Turismoko plan estrategikoa abiatu du Oñatiko Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 21a, 10:08

Turismoan egon diren aldaketetara egokitzeko egingo dute plan hau, Beinke enpresarekin, Lourdes Romano oñatiarrak gidatuta. Maiatzera bitartean lehen fasea egingo dute, diagnostikoa. Bi topaketa egingo dituzte sektoreko eragileekin.

Sektorearen diagnostikoa eginez ekingo diote plan estrategikoari. Lehen fase honetan gaur egungo turismo egoera aztertuko dute. Txosten bat egingo dute herriko  baliabideekin eta datozen bisitarien perfilekin, eta emaitza horiek zehaztu egingo dituzte, bigarren faserako oinarriak jarri eta lanean hasteko. Turismoko eragile guztiak hartuko dituzte kontuan eta sektorearen ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak aztertu.

Plan estrategiko hau egiteko Beinke enpresa kontratatu du udalak eta Lurdes Romano oñatiarra izango du buru. Oñati izan zen barne aldeko lehen herrietakoa turismoa bultzatzen eta Romano izan zen Oñatiko lehen turismo teknikaria. Foruen plazako arkupetako lokal batean egon zen lehenengo turismo bulegoa Oñatin, gero poltsa denda egon zen tokian; handik gaztelekura eraman zuten, eta hango bulegoan ere egin zuen lana Romanok. Otsailean egingo ditu 24 urte Oñati utzi zuela eta harrez gero Oñatin abiatu duten moduko proiektuetan ibili da lanean Beinke enpresarekin, adibidez, Añanan, Urola Kostan, Zumaian eta Gasteizen.  Berriena, abenduan bukatutakoa, Urdaibain.

Oñatiko Udalak bermetzat du halako esperientzia duen teknikaria oñatiarra eta Oñatiko turismoa ondo ezagutzen duen profesionala izatea. Lourdes Romanorendako berriz, erronka berezia, baina pozik dago, sektorearengan eragina duten adar guztiei heltzeko prest.

Turismoaren plan estrategikoa agintaldi osoan landuko duten gaietako bat da Udal Gobernuarendako. Maiatzera bitartean lehen fasea, diagnostikoa, egingo dute. Abendura arteko tartean, ekintzak finkatuko dituzte; sektoreko eragileekin bi topaketa egingo dituzte horretarako epe horretan. Datozen urtetan, ekintza zehatzendako diru partidak sartuko dituzte urtean urteko aurrekontuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak