Jardunaldien egutegia aurrera eraman gura du Oñatiko Eskola Kirolak eta ekintza desberdinak planteatu ditu.
Zeintzuk dira ekintza horiek?
Desberdinak izango dira astero. Aste honetakoa, esaterako, da lehenengoa eta zapatuan duatloia egitekoak zirenez, ba duatloia izango da erronka.
"Gure helburua da herritar denengana heltzea eta horretan ari gara ahalegintzen, ikastetxeen laguntzarekin"
Eta nola egitea proposatzen duzue?
Era birtualean, noski. Gure webgunean jarriko ditugu astero gure asmoak eta zer egin eta nola azaltzen duten testuak. Posible da gaiari lotutako bideoak ere eskegitzea, aste honetan moduan, ideiak emanez edo kirol hori nola etxean nola praktikatu daitekeen erakutsiaz. Gainera, beti ez dauka zertan kirola izan behar. Hau da, duatloia da gaia, baina agian norbaitek marrazki bat egin dezake gai hori hartuta, edo abesti bat sortu edo argazki bat partekatu. Gure helburua da egoera berezi hori probokatzea eta disfrutatzea.
Zer egin behar da parte hartzeko?
Astero jarriko dugu erronka bat eta izen-ematea zabalduko dugu. Jendea apuntatu egingo da eta gura duenak bere emaitza bidaliko digu guk hori sarean zintzilikatzeko.
Nola otu zitzaizuen ideia hau?
Ikusten dugu mezu mordo bat ari zaizkigula heltzen toki guztietatik etxean egon behar dugun sasoi honetan egiteko. Eta pentsatu genuen aholkuak eman baino, ekintzak planteatzea hobea izango zela.
"Gizatiarragoa den gizarte bat lortzea izan behar da egoera honen ondorioetako bat"
Nola ari zarete prestatzen?
Ikastetxeen laguntzarekin orain ere. Ikastetxeetan dauden Eskola Kiroleko monitoreak lan eta lan ari dira. Beste ikasgai batzuetako irakasleek materiala bidaltzen duten moduan, Eskola Kirolekook ere proposamenak egitea gura dugu. Ikasleekin dabiltzan monitoreak gazteak dira, ideia pilo bat dituzte, eta horiek aprobetxatu eta elkarbanatu gura ditugu herritarren artean. Eta hori da proiektu honen beste erpin eta erronka garrantzitsu bat: gura dugu denendako izatea. Eta moduak bilatzen ari gara ordenagailurik edo konexiorik gabe dauden herritarrengana ere heltzeko. Ikastetxeek lokalizatuta dituzte, gutxi gorabehera, nortzuk diren horrelako egoera batean egon daitezkeenak. Eta saiatzen ari gara oztopo horiek gainditzen eta konponbideak bilatzen. Izan ere, itxialdi honetatik aterako dugun ondorioetako bat izango da gizatiarragoa izango den gizarte bat behar dugula. Eta denok ahalegindu behar gara horretan.
Eskola Kiroleko filosofiari jarraituz, beste aholku batzuk ere eman gura dituzue, ez bakarrik kirolari lotutako erronkak.
Bai, mugimenduari besteko garrantzia ematea beste jarduerei ere: etxeko ohiko rolak aldatzea jolastea, pantailen aurrean ordu asko ez igarotzea, gelak aireztatzea, atseden hartzea eta etxekoekin egoten disfrutatzea. Askotan kexatu izan ohi gara etxekoekin egoteko denbora gutxi izaten dugula, ba orain da aukera horretaz disfrutatzeko.
"Edozeinek har dezake parte honetan. Egitasmoak ez du mugarik, ideiek ez dute mugarik"
Zein da hurrengo asteko erronka? Pentsatu duzue?
Eskalada eta herri kirolak. Gainera, Aloña Mendiko eskalada saileko kideekin eta Herrik Kiroletako Federazioarekin ere hitz egingo dugu gure ideiaren berri emanez, zabaldu eta kolaboratu gura badute, horretarako aukera emanez.
Oñatiko mugak zeharkatuko dituen egitasmoa da, beraz?
Bai, bai. Edozeinek parte har dezake, izan Oñatikoa izan Japoniakoa. Egitasmoak ez du mugarik, ideiek ez dute mugarik, eta erronka hau guztiei zuzendutakoa da.
Nola helarazi diezazuekegu egindakoa?
Hauxe da gure helbidea: oinati.eskolakirola@gmail.com. Zalantzak ere galdetu daitezke hor.