. Segurtasun egoera bermatuta daukazunean, beste zereginei errazago heltzen diezu eta, zorionez, etxean denak ondo gaude: alabak, senarra…, baita gurasoak eta inguruko guztiak ere. Horri esker, lanean jo eta ke ari naiz. Lasai. Herritarrak ondo ari dira erantzuten. Txarrena da herritar batzuk joan direla gaitz honengatik, edo hainbat preso edo gertuko ezin dituela bisitatu hainbatek…

Etxetik lanean aritu zara?
Baita. Ondo moldatu gara etxeko laurak. Senarra etxetik ari da lanean eta horrek laguntzen du eta, bestalde, 4 eta 6 urteko alabak, bien artean, ondo moldatu dira, elkarrekin jolasean… Kalera atera garenean ere ondo, paseatzen, patinetan… Harritu ninduen, ahal izan zenean alabek ez zutela poz edo gogo berezirik kalera ateratzeko. Eta ez da beldurra zutelako kalera irteteko. Etxean gustura aritu dira. Kalera atera garenean, zorrotz bete dituzte arauak. 

Balkoira atera zara egunero?
Bai. Krisi honi esker, auzokideen artean oso harreman ona sortu da, inoiz baino gertukoagoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak