Wifia izateko txartelak banatu ditu Oñatiko Udalak ikasleen artean

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 2a, 10:45

Ume bat, ordenagailuan, giza gorputzari buruzko informazioa bilatzen.

Wifi konexiorik ez duten ikasleek ikasketak etxetik online jarraitzeko baldintzak bermatzeko zerbitzua eskaintzen ari da Oñatiko Udala, herriko ikastetxeekin elkarlanean. Izarkom kooperatibari eskatutako hamahiru SIM txartel banatu ditu, oraingoz.

Oñatiko Udalak SIM txartelak banatu ditu wifi konexiorik ez duten ikasleen artean. Ikasle horiek ikasturtea jarraitzeko muga telematikorik ez izatea da ekimen honen helburua, eta herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean ari da burutzen Udala. Hamahiru eskaera egon dira, oraingoz.

17 GB hilabeteko

Ikastetxeak martxoaren 13tik aurrera klase presentzialak eten eta online formatuan ari dira eskolak ematen. Modu horretarako, baina, ikasleek Internet behar dute, eta baita tableta, ordenagailua, Chromebook edo horrelako erremintaren bat. "Udala ikastetxe guztiekin, hirurekin, jarri da kontaktuan, egoeraren berri izateko eta modalitate berri honetan dituzten beharrak identifikatzeko. Ikastetxeek kontrastea egin dute eta hainbat ikaslek wifirik ez zutela konturatu dira. LHko, DBHko zein batxilergo mailako ikasleak daude identifikatu dituztenen artean", azaldu du Hezkuntza teknikariak, Iñaki Akizuk. Arazo honen jakitun, Udalak Izarkom kooperatibari eskatu dio laguntza, eta, hala, SIM txartelak erosi ditu beharra duten ikasle horiendako. "Txartel horiek 17 GB-ko datuak dituzte hilero. Hilabetea amaitzen denean automatikoki betetzen zaie txartela 17 GB-ko edukiera horretara bueltatzeko", dio Akizuk. Txartel horien gastua Udalak hartzen du; 2.000 euroko partida jarri du horretarako.

Eskolak zabaldu arte

Zerbitzu hau eskolak zabaldu bitartean eskainiko du Udalak. "Egitasmo honekin bermatu gura da wifi konexiorik gabe zeuden ikasle horiek online klaseak jarraitu ahal izatea. Beste ikaskideen parean egotea ikastetxeak bidalitako dokumentazioa jasotzeko eta deskargatzeko eskolako lanak egin ahal izateko. Modu honetara, ikastetxearekin eta irakasleekin harremana izateko modua ziurtatuta dute", dio Hezkuntza teknikariak.Martxoan, joan den hilean, hasi zen zerbitzu hau eskaintzen Udala, eta ikasleak klase presentzialetara bueltatu arte iraungo du. Dagoeneko iragarri dute zein mailatakoak bueltatuko diren, baina besteei, ikasturteko azken egunean desaktibatu egingo zaie txartela. Momentuz, hamahiru eskaera jaso ditu Udalak, baina, egoera luzatu egingo denez, Txantxiku Ikas-tolarekin, Urgainekin eta Elkar Hezirekin harremanetan jarraitzen du, ikasleen beharrak zeintzuk diren jakiteko eta laguntzeko moduak aztertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak