Bizitzak eta zaintza erdigunera eramango dituzte Selma Huxley bekari esker

Maialen Santos 2020ko ots. 6a, 13:15

Oñatiko emakumeek historian zehar Oñatiko herriari egindako ekarpenak plazaratzeko helburuarekin, Jone Arrazola oñatiarrak eta Miren Aranguren iruindarrak jasoko dute aurten Udalaren Selma Huxley Barkham beka.

Izaro Elorza alkateak adierazi duenez, "kalitate handiko" lau proiektu-proposamen jaso dituzte, baina Arrazolaren eta Arangurenen proiektua aukeratu du epaimahaiak. Hala, 18.000 euroko diru-laguntza jasoko dute, eta hemezortzi hilabeteko epea izango dute 'Bizitzak erdigunean. Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista 1950-2020' izeneko lana hasi eta amaitzeko. 

Miren Arangurenek azaldu duenez, gaur egungo zaintza lanak "sinesmen patriarkaletan" oinarrituta daude. Arrazoi horregatik, zaintza lanei eta batez ere urteetan horretan jardun duten emakumeei aitortza egin nahi diete proiektuaren bitartez, "zaintza lanak gutxietsi egin direla" iritzita. Zehazki hiru helburu bete gura dituzte lanaren bitartez: emakume zaintzaileek egin duten lana aitortu eta ezagutzera ematea, garai bakoitzeko zaintza lanen ezaugarriak zeintzuk izan diren aztertzea eta, azkenik, ateratako ondorio horiek "etorkizuneko perspektiban" jartzea –aurrera begira hobetzea helburu–.

Lana aurrera eramateko dokumentazio lana egingo dute lehenengo eta behin. Horren ostean, testigantzak biltzeko elkarrizketa ugari egingo dituzte. Aurreratu dutenez, talde eztabaidak egiteko asmoa ere badute; zaintzara dedikatzen diren emakumeek zein zaintzak jasotzen dituztenek horiek nola baloratzen dituzten jakiteko helburuz. Behin informazioa batuta, testigantza eta argazkietan oinarritutako liburu bat sortuko dute. 

Bekaren onuradunek azaldu dutenez, gaur egun zaintzeko dugun modua beste batzuen "eskubideen urraketan" oinarritzen da, eta horretaz hausnartzera bultzatu gura dute Oñatiko herritar oro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak