Balorazio positiboa egin dute pOz ekimenaren sutatzaileek. "Proiektu polita daukagu esku artean eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrak erdigunean jarri eta ongizatea bermatzea. Ohitura osasuntsuak eta kirola uztartzeko ekimen hau aldarrikatu gura dugu", adierazi du Kirol zinegotzi Maite Antonek.
Datu onak dituztela eskuartean ere konatu du pOz ekimeneko orientatzaile Beñat Agirreurretak: "Guregana etorritakoen %70a martxan dabil. Praktika autonomoa egin gura izan dute, baina esan beharra daukat arriskua ikusi dugula autonomia horretan eta taldekako ekintzak bultzatu gura ditugula. Izan ere, pertsonen aktibotasuna maila aktibatzeko talde lana da gakoa".
Generoari dagokienez, nagusiki, emakumezkoek jo dutela zerbitzu honen eske azaldu du. "Emakumezkoak dira %78a; eta gure helburua da parekidetasuna lortzea. 2020ra begira zerbitzua zabaldu gura dugu gainera eta 40 urtetik gorakoen aktibotasuna bultzatu".
Ongizatea hobetzeaz gain, gizarte harremanetan ere ondorio positiboak ondorioztatu dituzte. "Diziplina eta motibazioan eragiten du eta zerbitzuaren indibidualizazioa eta eskaintzen zaien arreta pertsonala asko eskertzen dute erabiltzaileek", azaldu du Kirol teknikari Rosa Mondragonek.
Prebentzio lana
Hala, 2020ko urtarrilaren 7tik aurrera, 40 urtetik gorako pertsonei ere zerbitzua eskainiko zaie. Oñatiko Osasun etxeko Kizkitza Alustizak prebentzioa dela gakoa aitortu du: "Orain arte 70 urtetik gorakoekin lan egin dugu; orain 40 urtetik gorako pertsona sedentarioekin ez ezik, gaixotasun kronikoak eta ez kronikoak dituztenekin ere lan egingo dugu. Prebentzio lana ere egin gura dugu izan ere, elikadurarekin batera kirola egitea ezinbestekoa da-eta".
Gainera, etxez etxeko zerbitzuaren baitan, etxerako zerbitzua eskaintzen jarraituko dute. "Erorketak saihesteko edota menpekotasunei aurre egiteko helburua dute". Horregatik, etxez etxe dabiltzan langileei hilean behin formazio saioa emango zaie beraiek etxeetan ariketa fisikoa lan dezaten.
Preferable ekimena
Mugiment proiektuaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Preferable ekimena sustatuko du Oñatin, Udalaren laguntzarekin batera. "Onkologikoarekin batera egingo den Europako ikerketa batean parte hartuko dugu. Bularreko minbizi-metastasikoa duten Gipuzkoako herritarrei zuzendua dago", adierazi du Diputazioko ordezkari Maria Jose Paredesek. Hala, Onkologiako ikerketan 22 emakumek parte hartuko dute. Gure fitnes zerbitzura bideratuko ditu Onkologikoak. Bi urtetan zehar, astero bi saio egingo dituzte; ondoren ebaluazioa egingo zaie garapena ikertzeko. Arrasate eta Bergarak ere parte hartuko dute ekimenean", argitu du Rosa Mondaragonek.
Sentsibilizazio kanpainak
Ohitura osasuntsuen aldeko kanpainak egingo dira abenduan. Hala, abenduaren 5ean, haur eta gazteen artean Eskola Kirolarekin elkarlanean, ohitura osasuntsuen inguruko gomendioak eskainiko dituzte Markel Irizarrek eta Amaia Diaz de Monasteriogurenek. Kultur etxeko zine aretoan izango dira: 09:30ean, DBH1; 11:00etan, DBH2; eta 15:00etan LH6.
Abenduaren 11n, aldiz, zine aretoan 18:30ean, El secreto oculto de tu sabor hitzaldia eskainiko du Imanol Ibarrondok.