Laura Lakontxa: "Ez da kritika handirik entzuten Merkelen kontra"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko api. 4a, 09:22
Laura Lakontxa oñatiarra

Ekonomiaren etorkizuna ei da Alemaniako herritarren kezka nagusia eta hango Gobernua hasita dago laguntzak ematen. Munich-en bizi den Laura Lakontxak eman dio GOIENAri Alemaniako egoeraren berri.

Zerbitzuak eta ikastetxeak itxita eta ahal duenak etxetik lan egiteko gomendioa dute Alemanian, baina egunero atera daitezke kalera kirola egitera, adibidez. Etxekoekin bakarrik atera daitezke, eta ez taldetan. Jende asko ateratzen ei da paseora edo parkeetara kirol ariketak egitera.  "Esango nuke nahiko egoera lasaian ari garela pasatzen ezohiko egoera hau; bai, behintzat Italiarekin alderatuz. Angela Merkelek esan zuen alemaniarren %70ek izango zutela COVID-19 gaitza, eta, kanpoaldean kritikak izan baditu ere, hemen ez da horrela izan. Egia esan, ez da kritika handirik entzuten Gobernuak hartutako erabakien inguruan", dio Munich-en bizi den Laura Lakontxa oñatiarrak. "Hemengo agintarien nahia da egoera ahalik eta gehien luzatu piko handirik sortu barik, ondorioz ospitaleetan tokia egon dadin", gaineratu du.

Ekonomiaren etorkizuna ei da herritarren kezka nagusia eta Gobernua hasi da laguntzak ematen, esaterako enpresa txikiei. "Komertzio txikiak eta dendak itxita daude, tabernak ere bai. Baina herritarrek horietan kontsumitzeko deia ari dira babesten eta zabaltzen sare sozialen bitartez. Jatetxeak edo tabernak itxita daude, ez dute bezerorik baina beraiek lanean daude barruan eta noizean behin etxean jateko bazkari edo afaria taberna batean enkargatzea da proposatzen dutena, adibidez; gero beraiek ekartzen dizute etxera. Guk esaterako, auzoko liburu denda batean enkargatu ditugu liburuak; itxita dago denda berez, baina horrelako eskariak betetzen dituzte", azaldu du oñatiarrak.

Munich kanpoaldeko enpresa bateko langile bat izan zen positiboa eman zuen Europako lehenengoetakoa. "Enpresa guztia desinfektatu zuten, langileak etxera bidali zituzten eta euren seme-alabak ikasten zuten ikastetxeak itxi. Azkar jokatu zuten", dio Lakontxak. "Ekialdeko herrialdeetatik zetozenak berrogeialdira bidaltzen aspaldi hasi ziren. Aratusteetan, esaterako, jendeak ohitura du Tirolera joateko, eta hara joan zirenak ere berrogeialdian egon ziren", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak