Txistularien saioak ere 'matinee'-ak izango dira

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urr. 25a, 10:04

Aaita Madina txistulari taldeko txistulariek urte luzez domeka arratsaldeetan eskaini dituzten erromeria saioak eguerdietan izango dira aurrerantzean. Aste honetakoa izango da lehenengoa, etzi, domeka, 12:30ean, kontzejupean.

Udazken eta udaberri bitartean erromeria saioak eskaini izan ditu urteetan Aita Madina txistulari taldeak Foruen plazan domeka arratsaldeetan. Hemendik aurrera, baina, domeka eguerdietan, 12:30ean, izango dira saio horiek.

Azken urteetan gero eta jende gutxiago ikusi dute herriko plazan ordu horretan, eta saio horiei buelta nola eman pentsatzen hasi ziren. "Jendearen ohiturak aldatu egin dira, batetik, baina, bestetik, txistulariok ere ez gara asko eta taldeak mugatuak ditugu. Gainera, urtean zehar suertatzen zaizkigun konpromisoak gehitu behar zaizkio horri; aurten, esaterako, 40tik gora. Guztiak izan du eragina aldaketan", dio Aitor Madina txistulariak.

Aldaketarekin pozik dago bera, txistua plazan entzuteko ohiturak jarraitu egingo duelako Oñatin, baina ohartarazi du ezingo dutela egutegi finko bat bermatu: "Guk beste konpromiso batzuk ditugulako edo Foruen plazan ekitaldiren bat dagoelako, adi-bidez, baina hiruzpalau astean behin izango da, domekaz, kontzejupean, eta 12:30ean".

Aitor Madina: "Urteetako ohitura ez da orain etengo, eta pozik gaude"

Lehen danbolinteroak; orain musika bandak edo txistulariak, baina urte asko dira domeketan musika eskaintzen dela Oñatiko Foruen plazan. Formatua edo ordua aldatu arren, Aitor Madina pozik dago ohiturak jarraitu egingo duelako.

Diozu urte askoko ohitura dela domeketan musika egotea Oñatiko plazan. Noiztik dator ohitura hori?

Mendeak, esango nuke. Eta mantendu egin da ohitura hori Oñatin. Esango nuke Gipuzkoako herri bakarrenetakoa dela, bakarra ez bada, txistularien saioak egiten jarraitzen dutena. Duela 28 urte etorri nintzen ni hona eta orduan ere egiten ziren. Zorionez, ohitura ez da orain etengo. Ezta tokia ere. Formatua eta ordua aldatu dugu. Agian, urte batzuk barru, beste aldaketa batzuk egin beharko dira, aldaketek beste aldaketa batzuk egon arte irauten dute eta. Gu ahaleginduko gara mantentzen.

Kontzejupea da tokia?

Bai, hori da txistularion tokia. Batzuetan, tokatu izan zaigu hortik mugitu beharra, beste ekitaldi bat dela-eta bestelako musika bazegoelako plazan, baina gure tokia horixe da, eta izan da historikoki, eta horri eutsi gura diogu. Saiatuko gara emanaldi guztiak kontzejupean egiten.

Nolako piezak joko dituzue?

Erromeria saioak iluntzeetan izan diren saioetan, dantzarako piezak jo izan ditugu gehienetan, umeei zuzendutakoak. Orain, denetarik joko dugu: dantzak, fandangoak, arin-arinak, polkak eta beste pieza mota batzuk ere bai.

Zenbat txistulari zaudete Aita Madina taldean?

Taldean bost gara, ofizialak. Tarteka, egun puntualetan, kanpotik ere etortzen dira eta gurekin batera jo. Musika eskolan ere ari dira gaztetxo batzuk txistua jotzen ikasten, baina zaila da. Ez dago ikasle asko; egun, beste musika tresna batzuk aukeratzen dituzte musika ikasleek. Gu ahalegintzen gara gurea erakusten, baina ikusiko dugu.

Konpromiso handia eskatzen du txistularia izateak? Asteburuetan izaten dira ekitaldi asko, bai, eta musika tresnaren bat ikasten ari diren ikasle horiek bestelako konpromisoak ere badituzte; kirol ekitaldiak, esaterako.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Egun, badaude eta mantentzen dugu taldea, etorkizuna ikusiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak