Balkoietan jartzeko landareak zein lursailetan landatzeko zuhaitzak eskaini dituzte Oñatiko zuhaitz azokan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mar. 7a, 18:05

Foruen plazan egin da goizean azoka

Zazpi landare eta zuhaitz mintegi izan dira goizean Oñatiko zuhaitz azokan, eta euria egin duen arren, salmenta ez da hain txarra izan.

Euskal Herriko zazpi mintegi edo ekoizle izan dira Oñatiko Foruen plazan gaur goizean eta denetariko eskaintza egon da: batzuk landare ornamentalak, basoko zuhaitzak eta fruitu arbolak ekarri dituzte. Ukenduak edo kremak egiteko landareak, landareekin egindako kosmetikako produktuak edo barazkien landareak zituzten postuak ere bazeuden. "Batek, esaterako, bertako sagarrondoak hartu, basatiak, eta euren sustraiak erabiltzen ditu bertako barietateak txertatzeko. Ondorioz, kalitatea hobea izaten dute eta iraupena ere luzea dute, 100 bat urte irauten dute. Aleka izeneko proiektua ere etorri da, Euskal Herriko hazi ekologiko bakarra ekoizten duena", dio Aimar Uribesalgok, azoka antolatu duen Oñatiko natur eskolako kideak.

Etorri direnetako batzuk aspaldiko ezagunak dira Oñatiko zuhaitz azokan. Batzuk hasieratik etortzen dira, esaterako Zaldibartik eta Tafallatik datozen mintegi bana. Beste batzuk, aldiz, lehenengo aldiz etorri dira gaur, Arrasateko Ekoudalatx, esaterako. "Bagenuen gogoa etortzeko. Aisialdiko ortuetan ikastaroak eman izan ditugu baratze ekologikoari buruzkoak, eta udalak antolatutako ukendu ikastaroak ere urte baten baino gehiagotan eman ditugu. Azokara, baina, aurten etorri gara lehenengo aldiz. Eta oso pozik gaude, oso gustura, bai. Jende asko gerturatu da, eta pozik gaude", diote Nerea Altunak eta Idurre Arangurenek.

Azokara hurbildu diren herritarren artean, etxe edo balkoietan loreak jarri gura dituztenak zeuden batetik, eta lursail batean landatzeko fruta-arbolak edo beste zuhaitz mota bat erostera joan direnak bestetik.

Aurtengo zuhaitz eta landare azoka ere Natur Eskolak antolatu duen ingurumen jardunaldien barruan egin da. "Bete betean joan dira jardunaldia. Jende asko ibili da. Erakusketan, adibidez, 6 eta 16 urte urte bitarteko herriko ikasle denak etorri dira. Eta horiez gain, nagusi asko izan dira. Hitzaldietara ere etorri da jendea, 40 eta 100 herritar bitartean izan dira batean edo bestean. Egia esan herritarrek beti erantzuten diote ondo ingurumen jardunaldien eskaintzari, erakargarria egiten zaie", dio Uribesalgok.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak