Oihana Zubia: "Europara baino, Danimarkara eta Suediara begira dago Norvegia"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko api. 7a, 08:15
Oihana Zubia oñatirra etxean, Oslon, hiru semeetako birekin

Danimarkan Norvegian baino lehenago itxi zituzten mugak eta antza laster zabalduko dituzte ikastetxeak. Suedian aldiz ohiko bizitza egiten ari dira hein handi batean, eta gaixoen kopurua haziz doa. Eta Norvegia herrialde biei begira ei dago, Oihana Zubia oñatiarrak GOIENAri adierazi dion moduan.

Norvegiako hiriburuan, Oslon, bizi da Oihana Zubia oñatiarra. Martxoaren 12tik etxetik jarraitze dituzte eskolak hiru semeek, "Teams,, Zoom eta eskola bertako plataforma desberdinak erabiliz" eta eurak etxetik egiten dute lana. "Egun arraroak dira, desberdinak, baina beste leku batzuetan nola dauden ikusita, ezin gara asko kexatu, gu kanpora atera ahal gara-eta. Gobernuak etxean egoteko gomendioa egin du, baina pasiora joatera eta haizea hartzera ateratzea ere gomendatzen du. Hori bai, gehienez bost laguneko taldetan.  Eta egia esan eskertzen da etxe inguruan ibilalditxo bat egitea. Gu ez gara martxoaren 12tik erdigunera joan, zeren ez dugu autobusik edo metrorik hartu gura. Baina telebistan ikusten denez jende gutxi dabil erdiguneko kaleetan eta oraindik ez da ikusten jendea maskarak jantzita".

Zubiak adierazi duen moduan, maila guztietako ikastetxeak, zinemak eta antzokiak itxita daude eta dendak eta farmaziak zabalik. Herrialdeko mugak itxita dituzte eta herrialde barruan bidaiatu daitekeen arren, kanpotik datozenak etxean egon behar dute hamalau egunez. "Biztanleen %72 inguruk begi onez ikusten ditu gobernuak hartutako neurriak eta neurrien jarraipena ona dela esan daiteke. Badirudi momentuz egoera kontrolpean dutela; oraingoz ez dago saturaziorik ospitaleetan eta ez da entzuten arnasa hartzeko makinen beharra dagoenik. Testak ere egiten dira hemen, baina momentuz ospitaletan lan egiten dutenei eta oso gaixo daudenei bakarrik. Beste alde batetik, Norvegiako biztanle guztiei inkesta digital bat heldu zaigu telefonora. Bertan denetariko galderak zeuden; gaixotasunik dugun, medikaziorik, koronabirusaren sintomarik izan ditugun, zenbat bizi garen etxean etab." dio oñatiarrak. Koronabirusagatik gaixotu diren herritarren kopuruari buruz, Zubiak esan du Oslon 2,4 positibo daudela 1.000 biztanleko. "Bitxikeri bezala, hemen dirurik ez da ia erabiltzen, dena txartelarekin egiten da. Badirudi alde horretatik birusa gutxiago hedatu dela".

Egoeraren jarraipena egiterakoan, hango telebista kateek Europako berri ematen duten arren, jendea oraindik lasai dagoela iruditzen zaio Zubiari: "Norvegia, Danimarkara eta Suediara begira ere badago. Danimarkan mugak Norvegian baino egun batzuk lehenago itxi zituzten eta badirudi laster eskolak irekiko dituztela berriro. Beste aldetik berriz, Suedian oraindik nahiko bizitza normala egiten ari dira eta gaixo eta hildakoak gora doaz. Norvegiak eta Suediak muga egiten dute eta harreman handia dute. Ikusiko dugu laster neurri gogorragoak hartu behar duten edo ez".
 
Bestetik, Zubiak adierazi du Gobernuak debekatu egin duela eskiatzeko etxoletara joatea: "Hemengo gobernuak etxetik lan egiteko eskatu zuenean, jende asko etxoletara joan zen, asteak bertan egiteko asmoz. Ohitura dago Aste Santua etxoletara joatea eskiatzeko, baina birusa dala-eta debekatuta dago. Martxoko bigarren astean jende asko joan zan  internet bitartez lana egitera etxoletara, eta  gaixo ugari agertu ziren; ezin herritara jaitsi sukarra zela-eta. Orduan Gobernuak guztiz debekatu zuen etxoletara joatera eta hori da momentuz hemengo "zoritxar" handiena. Ea horretan geratzen den".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak