Hipokrisiari, rock ilun zaporeko haginkadak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko mai. 15a, 19:15
Iban Idigoras, Iñigo Palacios, Aitor Regueiro, Tommaso Galati eta Aixibar Urtega dira Bizarro talde berria. Argazkia: Bizarro

"Gizakion miseriei buruzko" bost kantu batu ditu Bizarro taldeak argitaratu berri duen Deshumanizazioa' bilduman; asteon hasi dira kantuak sarean aurkezten eta USB formatu fisikoan argitaratzeko asmoa dute kontzertuekin hasteko aukera dutenean.

Potemkin taldea banatu zenean, taldekide ziren Iban Idigorasek eta Aixibar Urtegak entsegu-lokalean elkartzen jarraitu zuten kantu berriak sortzeko; eta hala ari zirela, kuadrillako-lagun Iñigo Palacios gitarra-jolea batu zitzaien. "Oñatin bizi den Tommaso Galati musikari eta soinu teknikari italiarra entsegu-lokalera etortzen hasi zen geroago, eta taldera batu zen bera ere, gitarra-jolea da. Laurak kantuak konposatzen hasi ginenean, Aixibarrek esan zigun baxua jotzea beretako gauza berria eta nahikoa erronka zela, eta hala proposatu genion Aitorri abesten pisu handiena hartzeko. Bakarlari ibili izan da, baina segituan baiezkoa eman eta ederto moldatzen da", kontatu du Iban Idigoras bateria-joleak.

Oñatiko Bizarro taldeak Deshumanizazioa lana atera du.

Ilunak eta amorruz abestuta

2018an sortu zuten Bizarro boskotea, eta rock iluna, tristea eta gogorra egiten dute. Musika eragin edo gustuei dagokienez, "bakoitza bere amarena" dela diote, iturri ezberdinetatik edan dute, eta horien guztien nahasketatik sortu dutela Bizarro: "Iñigok metal asko ekarri du; Aixibarrek eta biok, stonner eta rock-and-roll eraginak; Tommaso italiarrak oso musika ezberdina entzun izan du; Aitor musika arloan entziklopedia bada. Abestiak ilunak, tristeak eta amorruz abestutakoak dira. Batik bat, hipokrisiari bost haginkada dira kantuak, bakoitzak atzetik bere istorioa duen arren".

Eltziako eraikinean, Zai Zoi Bele kolektibokoek duten lokaletan, grabatu dute. "Lan oso luzea eta gogorra izan da, eta bukatu genuenean etorri zen COVID19a; beraz, online egin dugu beste guztia. Nahasketak Tommasok egin ditu, etxetik; eta masterizazioa Milango PM9 estudioan egin ditu Tommasoren lagun Stefano Mariani puntako soinu teknikariak".

Formatu fisikoa, USBan

Ez dute CD edo biniloan aterako, USB formatuan aukeratu dute. "Kontzertuekin hasten garenean aterako dugu. Kantuak, argazkiak, bideoklipa eta beste sorpresaren bat ere jasoko ditu. Zuzenekoak noiz egin ahalko diren ez dakigunez, sare sozialetako gure profilen bitartez hasi gara zabaltzen aste honetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak