Astelehenean hasiko dira Ingurumen Jardunaldiak

Maialen Santos 2020ko ots. 14a, 11:08
Kultura etxean jartzen ari diren hiri-biodibertsitateari buruzko erakusketaren parte.

Natur Eskolak antolatutako jardunaldietan bi arlo nagusi jorratuko dituzte: batetik, hiri-biodibertsitatea eta bestetik, ingurumenarekin lotutako borroka, problematika eta erronkak. Egitarau oparoa antolatu dute; tartean, erakusketa, hitzaldiak eta irteera.

Natur Eskolako arduradunek datozen asteetarako antolatu dituzte Ingurumen Jardunaldiak. Bi gai nagusiren bueltako ekintzak egingo dituzte: hiri-biodibertsitateari "garrantzi berezia" emango diotela azaldu du Aimar Uribesalgok, arduradunetako batek: "Gurekin bizi diren espezieen ingurukoak ezagutzera eman nahi ditugu". Horretarako, astelehenetik martxoaren 8ra bitarte erakusketa jarriko dute kultura etxean, eta, publikoari zabalik egongo den arren, bisita-gidaturen bat egingo dutela azaldu du Uribesalgok, "azalpenez lagunduta", erakusketa ikustea lagungarria dela iritzita. Astelehenean bertan inauguratuko dute espazio hori; 18:30ean.

Ingurumen borroka, erronkak eta problematika ere landuko dituzte jardunaldietan zehar; esaterako, Lemoizko zentral nuklearraren harira sortutako gatazka, "eta hori ere izango da erakusketaren parte". Ildo beretik, otsailaren 18an, Ez, eskerrik asko dokumentala eskainiko dute, Gladys de Estal militante ekologistaren hilketari buruzkoa.

Lemoizko zentralera bisita

Otsailaren 22rako egun osoko irteera antolatu dute jardunaldien baitan. Goizean Lemoizko zentralaren inguruan ibilaldia egingo dute, eta bazkalostean, Jon Betanzos geologoak gidatutako beste ibilaldi bat egingo dute, "geodibertsitatea lantzea" helburu. Irteerara joateko, izena eman behar da aurrez, eta hori "ahal bezain azkarren" egitea gomendatu dute antolataileek. Interesa duenak, natureskola@ yahoo.es helbidera mezua bidali behar du, horretarako. 

Egitarau osoa

Erakusketa

  • Otsailak 17- martxoak 8: 'Gure herrikideak: hiri-biodibertsitatea'

Hitzaldiak

  • Otsailak 18: 'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa'.
  • Otsailak 19: 'Mundu mailako ingurumen aktibisten errepresioa eta erahilketak'.
  • Otsailak 21: 'Biodiversidad urbana. Su manejo y conservación en edificios'. 
  • Martxoak 3: 'COLAPSO: capitalismo terminal, transición ecosocial y ecofascismo'.
  • Martxoak 4: 'Bai, mesedez! Egungo Ingurumen Erronkak'.

Zine kluba

  • Otsailak 20: 'O que arde'.
  • Otsailak 27: 'Capitán fantástico'.

Irteera

  • Otsailak 22: 'Lemoizko zentral nuklearra eta inguruko geodibertsitatea'.

Gainontzekoak

  • Martxoak 1: Zuhaitz Eguna.
  • Martxoak 7: Zuhaitz Azoka.
  • Martxoak 8: Zuhaitz Eguna Aloñako Lagunekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak